« Intimitate konpartituak | Maisu baten lehen printzak »
Arkanbele kantak / Mikel Taberna / Susa, 2021
Biluzik gaitza Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-10-04
Hogei urte joan dira Txokolatezko dinamita ipuin liburua iruzkindu nuenetik, Mikel Tabernarena alegia. Artean bertze bi liburu —Alkasoroko benta, besteak beste— karrikatuta zituen, eta ene ustekaberako, honako hau poesia moldean emana heldu zaigu. Liburuaren plazaratze garaia joan zen, eta hilabeteak joan zaizkit berau oratu zain. Uda heldu zen, irudi luke ordea, udaldiak poesiarekiko jaidura debekatu didala.
Larrazkenean murgildu naiz Tabernaren basoan. Udazkenak berak nostalgia nahikoa sorraraziko ez balit, gaitzerdi. Udagoienak berez dakarren malenkonia aski ez, eta poesiaren minean sartu/ausartu naiz. Gerorako uzteak dakarren malura merezi ote dut, naski. Tira, Tabernaren poesiak ez dit oroimena soilik ernatu, ez horixe, aitzitik, nostalgia —une— zenbait uxatu dizkit, herrimina neurrian bizitzen lagundu egin dit. Alabaina, liburua hori baino ez balitz, “eskas” litzateke.
Hitzek —eleek eta berbek— egiten dute poesia. Mendian hartu eta ibaiak itsasoratzen dituen eleak galtzearen beldur ekin izan diot Mikel Tabernaren emariari, beste gisa batez erranik, joan doan euskal mundu baten aiurria erreskatatzeko amiñi bat txundituta ekin diot irakurtzeari, baita apur bat harrituta ere. Mikel Taberna (1957, Alkaiaga) gu —gure belaunaldikook— izan garen “artaldeen zaintzailea” bailitzan, hots.
Orozkotik Donibane Lohizunen barna eraman gaitu hasmentan artzain poetak. Bere poesiaren zuztarrak hitz lauetan azaldu dizkigu, ele samur laburretan, doi-doituak. Alkaiagako bere haurtzaroaren Arkanbelaren izena Arkulo dela erran digu, honen izanaren eta musikaren mintzoa endelegatu diogu. Izan ere, poesia elea badarik ere, poesia musika baita. Taberna Irazokieneko aireak berezko doinu doiak dira. Nork bere ele, doinu eta taxu ditu, nork bere arkanbele, bada, Mikel Tabernak berea.
Poeta biluzik agertu zaigu basoan. Xilkoa laharretan trabatua aurkitu bide zuen aitak eta biluzte hartan, zegoen gisan —biluzte hartatik egungo eleok—, bere munduratzearen berri ekarri digu. Strip-tease emozionala sentiarazi dit poetak. Bera biluztu ote den ez dakit, nik sentipen biluziak bizi izan ditut berarekin. Biluzik gaitza. Gugan beude, Ama Pilar eta Aita Manuel. Gerra satsu eta lohien pairatzaileak. Berezko basatasuna eta samurtasunaren bizizaleak.
Mikel Tabernaren gibelean Fernando Pessoa antzeman dezakezu naski. Haatik, Alkaiagako poetaren eleen ariora Bidasoa idoro ahal izatea da poetaren grazia, poetaren erraietan sartzea, bortz hirien baitan ibitzea. Poetaren jitea tipia da, eta tipia izanagatik erraldoia. Tabernaren gazte garaiko xilko-zelaietako muxuak sentitu ditut nireak bailiran. Musuak musu, musuak alafede garrasiak izan daitezke. Nik muxu adinako garrasi sarkorrak dantzut poeta honen eleetan. Konparazioenera, hala Kottoren auhen isila nola Mikel Zabaltzaren oihu isilaraziak. Ez dira bakarrak, ez horixe.
Nork hobeki daki poetak baino Gure baitako izaeraren gordeaz? Isilik egoteak zenbat balio duen! Zenbat sufrikario ernatzen dira izuen gordeleku isilen baitan! Zenbat buhame ote dira gure nortasunean? Zenbat inozente? Zenbat komando? “Zenbat mihura harro bizkar-besta seinale arkulo-baitan?”. “Zauriak beti uzten orbana, elkarri biok zor bana, non habil non barna”. Iraganari itauna, poetaren jite segaila!
Bizitza “zalantzen zakua mukuru” bide egitea da, Bidasoa lekuko. Bide osoan ernai, bizi minez euskaldun bizi izanagatik, denborari soraio ekinez, jakinez zoriona hor bertan dagoela, bide bazter soil batean, bide gurutze arrailduan. Horixe dugu gure kondena: erditu gintuzten legez, erditzea guk ere.
Taberna Irazoki, ez amurri eta ez izoki dio herri koplak, halaxe dio ere poetak. Poeta bidelagun izaki, sumatzen genuen etorriko zitzaigunaz, haatik, dagoeneko are hobeki dakigu heldu zaigunaz. Erran nahi baitut, kontatu ez zizkiguten sekretuak kontatu izan balizkigute, agian, beharbada, ez ginen garena izanen. Etengabeko metamorfosia gara, alabaina.
Zoriona Alkaiagan sinplea da, zoriona toki eta pasaleku mugakidean le bonheur baita (Le Bonheur avec Mikel Taberna). Bidasoa ibaia legez, zoriona, sentimen nagi bat da, mihura zuhaitzenean aldian-aldian ernatzen eta aldian-aldian hiltzen dena. Non? Bidasoan! Non? Ur azpiko erresuman!
Alkaiagatik Iruñera bitarte bide labur eta bizipen aunitz. Herrian goiti basoa, mendian beheiti itsasoa. Ibaiaren emari etengabeak ez du atzenik itsaso izarigabean. Nork daki Bidasoak baino hobeki? Poetak naski!
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez