« Laku bat munduan | Haluzinazioaren ondorena »
Faith / Lander Garro / Elkar, 2021
Gerra eta patua Ibon Egaña / Deia, 2022-01-15
Lander Garrok Gerra txikia bere bigarren eleberrian aurkeztu zigun Xabi Ugarte mutikoa hogeitaka urteko gaztea da Faith hirugarren nobelan, urte batzuk lehenago kartzelan sartu-atera laburra egina duena, eta XX. mendeari hondar batzuk geratzen zaizkion sasoian Bartzelonara doana, ni berri bat artearen bidez sortzeko asmoz. Lehen pertsonako narratzaile horren begietatik eraikitzen du Garrok 2000 urte inguruko Bartzelonaren erretratu bat: zinema-eskolako eta arteen munduko esnobismoa, etxebizitza lortzeko trabak, hiriaren behin-behinekotasuna. Hiria eszenatoki dela, eleberriak argazkilaritza, musika edo zinemari buruzko hausnarketa-sorta zabala eskaintzen digu, Xabi eta lagunen ahotik.
Ordea, narratzaileak gaztigatzen gaitu “historiak bere gurpilean harrapatu” dituela Xabi eta familia, eta zenbait gertaera dramatiko aldez aurretik idatziak direla, “protagonistek erabakimenez baino gehiago, resignazioz onartzen dituztenak”. Alegia, ez dagoela euskal gatazka eta errepresio poliziala atzean uzterik. Hasieran memoria bezala, eta pixkanaka orainaldi bihurtzen doan iragan bezala, “gerra” lehertzen da atzera Ugartetarren bizitzan, eta protagonistarenean. Indarkeria-ekintzetan sekula parte hartu gabeko gazte errugabea, kezka artistikoak dituena politikoak bainoago, patuak darama atzera itzuli nahi ez lukeen lekuetara, 1990eko hamarkadan EAJk diseinatutako “Y taldeen” estrategia politiko-polizialaren makurrak bere larruan bizitzera. Kontraste bortitz horrek (artista-gurako argazkilaria gerra batean harrapatuta) bere gordinean erakusten du estatuaren indarkeria. Baina zalantza ere sortzen zait euskal gatazkari buruzko literaturan ez ote den sarritan desagertzen testuinguru, diskurtso zein eztabaida politikoa eta halatsu pertsonaien agentzia edo erabakimena. Faith-en ere faltan hartu dut pertsonaiaren desira politikoak, debate edo kontraesan ideologikoak arakatzea, gatazka armatua dimentsio politikoa galdu duen gerra ulergaitz bihurtzen baita bestela.
Militante arketipikoarekin bat egiten ez duen pertsonaiaren eraikuntza iruditu zait, baina, nobelaren alderdi indartsuenetakoa, ertz eta bihurgune ugariko alter egoa eraiki du-eta Garrok: haur izateari inoiz utzi ez dion gaztea da Xabi, anbiziotsua eta lotsatia, snob izatea ongi ateratzen ez zaiona. Ikuspuntu horri esker, begirada berri batetik kontatzen zaizkigu atxiloaldiko edo kartzelako bizipenak, esaterako, eta haien inguruko sentimendu eta emozio anbibalenteak. Protagonistak inguruko pertsonaiekin dituen harremanak orobat iruditu zaizkit landuak (amarekiko eta Anarekikoak bereziki), aukera ematen diotenak idazleari zehaztasunez aritzeko maitasun, jelosia, miresmen edo dependentzia bezalako sentimenduez.
350 orrialde inguruko nobela arrapaladan irakurtzeko modukoa da, bestalde. Elkarrizketa sarri eta sinesgarriek, esaldi laburrek, ahozkotik hurbileko hizkuntzak edo gertakarien harian tartekatutako aforismoek markatzen dute Garroren estiloa, eta erritmo arina ematen diote horiek nobelari, inoiz arinegia ere bai, hainbat gogoeta-ildok akaso patxada gehiago eskertuko bailukete, esaldi aforistikoez harantzago. Asmatu du egileak, bestalde, kontatzen diren gertaerak gordinak izanagatik, tonu-paleta zabala ematen narrazioari: drama eta tragedia badago, baina baita bitalismoa, umore-printzak eta irreberentzia ere, eta horrek ezinbestean aberasten du testua. Nobela petoa iruditu zait Faith, gozamenezko irakurketa eskaintzen duena, ongi eraikitako pertsonaiekin jakin-mina sortu, hausnarketak eskaini eta emozioak sentiarazten badakiena.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi