kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Infinitua ihi batean / Irene Vallejo (Fernando Rey) / Pamiela, 2021

Oi liburu, ene maitale eder hori! Hasier Rekondo / Deia, 2022-03-26

Liburuen gaineko liburua. Liburutzarra. Iniziaziozko bidaia baten gaineko entsegu erabat erakargarria. Zuhaitza baten adarrak bezala hedatzen den liburu totemikoa. “Eta nire maitasunak zuhaitz gazteetan grabatu; haziko dira zuhaitzak, eta haiekin batera zuek hasiko zarete, nire maitasunok”,Virgilio. Pamiela argitaletxeak uholde latzak jasan ondoren, kasik txiripaz jaso nuen alea nire posta buzoian, ordutik aurrera nire bizitzaren parte funtsezkoa bilakatu da liburu hau, infinitua bezala.

Ustekabe editoriala izan da antza denez liburu honen ibilbidea, eta ez da harritzekoa eta harritzekoa da. Ez da makala Irene Vallejok (Zaragoza, 1979) saiakera honekin erdietsi duena: prosa fin eta soil baten bidez, lehen pergaminoetatik hasi eta gaur egun arteko internet sareetan buka, zibilizazio ezberdinen gaineko erradiografia historiko, politiko, soziologiko, kultural baten edo ororen testiguari egindako gorazarre etikoa eta estetikoa.

Ez dira izan garairik gozoenak nik neuk bizitakoak liburua eskuartean izan dudan unekoak. Izan ere, liburua jasotakoan, Txernobyl inguruko herrixka batean biz den Sasha Musienko gaztea etxean genuen gure artean, liburua amaitzean ordea, bonbapean jarraitzen zuen okupatutako zonalde batean. Terapeutikoa bainoago, sasoi latzak igarotzeko bidaide izan dut Vallejok paratutako maisulana.”Batzuek diotenez, zaldizko tropa bat da / lur ilunean dagoen gauzarik ederrena; / beste batzuentzat berriz, infanteriazkoa; / eta besteen arabera itsasontziena; niretzat, ordea, norberak maite duena”. Safo.

Vallejok, soberan duen erudizioaz harago, badu etxeko marka pertsonal bat obra osoan zehar gailenduko dena: objektu intelektualaren bilakaera historikoaz diharduen bitartean, etengabeak eta ezin hobeto ekarriak dira egungo errealitate sozialera eta haren kontraesanetara egindako ekarpenak. Halaber, liburu eruditua eta erakargarria izanagatik, ez du falta ikuspuntu kritikoa, bai Greziako gizarte idealizatuarekin, zein erromatarrekin edota egungo inperio ekonomiko ezberdinekin.

Beste iruzkin bat edota milaka mereziko luke Fernando Rey itzultzailearen lanak. Reyren kasuan, itzulpenaz harago, sorkuntza lan neurtua bihurtu du euskarazko bertsioa, gaztelaniazkoa beste modu batera irakurtzeko tresna aparta eskaini digu hizkuntza biak ala biak erabiltzen ditugunoi.

Papiroen, eskuizkribuen, liburutegien etab. luze bati egin gorazarre pertsonala izanagatik, akademiatik apur bat aldenduta, Vallejoren bizitzako oroimenak eta oso erreferentzia pertsonalak tartekatzen baitira, ez da inondik inora gorazarre idealizatu bat, ohiko izan ohi den legez.

Vallejok ez baitu aukerarik galduko, zenbait eliteen botere-artefaktu bilakatu zenean, liburuaren errealitatearen gazi-goxoak erakusteko. Besteak beste, Homeroren Odisean ohikoak ziren noblezia patriarkalaren aldeko ideiak, emakumeen zapalkuntza eta isiltzea literaturaren historian zehar, esklaboen egoera bai Grezian zein Erroman, liburuen erreketak, zentsurak eta erailketak liburuen egile eta inprimatzaileen kontra etab. Halere, liburuenganako maitasun kasik erotikoa gailenduko da gozadera inplosibo bat eraikiz. Maite duguna baita gauzarik ederrena mundu ilun honetan.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak