« Ehun urte behin-behinekoak | Ur-lasterrak »
Gu gabe ere / Itziar Ugarte Irizar / Susa, 2021
Gabeziaren izen ezberdinak Aitor Francos / Bilbao, 2022-04
Susaren eskutik plazaratu du aurreneko poema-liburua, Gu gabe ere, Itziar Ugarte idazle onatzarrak (1996). Kazetaritzan lizentziaduna da EHUn eta Berrian dihardu lanean, kultura sailean.
Ez dakit zer gertatzen zaidan baina Gu gabe ere bezalako liburu bat eskuartean hartzen dudan bakoitzean ezin diot tristeziari iskin egin. Aitorpen honi azalpena jartzen dion argudio bat azaltzen da tartean: gaur egun naizen irakurlea desberdina dela gazteagoa zenarekin konparatuta. Hortaz, literaturan behintzat, gupidatsuagoa naiz besteen akatsekin, edo besteengan gutxien gustatzen zaidan horrekin, eta, ostera, batez ere zirrara bilatzen dut poesian, ez bestelakorik. Analisi akademikoak alde batera utzi nituen aspaldian. Dena den, Gu gabe ere honek hurbilketa sakonago bat mereziko luke.
Liburua hartuta laster ikusiko dugu poema batzuk narratiboak direla guztiz (Apirilaren 8a, bat esateagatik); ordea, haietariko ugarik lirikotasunez eraiki ditu Ugartek, aipatutako kontakizunak hunkigarritasunez blaituz, baina kontatzeko zuena ahaztu gabe. Ez dago argi-ilun askorik, ez erretorika handirik; hitzen musikak poetaren pentsakizunari bide ematen dio lasai. Hizkera poetikoa landua da, garbia, apaindura gutxikoa; normalean prosaren mugatan mugitzen da. Irakurtzeko erraza, ez oso luzea, eskuetatik arin pasatzen den bilduma horietakoa, baina hau ez da eragozpena bertan Ugarte kezkatzen duten gai eta arazo gehienak agertzeko. Familiarentzako espazioa zuhur gorde du egileak, orrialde bakoitzeko historia pertsonalerako eta norberarentzako ametsetarako trasteleku bat utziko balu bezala. Poetak etxe propioaren giltza eskuan jarri eta sartzeko esan didala sentitu dut.
Helduaroaren urduria eta beldurrak, batzuetan helburu zehatzik ez duela sentitzeak, egindako bidaiak (Buenos Aires poeman esango du: “Ez zitzaidan agortzen hiria”), hartutako erabakien ondorioak, ziurgabetasunak. Zerbaitetik, atzerritik edo beste adin batetik, bueltan dagoenaren begirada dauka Ugartek. Besteen gabezian nor den bilatzen ari denarena.
Ikuspegi askotatik uler daiteke liburua, eta era berean, badauka nolabaiteko batasun eta estilo homogeneo bat, noiz edo noiz bakarrik, poema gutxi batzuetan, aldatzen dena. Ironiarekin badaki jokatzen Ugartek, eta ondo baino hobeto. Eta xehetasun txikietan jartzen du itua. Oso familiartekoa da eszenatokia, etxeko gauza arruntek “eta aipatuko dituen plazer txikiek” eutsiko dutena, Limoizko izozkia poeman irakurriko dugunez: “Plazer txikiez / hitz egiten jardun duzu gaur / urrun heltzeaz / inora mugitu gabe / ‘igande bazkaloste argitsuan / gorputzak sofari amore emanda’ / asko behar ez izateak / errazten duela zoriona, diozu (…)”. Edo Kea poemaren hasieran, bestela: “Larunbat gaua. Erruz ari du euria kalean / eta hozten utzi dugu afaria aurrean. (…)”.
Belaunaldi berri bat da hau, eta aurrekoekin konparatuta, ardura eta egonezin ezberdinak dira aurkezten dizkigutenak poeta hauek, 90 amaiera eta 2000koek. Nabari zaie gaietan, eta denbora igarotzearen zentzua ikusteko eran. Baina Ugarteren kasua ezberdina da: gaztetasun hori alde batera uzten du askotan. Badu Ugartek Iragana gainditzeko gogoa. Bilbo poeman, honela adierazten du: “Zerbait ari zen gertatzen / hogei urte ez oraindik / eta den-dena aurretik/ gu ginen geure bila”. Lortuenak, halere, poema laburrenak dira, nire iritzian. Atotxa bezalakoetan Karmelo Iribarren ekarri dit gogora: “Andre oso zahar bat / geratu zait begira gaur/ elizara sartzera zihoala / makurmakur gorputza, ilea / laino saretu baten tankeran / “bere zer geratzen da nigan?”. / Organo hotsa heldu zait / gizon batek atea ireki / dionean. Eta oihartzuna:/ non bilatzen dudan nik / berak han topatzen duena”. Gauza bera, labur-labur, Maitatzeak poeman: “Ohe ondoan kandela bat / piztuta utzi / eta ur bila altxatzearen / antza du maiz / ez ote den leihotik / haize fin bat sartuko / ez ote duzun itzuleran / dena / sutan topatuko”.
Abiadura desberdinak sentitu ditut liburuan. Eta kontzientzia hartze bat. Irakurtzerakoan konturatuko gara absentzia asko dagoela liburuan, atzean geratu diren bizipenak, pertsonak eta lekuak betetzen duten horiek. Gauzak “sentipenak barne” metatu zaizkio eta irteera eskatzen diotelako. Argazki bilduma bat modukoa da azken finean. Zeren babesleku ote dira denbora-argazki horiek, zer nolako mina dute atzetik? Etsi ez duenaren mina da Ugarterena. Elkarrizketa batean, honela azaldu du: “Gustatzen zait memoria orainetik definitzea”. Osterantzean, egunerokotasunak nahikoa ez balira bezala, Ugartek desirak eta irrikak zer biziago egingo lukeen senaren bila dabil bertsoetan, Hitzen gogoa poeman adierazten den moduan: “eta ezin jakin / zerk ematen dion / zentzua zerk / zein den benetan / hainbeste / hitzen gogoa”. Memoriari forma eman dion espazio intimoak du garrantzi gehien liburuan. Iraganeko oihartzunak etortzen zaizkio bateratuak. Eta, haiekin, idazlearen mamu pertsonalak indartuz doaz. Mamuak poema bikainean ezin hobeto esango du: “Mamuak nireganako zure minak.” (…) / “Mamuak hil-kanpaiak dakartzaten telefono deiak.” / Mamuak heldu ezin diren egunak. / Mamuak heldu ez zirenak. (…) Mamuak norberak erauzitako hegoak. / (…) Mamuak etxeko orbanak. (…) / Mamuak bakardadearen begiak. / (…) Mamuak gure garaiaren protagonistak. / Mamuak hitzak. / Mamuak izendatu ezinak”.
Haustura handirik gabeko poesia da Ugarterena, ez du horren beharrik. Berrikuntza ez dago nahitaezko apurketa formaletan. Idazleak soilik ditu hitzak defendatzeko. Itxuraz arruntak diren mementoei gardentasuna eman die, hurbilekoak egin.
Gu gabe ere honekin Itziar Ugartek ibilbide literarioari era indartsuan ematen dio hasiera, hitz sendo eta mardulekin. Seinale itxaropentsua. Azken batean, liburu delikatu bezain txukun batez ari gara, geruzaz geruza gehiago erakusteko gai dena. 57 poema guztira. Dena argitsu, iluntasuna atzetik badauka ere. Dena liluragarri.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres