« Izotz ispilutan | Itsasoei agur »
Esaten dugun argia / Karlos Linazasoro / Elkar, 2021
Zer da bizitza? Irati Majuelo / Berria, 2021-05-30
Ukaezinezkoa da Karlos Linazasororen luma emankorra, 1990eko hamarkadatik tai gabe ekarri ditu argitara sentimendu, gogoeta zein fikzioak literaturaren molde guztietara. Ez ginateke harritu beharko, beraz, 2021ean Elkar argitaletxearekin atera duen azkenaz. Ezin izkin egin, hala eta guztiz ere, argi hari batek arreta nahi gabe bideratzen baitizu etengabe poesia-bildumarantz, mesanotxean denbora luzez pausaturik uzteko aukerarik gabe. Ez da argi itsugarria liburuari dariona, ez fluoreszentea, ez artifiziala: sukaldeko baldosetan goizetik gauera mugimendu isil baina agerikoak egiten dituen argi hori baizik.
Inor gutxik idazten du 149 poemako bildumarik, eta are gutxiago, gora-behera zakarrik gabe. Lirikotasunez gainezka egiten duen liburua da, idazlearen sentsibilitatea hasieratik nabari duena. Izan ere, hizkuntza poetikoaren ezagutza alde du Linazasorok. Interesgarria da, bereziki, nola erabiltzen dituen euskarak eskaintzen dituen adiera bikoitzak edota esamoldeak errealitateari buelta emateko edo zuzen-zuzenean errealitatea galdekatzeko. Jolaserako abilidadea da bilduma honen indarguneetako bat, batik bat lehendabiziko atalean, non fantasiarako jauziek irakurlearen adimena zabaltzen duten, ikusmen-eremua poematik harago irekiz: “Dena idatzita dago./ Baina munduak,/ gaurko egunak/ hitz bat falta du, (…) Hitz horri misterio/ esaten zaio,/ eta bakoitzak barruan/ dauka berea, (…) Buruz beheratu zeure soina,/ hustu patrikak eta itxi begiak:/ zerbait zorura erortzen bada,/ ez ezazu harrika bota”.
Misterio xume horiek argitu nahian dabil Linazasoro. Hori da, finean, liburu honen muina, zer da bizitza? xuxurlatzen digula lerro bakoitzean, berehalako erantzunik espero gabe, asmo hanpaturik gabe. Hala lantzen ditu poesian guztiz ohikoak diren gaiak (heriotza, eternitatea, galera, edertasuna, denboraren joana), baina egunerokotasunaren begirada sinpletik. Afera metafisikoak, filosofikoak direnak arintasun sendo batez lantzen ditu, eta hori du bigarren indargune garrantzitsua: hitz bat ere ez du sobran, baina ez da kriptikoa izatera iristen, neurri doira hurreratzen da gehienetan, poemarik laburrenetan batez ere. Zenbaitetan osatzen dituen sonetoak geratzen dira, akaso, argitasun horretatik urrunago.
Hortaz, sinbolo gutxirekin (argia, txoria, euria, bidea) asko esatea lortzen du Linazasorok, arinetik sakonera pasatzen diren poemak ontzea erdietsiz. Hala ere, argi da, poema guztiak ez direla bikainak, baina gehienek mantentzen dute irakurlearengan zirrara eragitearen pultsioa. Poema ugari direnez, errepikakortasunaren arriskua hor da, eta beraz, komeni da tarteka-tarteka irakurketari arnasaldiak ematea, eta horrela, gozamena luzatzea. Bilduma honen bidez, bizitza zer den galdetzen digu belarrira Linazasorok, oinak lurrean dituenaren baikortasunez, ameslariaren zalantzaz: “Zergatik ez garen, oi, bizi hil arte”.
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez