« Askatasuna: uhalik gabeko zaldia amets | Obsesioak »
Uda betiko balitz / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2003
Udaminez Maider Ziaurriz / Berria, 2003-08-02
Urte sasoi honetarako ezin liburu aproposagoa kaleratu du Xabier Mendigurenek Elkar argitaletxearekin: Uda betiko balitz. Gaztetxo askoren eta hain gazteak ez diren beste hainbaten nahikunde konpliezina —uda oporrekin lotzen dutenena batez ere!—. Uda betiko balitz, ordea, ezin malenkoniaz atzera begiratu eta soilik udan gertatzen bide diren bizipenak oroituz aho-gozorik egin; eta, antza denez, nerabezaroko sentimendu horiek berritzera dator Mendiguren eleberri honekin, bere baitan liburuak idazteko emari agortezina aurkitu balu bezala; izan ere, joera duenez, bere bizitzatik, bere gaztetako esperientziatik hartu ditu liburua harilkatzeko osagaiak, nahiz eta emaitza ukitu autobiografikoak dituen fikziozko eleberria izan.
Hain zuzen, udako egun batzuk udalekuetan ematen dituzten gaztetxo batzuen ibilera gazi-gozoak kontatzen ditu Mendigurenek eleberri honetan: 12, 14 eta 16 urteko nerabeak dira protagonista. Hala dago liburua antolatua, gainera: hiru ataletan, alegia; eta atal bakoitza udaldi batean girotua dago: 1976, 1978 eta 1980an hain zuzen. Baina udalekuak ez inon ez inoizko tokiren batean izaten direla ematen duen arren, diktaduraren ondoko giro politikoa iragazi egiten da haur izateari utzi eta helduen kontuen berri jakin nahi duten neska-mutil hauen bizitzan; azal-azalean geratzen diren gertaerak dira, ordea, aparteko presentziarik eta eraginik ez dutenak. Bestalde, nerabe hauen heltze prozesua ere azaltzen zaigu neurri batean: lehenengo bi ataletan begiraleen bizkar bihurrikeriak eginez sekulako azioa egin dutela uste duten gaztetxo horietako hainbat begirale ageri zaizkigu hirugarrenean, txanpon beraren alde bi bihurtuta.
Eta hor ere begirale ibilitako garaia berritu nahi izan du Mendigurenek; garai gogoangarriak inondik ere, poza baita liburu honetako sentimendu nagusia; hala adierazi du, behinik behin, egileak berak. Ez dut nik halakorik sumatu, ordea: ez pozik, ez tristurarik. Egia da protagonistak gaztetxo diren aldetik, adin horretako neska-mutilen inozentzia eta sotiltasuna nabarmentzen dela eta beren “arazoak” aro zoriontsu baten zantzu direla: lagunen isekak jasan behar dituen potoloaren gorabeherak, gaixotu eta ohean egon behar duen neskaren bakardadea, gustuko neska zein duen aitortu behar izan duen mutilaren lotsa… Eta, oro har, gustura irakurtzen den arren, ez doa entretenigarri izateaz haraindi; azken batean, egilearen oroitzapenak libururatzeko ahalegina da, eta egia bada ere egileak bere bizipenak dituela iturburu joriena, ezagutzen ez duenaz nekez idatz baitezake, oraingoan, aski ondorio epela izan du: nerabe batzuen udaldia erakusten du, eta eleberria bera ere udalekuetara joateko adinean dauden gaztetxoentzako modukoa dela esan daiteke.
Gainerakoan, irakurterraza da oso, eta Xabier Mendigurenek ohi duen moduan, hizkera arin eta txukunean idatzia. Bestalde, eta idazkeraz ari garelarik, ezin aipatu gabe utzi atal bakoitzaren buruan tartekatzen dituen gutunak: kapituluan barrena hirugarren pertsonan kontatutako gertakariak lehenengo pertsonan azaltzen dizkigu gero, eleberriaren ardatza den nerabearen ikuspuntutik, aurreko orrialdeetan azalean gelditutako pasadizoak gorpuzteko saioan: aita-amei, arrebari, osaba-izekoei, lagunei… idatzitako gutunak dira, eta pasarte horietan dago batez ere eleberri osoaren xarma eta grazia: herri hizkeraz idatziak daude, gipuzkeraz hain justu, eta bizitasun eta freskotasun handia darie. Gainera, idazlearen adinari egokituak daude, eta ez dira falta, noski, adin horretako gazte batek egingo lituzkeen ortografia akatsak. Horretaz gain, polita da, gutuna norentzako den, idazkera ere nola aldatzen den ikustea. Izan ere, horrelako erreferentziak beharrezkoak dira euskalkitik baturako jauzia ez dadin hain larria gerta.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez