« Sagar berde helduak | Ur biren artean »
Zaharkitze programatua / Eva Perez-Pons / Erein, 2020
Ilunetan haztaka Irati Majuelo / Berria, 2020-09-27
Blas de Otero-Bilbo Uria lehiaketan 2019an saritu eta uda honen hasieran argitaratutako poesia bilduma da Zaharkitze programatua; bide batez, Eva Perez-Pons gaztearen lehen literatur lana ere bada.
Bost ataletan antolatua dago —Deklarazio anonimoa, Erradikal askeak, Zulo beltzak eta zienagak, Atomoen dardarak, Formula enpirikoa—, eta idazleak bere buruarekin izandako elkarrizketa intimoa dakarkigu paperera. Barrura begirako idazketa horretan aurkezten dizkigu zaurgarritasunaren ertzak: bakardadea, noraezaren mina, sistemaren biolentzia, eta, batez ere, nork bere usteekiko kontraesanak. horrez gain, poema sorta ilun eta introspektibo batean, sexuak, aldarrikapenak eta borrokak badute euren lekua.
Hasieratik igar daiteke idazlearen barne bilaketa baten emaitza dela bilduma hau, idazleak bere bizi-esperientziaren une jakin batean izandako zalantza, gatazka eta ezinegonei galderak jarri eta erantzunak bilatzeko egindako bidaia. Era berean, idazketa propioaren bilaketa hasi berritzat hartu behar dira poemok, hautu diskurtsiboek etorkizunerako akuilu interesgarriak jarri dituzten arren, garatzeke eta fintzeke sumatzen baita oraindik poetaren estiloa. Zail da idazteko manera lehen liburuan definitzen, eta, ondorioz, kontrastea nabari da zenbaitetan prosatik oso gertu geratzen diren poema-lerroen eta erritmoa guztiz mozten dutenen artean. Hala ere, bereziki nabarmentzen da gramatikaren haustura kontziente eta ez-kontzienteek irakurketa zailtzen dutela.
Mundu honetan bizitzeko, erlazionatzeko, sentitzeko dagoen zurruntasun gero eta handiagoari zuzentzen zaio Perez-Ponsen ahotsa, eta, horretarako, ongi ezagutzen dituen abiapuntu teorikoetatik (feminismoa, prozedura zientifikoak) munduarekiko esperientzia indibiduala adierazten ahalegintzen da. Teoria bi ahoko labana bilakatzen zaio, ordea, testuak sarri irakurlearengana iristeko oztopoak baititu. Ilunetan haztaka ibiltzearen sentsazioa eman dezakete poemek; mundu honek eragiten duen noraeza transmititzen da, baina ilunpetan ibiltzeko idazleak teoria —eta zenbaitetan gorputza— helduleku bakartzat hartu duela igartzen da. Segurtasuna eman dezakeen oinarria den arren, zurruntasuna ere ekar dezake berarekin, eta irakurleari helduleku horiek baino ez iritsi, itzaletan geratu den mundu aberats hori ezagutu ezinik. Hortaz, esan daiteke bilduma honetan bizi-esperientziaren detaileak falta direla, hitz handiez gaindiko kode konpartituak, orokortasunetik aldendu eta irakurlearekin konektatzen lagunduko duten inpresio, azalera, usain sentikorrak. Mina esplikatu baino gehiago, min hori zertan den sentiaraziko duten poemak.
Hauskortasuna bere baitan arakatzen du Perez-Ponsek, eta, horregatik, gorputza eta sexua hizketagai dituenean leuntzen da aurretik aipaturiko sentsazio hori. Gorputz deserosoak dira liburukoak, normari jarraitu nahi ez diotenak, subertsiorako espazio bilakatu nahi dutenak: “Bai. Badakit ez naizela / beharko nintzena. / (…) odolak kontrako noranzkoan zirkulatzen didala”. Gorputzean eta aldarrikapenean aurki daiteke, beraz, liburu honen indargunea.
–
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro