kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Analfabetoa idazle / Agota Kristof (Eskarne Mujika Gallastegi) / Alberdania, 2020

Agota Kristof: Bere bizitza hamaika zertzeladatan Nuria Cano / blogspot.com, 2021-06-19

Analfabetoa idazle-n Agota Kristofek berak bere bizitza kontatzen du modu labur batean, hamaika atal txikiren bidez. Kanpoko biografoak, segur aski, datu, data eta dokumento anitz erabiliko zituen bere bizitza aztertu eta transmititzeko, baina berak ez. Bera, bere obra osoan bezala, kapaza da bere bizitza hamaika momentutan kondentzateko, apaingarririk gabe: gehienetan bere eguneroko bizitzatik ateratako aleekin; bertzeetan, berriz, momentu ezohikoak deskribatuz eta laburki marraztuz. Horretarako Agota Kristof sarerik gabe ibiltzen da beti, laguntza eta artifiziorik gabe, estilo garden eta zorrotz batean.

Izenburuak berak, “Analfabetoa” frantsesezko orijinalean, gordetzen du bere bizitzaren zati garrantzitsu bat azaltzen duen ironietako bat: lau urte zituela inprimaturik zegoen guztia irakurtzen zituen emakume batek (egunkariak, eskola-liburuak, kartelak, kalean topatutako paper muturrak, sukalde-errezetak, haur-liburuak), eta hogeita eta koska urterekin analfabetotzat hartzen du bere burua. Hau da, Hungariatik Suitzara egin behar izan duen atzerrialdi bat dela medio eta, ondorioz, frantsesa ikasteko beharragatik. Berak adieratzen du: Suitzara iritsi eta handik bost urtera, badakit frantsesez hitz egiten, baina ez irakurtzen. Analfabeto bihurtu naiz. Nor eta ni, lau urterekin irakurtzen bazekiena. Horrela, izenburuan, Agota Kristofen bitzitza markatuko duen baldintza nagusietako bi elkartzen dira batera: erbestea eta ama hizkuntza ez den batean bizitzen ikasi beharra.

Horiek horrela, Analfabetoa idazle Agota Kristoferen bizitza intentsuari buruzko bidaia labur eta kontzentratua da, berak azaldutakoa: haurtzaro zoriontsutik, gudaren ondorengo pobreziara; familiako eszenetatik, barnetegiko bakarkade gogorrenera; bere jatorrizko herriaren aldaketa politiko, kultural eta sozialak; Hungariatik ihes egiteko erabakia, muga zeharkatuz bere jaio berria besoetan zeramala; bizitza berri batera eta bere gorabeheretara moldatu beharra; eta bere borroka frantzesarekin. Hizkuntza berri bat ikasteko eta harrera-gizarte desberdin batean bere burua aurkitzeko ahalegin handia egin zuen eta, azkenean, horiek guztiek beren bizi-esperientziak osatzeaz gain, bere obra hornituko dute. Bere bizitza izan zen ekaitz horren erdian, beti ikusi zuen bere burua idazle gisa: Ziur naiz, hala ere, idatzi egingo nuela, berdin dio non, berdin dio zein hizkuntzatan.

Hala ere, berak inoiz ez zuen Analfabetoa idazle lan garrantzitsutzat hartu, baizik eta haurrentzako zenbait idazlan bezala. Alabaina, liburuak kritika onak jaso zituen, baita sariren bat ere (Kritika Saria Alemanian, nahiz eta berak ez zuen jaso nahi izan). Edozein kasutan, bere obraren estilo zuzena eta apaingabea hagitz ongi islatzen du. Bere lan hoberena izan gabe, interesgarria da bere lanaren testuingurua ulertzeko. Nik bere bi lan hauek azpimarratuko nituzke: Koaderno handia (bere lehenbiziko eleberria eta hoberena), eta Atzo (batzuenzat bere nobela autobiografiko hoberena, benetan bere autobiografia izan ez arren).

Laburbilduz, Analfabetoa idazle aukera ona da bai Agota Kristof-en lanetan hasteko, bai haren bizitza hobeto ulertzeko. Baina erranen nuke bere obrako miresleentzat, eta ni nago horien artean, testua hain laburra denez bere bizitzako xehetasun gehiago jakiteko gogoz uzten zaituela. Nolanahi ere, euskaldunentzat zorte ona da bere obra osoa euskarara ekarrita egotea. Argitaletxerari eskatuko nioke, ordea, gainerako lanak epub formatuan plazaratzea, ez Analfabeto idazle bakarrik, jende gehiagorengana ailegatzeko.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak