« Orbainak | Urak, hitzak, zuhaitzak, ispiluak »
Odolekoak / Antxiñe Mendizabal Aranburu / Elkar, 2020
Geruzak eta gorputzak Ibon Egaña / Deia, 2020-12-05
Matilde Echeluce Iruñeko familia karlistako alaba eta Segundo Vilagude emigrante galiziarren semea 1941ean Nafarroako hiriburuan ezkondu zireneko kronikak zabaltzen du Antxiñe Mendizabalen helduentzako lehen nobela, Odolekoak lan anbiziotsua. Urte hartan hasi eta 2005era arte Echeluce familiaren bilakaerari eta ibilerei jarraitzen die nobelak, Matilde, Teresa eta Amaia belaunaldi banatako emakumeak lehen planoan jarrita. Matilderen karakterizazioak berak ongi islatzen du idazleak konplexutasunaren alde egin duen apustua: margaritetan ibilitako emakumea da Matilde, erregimen frankistaren hurbilekoa, eta aldi berean emakume gisa egokitu zaizkion rol batzuekin (emazte, ama) erabat eroso ez dagoena, gizon-emakumeok dimentsio bakarra barik geruza anitzak, are kontraesankorrak ditugula gogora dakarkiguna.
Erregimenaren aldeko familiaren ikuspuntua hautatu izana iruditzen zait nobela honen apustu eta azertu handietako bat, distantziatu egiten baikaitu kontakizun ezagunagoen logikatik, eta trebezia handiz lortzen baitu ikuspuntu ideologiko urrunagoko hori sinesgarritasunez jasotzea. Gainera, Echalucetarrak protagonista badira ere, ziento bat dira bigarren mailako pertsonaiak nobelan: haien neskameak, joskintza-lagunak, eliz gizonak edo medikuak. Iruñeko frankismo garaiko eta haren osteko gizartearen tapiz oso bat eraikitzen du nobelak norabide ugaritan zabaltzen diren hariei eta pertsonaia sekundarioei esker. Pertsonaienak bezala, gizartearen geruzak ere zeinen ugariak diren dakarkigu gogora liburuak. Eta horrela, ez soilik erregimenaren hariak, erresistentzia politikoarenak ere fikzionatzen dira eta, orobat, historiaren hari lodiarekin batera lotzen diren bestelako historia-hari finagoak ere.
Fikziozkoak ez ezik, erreferente historiko eta errealak, gertaera eta pertsonaia historikoak badira nobelan, eta gehienetan protagonistek gertaera haietan parte zuzenik ez badute ere, paisaia bat ezartzen diote kontakizunari, erreferente horiek irakurlearengan sortzen duten oihartzunari esker. Kapitulu bakoitzak urte bat darama izenburuan, eta unean uneko giroan barneratzen gaitu nobelak erreferente zehatzen bidez (Elena Francisen irratsaioa, Vogue, Let it be…). Horrela, epe luzea biltzen duen arren, orokorkeria saihesten da nobelan eta xehetasunari hitz egiten utzi; urtez urte bertan dagoelako sentsazioa du irakurleak.
Matilde, Teresa edo Amaiarentzat historia ez da diskurtso bat, norberaren gorputzean bizi diren min, indarkeria, desira eta plazerak ere badira. Frankismoak eta ondorengo garaiak emakumeen bizitzetan eta gorputzetan utzitako arrastoak konplexutasun osoan biltzen ditu nobelak, hainbat gorputz-esperientzia fikzionatuz (bortxaketak, desirak, haurdunaldiak…), eta emakumeak biktima soil gisa irudikatzeari uko eginda. Amatasunaren inguruko errelato historiko tradizional batzuk ere ezbaian jartzen ditu Mendizabalek, bereziki Teresa eta Matilderen arteko harremana hizpide duenean. Kronika historikoari apurka lekua kentzen dio nobelan ama-alaben arteko harremanari buruzko arakatze literarioak, amaiera ausart batean nobela borobildu arte. Liburua ixten duen paratestu gisako kapitulua sobera izan dudan arren (irakurleari argibideak emateko joera zabalduxe baten erakusgarri agian), anbizioaren neurriko nobela handia iruditu zait Odolekoak.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi