kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Aro beilegia / Lizar Begoña / Balea Zuria, 2020

Sagar berde helduak Igor Estankona / Argia, 2020-09-27

Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatzen duten aurtengo DK poesia saria Aro beilegia honentzat izan da. Milurteko batetik bestera oharkabean igaro den belaunaldiaren ordezkari, Lizar Begoñaren (Sopela, 1996) estreinako liburuak ematen du azkena, dena bukatua, dena hausnartua dakarrelako. Denboraren kontzientzia sakona dauka, galerarena. Baita estetikarena ere, eta justiziarena. Jolas egiten du hizkuntzarekin, baina mezua dauka erdigunean Aro beilegiak, gariak urre kolorea hartzen duen uda batetik baletor bezala, baina neguaren atarian egon: “Gerra bestelakoa dela esan du,/ soldadu berriak esporak moduan/ planeta osotik hedatu direla,/ euren buruen kontzientziarik gabe/ ugaldu direla kolonizatzaileak,// eta horiek gu garela”.

Batzuetan ematen du epiteto bat daukala sobran, lerro bat gehiago jarri diola ahapaldiari, edo erori egiten zaizkiola instalazio konplikatuegiak. Artea egin nahiko balu bezala, antsia askorekin, idatzita datoz zenbait manifestu. Hala ere, motzean eta zirt edo zart egin behar den poemetan beti asmatzen du, kolpea dauka: “Rudy Gracia eta biok oheratu gara,/ eta bere orgasmoaren erdian/ Amen oihukatu die inguratzen gintuzten/ eta zuzenean Youtuben emititzen ari ziren/ hamasei mikrofono eta kamarei”.

Aro beilegia leiho bat da Internetera, mundu txiki honen zabaleretara. Heldua da liburu iniziatiko bat izan dadin, baina era berean freskoa eta ausarta. Sigi-saga doa amets eta amesgaiztoen artean, publikotik pribatura eginez askotan. Azkenean irakurleak ez daki non ezkutatu den poeta, non argazkilaria, zer den pintura, zer erreala. Zer eremu semantiko dagokion gauza bakoitzari: “Hor zaude;/ egongaitz,/ aldakor,/ ezezagun.// Hor zaude,/ erortzear,/ plural,/ endredatuta”.

Lizar Begoñak idatzi egin nahi du. Askotan ari da idazteaz. Dauzkan dilema eta morrontzez, hartu ditzakeen bideez. Irakurle bat daroa erraietan, ordea, dudarazi egiten diona. Eta kontserbadore dabilenean urrundu egiten den arren emozioetatik eta poesiaren arimatik, kementsu dabilenean indar itzela dauka, kapaz da arazo unibertsalez hitz egiteko bere baitatik.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak