« Bat, bi, hiru: Irati Jimenez literaturaz | Kosta ahala kosta »
Euri zitalari esker / Itxaro Borda / Susa, 2021
Kanpoko egurrak sua ezin egar Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-02-13
Sarrerako aitormena
Kazetari —izan— ez banintz, detektibe izan nahiko nukeen. Egiari zor, bi ofiziook elkarren eskutik doaz, kazetaria eta detektibea elkarren ondoan dabiltza. Kazetari izatera berant samar heldu nintzen eta detektibe izateko… Zer erranen dizut, bada? Berant edo! Egiari zor hau ere: munduaz jakin eta berau deskribatu alderako jaidura izanez gero, logikoena litzateke nobela beltza gehiago irakurri izana. Ez duzu horrela, ordea!
Jon Alonsoren Lanbas pertsonaia ezagutzen dut, detektibea bera ere. Haren ibiliren arrastoan gozatu dut, gozatu dudanez. Dolores Redondoren Amaia Salazar ez dut ezagutzen eta Amaia Ezpeldoi ezagutu berri dut. Pentsa, Euri zitalari esker nobelagile honen seigarren entrega duzu. Alegia, deus ez! Tira, ez da sekula berant!
Sinopsia
Nire sakeleko sinopsia, hots. Amaia Ezpeldoi detektibea, Itxaro Bordaren alter egoa duzu. Ez dira bera arras. Alter egoa ez duzu norberaren bera arras, prefosta. Amaia homosexuala da, ez da heteroa alegia. Joana Garralda da bere bikotekidea. Ezpeldoi Baionan bizi da, eta, inguruan urte luzetan jardun ostean, Atharratzen finkatu dute erretretarako egoitza: baserria. Bizitoki aparta. Alabaina, erretretara pasatzeko zailtasunak ditu Ezpeldoi andereak; jubilazioa behar du ordea. Hots, tristura uneak uxatu eta irusago bizi nahi du, hartara Joana bera ere irusagoa izanen baita.
Alta bada, diharduen mundu likits hau gibelean laga aitzin, desagertu den Maddi izeneko emakume baten peskizan ari —behar— duzu detektibea. Desagertuaren amak kontratatua, emakume hastiala. Ezpeldoik jende anitz inguratu ditu xede horretan, xedera franko bidean dituela. Pertsonaia horietako asko aurreko istorioetan agertu izan dira jada. Oraineko narrazioan iraganeko erreferentzia pila dituzu. Protagonista nagusiari etorkizun loriatsuaren mentura jalgitzen zaio. Erran nahi baitut, nobela hau postumotzat jo genezake. Baina ez sinetsi hori. Amaia Ezpeldoi ez da hilik, are gutxiago hilik Itxaro Borda izan ere.
Ezaugarriak (I)
Amaia Ezpeldoiren ezaugarriez ari nauzu. Ama agertzen zaio sarri pentsamenduetan, aztoratzeraino agertu ere. Aita ere bai, baina bertze gisa batez. Bere haurtzaro-nerabezaroan dago bere aiurriaren hazkurria, bere izaeraren behin betikotasunaren ezaugarriak. Ez da horregatik pertsona arrunt berezia, gutiz gehienak, pertsonok holako jiteek osatuta gaude eta. Amaia Ezpeldoiren bertze ezaugarri bat —ezaugarri-eza erranen nuke— bere fisikoaren deskribapen eza da. Ez du bere burua maite, antza. Ez bere fisikoa, bederen. Ez da bere buruaz harro. Alabaina, anitzetan, gure harroa sustut inarrosten duen aire batek karakterizatzen gaitu, hau da, harrotasun ezak berak. Horixe duzu, ene usteko, Amaia Ezpeldoi.
Ezaugarriak (II)
Euri zitalari esker izenburuak Itoiz taldearen kanta bateko ahapaldi baten lerroa duzu. Amaia Ezpeldoiren nondik norakoak seinalatzen dizkigu: Eremuko dunen atzetik dabil / Zulo urdin guztiak miatu ezinik / Eta euri zitalari esker bizi da… Basamortuko dunak ez dira iraunkorrak, ezta Amaia Ezpeldoiren ibilerak ziurrak ere. Zulo urdinak izan ezik, jendarteko zulo beltzak arakatu ohi ditu. Erran nahi baitut, kritika soziala egiten duela. Iparraldeko nola Hegoaldeko gizartearenak; bide nabarrez eta bidenabar, 50 urte luzez iraun izan den ETAren inguruko jendeari buruzko zertzeladak emanez. Hitz labur saminduetan erranez, Amaia Ezpeldoi euri zitalari esker bizi da. Jendartean ezarritako esanen kontra, bere kontraesanak astindu beharrez.
Ezaugarriak (III)
Ezaugarri hauek gizartearen izanaz harago, etikaz harago, estetikari buruzkoak dituzu: hasteko eta behin, ene oniritzian, Itxaro Bordaren emana, narratzaile gisara, baitezpadakoa da, itzela, alimalekoa. Eta hala izanik ere, ene gustuko ez da ontsa ustiatua. Hori erranik, kontuan har ezazu ez ditudala aintzakotzat hartu aurreko bost nobelak, irakurri barik ezin dut hartu eta. Beraz, nire gustua, uste zulo batean funtsatuta dago edo egon liteke. Edonola den ere, zintzoa izan nahiz edota sintzero izan aldera, hona aburu bat: Itxaro Bordak ez dio narrazioari ematen poesiari damaion tornuia, ez dio ateratzen haren distira. Ez dut uste ahalmen eskas kontua denik, bere hautua delakoan nago. Hala ote? Bere eleen kapitala gaitza da, are zitala da, bagaje izugarria. Ni, bera banintz, aukeran, bere maleta eta kofrean daraman mineral gordina “amiñi bat gehiago” finduko nuke aldez edo moldez. Amaia Ezpeldoiri zamatutako karga arinduko balio —ez naiz kontu etikoaz ari, nahiz hori ere, bizitza legez “egokitu” liteke— “nobela” izan ez ezik, “eleberria” litzateke. Ene gustuko, noski. Noski edota naski.
Ezaugarriak (IV)
Ni naizen kazetari honek, literatura zale honek, detektibe izateko tirria duen honek eskuara —amiñi edo— ezagutzen badu, euskalkia alors, baxenafarrera duzu. Ene harroan errana hori ere. Eta, halarik ere —irakurle hori, gabeziatzat ere har dezakezu nire hau— nobela hau irakurtzean sarri eta usu trabatu egiten naiz. Erran nahi baitut: Itxaro Bordak %100 basque nobelaren bitartez erdietsi zuen Euskadi Literatura —merezitako saria— ukan zuenean legez —barkatu nire harroa, berriz ere—, saria ontsa emanagatik, beren burua (euskal) literaturako irakurle zaletzat jotzen duten %10ak ez du Itxaro Bordaren literatura “entelegatzen”. Zurikeria zuritasuna da gaur egun, eta plantak egitea postureoa. (Euskal) literaturaren juzguaren ezaugarrietako bat duzu. Nobela honen ezaugarriez haragoko kontsiderazioak dituzu horiek. Beude.
Nobelaren tramaren ehunduraz
Nor da nobelaren narratzailea? Amaia Ezpeldoi bera ez denean, Itxaro Borda agian. Borda balizko “narratzailea” lehen atalean ari da. Bera al da? Bigarrenetik aitzina Ezpeldoi da. XVI. atalean balizko “narratzailea” ari duzu. Une batean, ordea (292. orrialdean), pertsonaietako batek honela dio:
— Ezpeldoi anderea? Bizirik zara orduan? Iratzar zaitez…
— Nor zara? Non nago?
“Lurrean eseri nintzen…”, segitzen du narrazioak, jarraitzen du kontatzen Ezpeldoik. Detektibea zuloan katibua egon da bulta batez. Alabaina, bet-betan Ezpeldoi detektibea bihurtzen zaigu narratzailea. Funtsean, nobelaren parte handienean legez. Arraroa egin zait. Bitxia.
Euskararen hautuaz
Itxaro Bordak deskribatzen duen mikro-gizartean —tipia izatea ez da gaitzesgarria— ez da berak darabilen euskara existitzen. Bistan da, hala izatea haizu duzu, faltaria plus! Izan ere, literaturak proposamenak egiten baititu, estiloaren bidez nahiz hizkuntzaren bitartez. Itxaro Bordaren eskainia haizu izan ez ezik, zilegia da. Nork bere hautua. Alabaina, erran dezadan, esplika nadin:
Egokiaz eta desegokiaz harago, hauxe auzia: euskararen egoera honako tesitura honetara iritsi da —bere bilakabidean halakoak konstanteak izan direnaz jakitun—; honelakoak entzuten ditugu euskaraz: “Lanean nago” edota “itxoiten ari naiz”. Halaber, berbarako, akademia ontzat emateko zorian omen dago “etorri da”-ren aldaera “da etorri”. Galderak inposatzen dira: zein da lengoaiaren egokiera? Marrarik behar ote? Non? Hizkuntza gauza bizia den aldetik, eztabaidagarriak betiere.
Nobela honen euskaraz, euskarari buruz
Arestian erabilitako lokuzio bat hizpide: “Guztiz gehienak” delakoaz ari naiz. Nire ezagutza motzean, “gutiz gehienak” behar luke. Ez Bordak soilik, bere kategoriako beste idazle batzuek ere erabili ohi dute “guztiz gehienak”. Iraganera egin dut: “anitz” hitza ez zen “plurala” hitzaren kidekoa bere jatorrian, baina “askotarikoa” erabili ordez, , tira, erabili beharrean, “jende anitza” entzun eta irakurtzen dugu jendeen euren pluraltasuna adierazteko. Dagoeneko eta engoitik normala da. Arauaren barnean dago behinik behin.
Itxaro Bordaren emana gaitza da. Adierazi dut jada, adieraren zentzu batez adierazi ere: gaitza. Ene hizkuntzaren bagajea areago aberasten dut bera irakurriz. Behin berriro harritzen nau, estonatzen nau, eta aldian-aldian txunditu ere bai. Txundidura hori baina, gaitza bihurtzen zait, gaitzaren beste adieran. Eramangaitza. Tirrit egiten didate honelakoek:
— … xingar xafla erretzen zebilen (zebilen?).
— … Maddiren helatu aitzin. (helatu? Zer helatu?).
— … itxoiten gaude (zain gaude, to eta no!)
— … estofatzen ari zela ematen zuen (estofatu? Sukalkia ote?)
— … antzeko kalbarioa jasanaraz zezakeela menpeko ahulagoren bati (ziezaiokeen?).
— … Komunzki generran moduan (trinko trinkotua).
— … Dulert, Amaia, egiten dutenarentzat pagatuko dute garrazki.
Azken esamolde hori hizpide: Dulert alde batera utzirik. Hizkuntzak bizi behar du, eta aitzina bolie. “Egiten dutenarentzat” kasurako: -rentzat “destinatiboa” gailendu da (“egiten duenarengatik —duena dela eta…— pagatuko dute garrazki”, behar luke?). Iparraldean frantsesaren eraginez edo auskalo zergatik, -rako delakoa (adlatibo destinatiboa) -rentzat bilakatu da, aspaldi bihurtu ere. Mendeetako jite eta bilakabidea duzu hain ziur. Hau da: “horretarako ez duzu jin behar” ordez, “horrentzat ez duzu jin behar”, erabili ohi da. Akort. Edo ez. Hala izan dadila. Baina, otoi eta arren, hegoaldetarrek ez ditzaten iparraldeko iparkeriak ekarri euskarara, ezta ipartarrek hegokeriak ekarri ere. Bon, ene (h)egoaren gura dükezu!
Amaitzeko Itxaro-n, Amaia
Dolu dut Amaia, dolumin Itxaro. Horren hizkuntza jori eta emankorra ukanik hainbeste “narridura” egotea. Izan ere, iruntzitara, horien aldean, “Kanpoko egurrak sua ezin egar” esakunearen aldean, literaturako horren onbide ukanik… Esakune hori lagin bat besterik ez duzu, horrenbeste emari gaitzaren artean. Horra “eleberri zital” honen “emari gaitza”. Hargatik edo, niretzat eramangaitza, horren altxor izarigabea izanik zuena, izanik eta ukanik, tamainako bagajea horrela astuntzea, bestela erranik, irakurketa gisa batez trabatzea.
Azkenik
Pertsonaien gainean bi ele. Bakar baten gainean baino ez, ezinbertzez eta labur beharrez. Maddiren amak Amaiarekiko duen jokamoldea sinesgaitza egiten zait. Edozein pertsonaia eraiki daiteke, eta hori ere halakoa badaiteke izan, noski baino noskiago. Zilegia dea? Prefosta! Haizu baino haizuago, aizu! Alabaina, ez zait “egokia” iruditzen Maddiren amak Amaiarekiko duen jarrera. Ez dut uste amaren pertsonaiari “egokitzen” zaionik. Bertze gisa batez, erranik, eta barka nire gogorra Itxaro: Maddiren amaren jokamolde erasokorra ez doakio —ez zaio euren arteko harremanari doitzen ez egokitzen— Amaia detektibeari.
Nobela ustez errealista honetan fantasiazko hainbat jite nahasten direla begitandu zait.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres