« Modernitatearekiko lilura | Kanpoko eta barruko gerrak »
Erabili goldea hilen hezurren gainetik / Olga Tokarczuk (Amaia Apalauza Ollo / Sonia Kolaczek) / Elkar, 2020
Samurtasunaren gogorra Irati Majuelo / Berria, 2021-04-18
Nobel Sariak euskaratzeak gurean emandako uzta oparoaren emaitza da Erabili goldea hilen hezurren gainetik liburua. Zaila da Tokarczuken eleberria hitz gutxitan definitzen, eta akaso komenigarriagoa da narrazioa pertsonaiaren bidez aztertzea, hura baita lan honi osotasun adina berezitasun ematen dion elementua.
Janina Duszejko emakume heldua da, zubi-ingeniari gisa atzerrian lan egin ostean, Poloniako herrixka batera lekualdatu dena. Goi-ordokian bizi da, auzokide gutxiko eremuan, basoaren atarian. Neguak zein gizarte hotzak inposaturiko arau gogorrek zailduriko emakume irmoa da, ez horratik samurtasunik gabea. Duszejko andrearen ahotsetik ezagutzen ditugu istorioaren nondik norakoak, gertakari bitxiak eta hilketak, baina batez ere, munduari behatzeko modu hunkibera bezain latz bat ekartzen dute bere hitzek paperera, gizakien gainetik natura lehenesteko unibertso sentsible bat.
Duszejko andrea xaloa baita baina ez ergela, ume eta heldu zaurgarriekin goxoa, arimarik gabeko pertsonekin lehorra, ideia argiko emakume irudimentsua. Tokarczukek bikain islatzen du atso zorotzat jotzen duten andre heldu baten bizitza, topikoan erori gabe, are jendeak izaki baliogabe gisa tratatzeko duen joerak emakumerengan eragindako mina eta erreakzioak hitzetara abiltasunez ekarriz. “Mundu guztiak badaki zer onura dakarten gauza baliagarriek; ez, ordea, baliogabeek”, esaldi horretan laburbiltzen da protagonistak munduaren aurka abiatzen duen mendeku pertsonala, bazterrean ahaztutakoen aldeko iraultza isila.
Protagonistaren bizitzak eta unibertso propioak eleberriaren interes handiena bereganatzen duten arren, trama aurrera daramana herrixkan eta inguruetan jazotako hilketa-katea da. Misterioari liburu osoan zehar eusten dio Tokarczukek, nahiz eta gertakari bitxion garrantzia, eta ondorioz, istorioaren tentsioa gorabeheratsuagoa den, protagonistak esku artean darabilen astrologiaren joan-etorriak bezain. Amaiera aldera indarra hartzen du berriz ere tentsioak, aurretik lotugabe utzitako hari-muturrak berreskuratzen direlarik. Hala, Duszejko andreak bidean murmurikatutako esaldietan uzten dituen pistak antzemango ditu aurrerago irakurleak, eleberri beltzaren ukituez gozatuz.
Tokarczukek protagonistaren pentsamenduen bidez sortzen duen unibertso propioa, paisaia ideologiko eta kulturala gurera ekartzea ez zen erraza izango Apalauza eta Kolaczekentzat. Esan beharra dago lan ezin hobea egin dutela itzulpenean, erregistro aldaketak zainduak dira oso eta eleberriak bere xarma eskaintzen du euskaraz ere, Nobel saridun poloniarraren imajinazioa eta gaitasun narratiboa agerian geratzen delarik.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro