kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Algara mutilatuak / Ane Labaka Mayoz / Susa, 2021

Umorea, serio hartuta Maitane Legarreta Etxezarreta / Gaztezulo, 2021-10

Umorea beharrezkoa dugu gure bizitzan eta neurri batean zein bestean, orotariko modu eta izaeran, guztion egunerokoaren parte da. Une batzuetan nekeza izaten da umoreari tartea egitea eta beste batzuetan haren bila ibiltzen gara egarriz, edo borborka ateratzen da barrenetik. Estimatzen dugu bertso-saioetan umorea erabiltzea; antzezlan, film edo telesailetan komedia izatea, zipriztinak besterik ez badira ere; edo barrea eta algara sorrarazten diguten pertsonekin egotea. Draman umorea dago eta umorean drama. Drama omen da, hain zuzen ere, umorearen osagaietako bat; umorea: drama+denbora. Pandemian indar berezia hartu du umoreak eta aurrez aurreko bizipenen beharrak. Aipagarria da Barre librea saioak izan duen arrakasta eta zer nolako hutsunea sentitu dugun askok pantailatik desagertu denean. Aurrez aurreko ekitaldiak pixkanaka martxan diren garaiotan, publikoa esker ona sentitzen ari da zuzeneko emanaldietan. Ziur asko, inoiz baino ozenago barre egingo dute Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren Luze edo motz ikuskizunean biltzen direnek, bereziki emakumeek, euren mundu erreferentzialeko zein barne-munduko egiak modu umoretsuan entzutea askatzailea bezain gozagarria baita; nahiz eta egiak entzuteak noiz edo noiz zauriren batzuk ozpin ditzakeen, unearen eta moduaren arabera. Emakumezkoen gorputzetan algara erauzi izanaren fenomenoa nola ematen den ikertu du Ane Labaka Mayozek Algara mutilatuak. Umorearen aho bikotasunaz, feminismotik saiakeran. Horretarako, besteak beste, honako emakume hauek elkarrizketatu ditu: Beatriz Egizabal Ollokiegi ipuin kontalari eta kluna; Idoia Torregarai Martija bakarrizketari eta formatzailea; Aitziber Garmendia Mendizabal aktorea; Irantzu Varela Urrestizala aktibista feminista; Alaia Martin Etxebeste, Uxue Alberdi Estibaritz, Nerea Elustondo Plazaola, Onintza Enbeita Maguregi, Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo, Amaia Agirre Arrastoa, Maialen Lujanbio Zugasti eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak, eta Maite Berriozabal Berrizbeitia gai-jartzailea.

Liburuan aipatzen denez, algararen mutilazioak -hitz-joko ederra eginez-, bi ondorio izan ditu emakumezkoen gorputzetan: batetik, emakumeoi umore propioa gauzatzeko plaza lapurtu digu eta menderakuntza horretan subjektu izateko aukera antzutu; eta, bestetik, gizarte heteropatriarkalak gizonezkoa ardatz hartuta espresuki diseinatutako umorera behartu gaitu, emakumezkoa bazterrera kondenatzen duen horretara, zilegi, neutral eta objektiboki umoretsutzat erakusten denera. Umorea aho biko tresna izan daitekeela adierazten du Labakak liburuan, boterea eta kontraboterea izan baitaiteke aldi berean: “Askotan pentsamendu nagusiaren isla garbia da eta ideologia hegemonikoaren balioak eta mugak azpimarratzen ditu, baina kontraboterea ere izan daitekeenez, botereak beldurrez begiratu ohi dio”. Liburuaren lehen atalean umorearen testuingurua landu du, joko-arauak, ezaugarriak, hizkuntza eta formak. Bigarrenean, norabideen inguruan dihardu, hau da, goitik beherako, behetik gorako eta parez pareko umoreaz. Horrekin lotuta, bi klase bereizten ditu: umore hegemonikoa eta bazterreko edo subertsiboa. Hirugarren atalean, berriz, umorearen mugak ditu aztergai. Gozamenerako eta dibertsiorako tresnaz gain, zapaltzeko edo hauspotzeko tresna izan daitekeela ohartarazten du eta engainatzeko mekanismoak dituela, “lehen kolpean barre eragiten duen horren bigarren irakurketa mingarria izan baitaiteke”. Laugarrenean, ezaguna duen bertsolaritzaren munduari erreparatu dio; plazetan egin eta onartzen den umorearen inguruan hausnartu du plazetan dabiltzan emakumeen eskutik, nork duen zilegitasuna bertsotan umoretik aritzeko eta nork ez, eta zein modutan eta zertaz. Azken zatian umore berrien inguruan jardun da, haren botereaz, eta eraldaketarako arma politiko gisa erabiltzearen beharraz.

Askapenerako eta eraldaketarako erreminta eta abagune paregabea izan daiteke umorea, beraz, aprobetxa dezagun. Irria sor dezakeen arren, umorea kontu serioa baita.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak