kritiken hemeroteka

8.670 kritika

« | »

Isiltasunaz hunatago / Jose Angel Irigaray / Pamiela, 2020

Atzo goizean ikusi zintudan Igor Estankona / Deia, 2020-09-26

Antonella Gandiniren irudi aski iradokitzailez hornitua, eta ibilbide estetiko luze baten ubera luzearen bitsetan, Isiltasunaz hunatago. Hitzendatzearen mentura (Pamiela, 2020) opari itzel bat izan da, konfinamenduaren osteko haize leuna.

Ume batek amari egindako galderarekin hasten da liburua —“ongi zaude?”, diotso— eta goiztiri hori bihurtzen du Irigarayk bidaia bitalaren lehen estazio, poemategi zabal baten lehen zirrikitu, inoiz bukatzen ez den aurkikuntza baten lehen harridura. Manifestazio txikienak ere erregistratzen baititu Irigarayk, pieza horien batuketaren bidez ontzen du bizitzaren mosaikoa, herrialde propio baten arima. Benito Lertxundiren hitzetan ikasi genuen iruindarra maitatzen, berak irakatsi zigun Orbaizetako arma-olaren aurriak izan zitezkeela munduaren erdigune. Munduaren erdigune, bai, baina ez zilbor, mundua zabala denez, norbere ostertza bestekoa. Liburu honetan poetak egiten duena da, soilik, beretik idatzi beste guztientzat: “ikusle izanik ere/ zure baitaraino/ iristen da katarsia”. Irudipena izan dut, Isiltasunaz hunatago irakurrikeran, ari nintzela irakurtzen liburu bat luze iraungo didana, hain uzten du ahokera ederra, hain doa suabe poema labur, poema luze, poema lauso. Pertsonek, etxeek, sasiek… denek dute kari bat Irigarayren liburu honetan, denak dira irudimenaren pertsonaia, unibertsoaren parte.

Isiltasunaz hunatago idatzi ahal izateko, horratio, jakin behar da hitzari ematen arnasa, bere purutasunean hautatzen isiltasuna. Hitzez hitz dioena bakarrik ez, iradokitzen duena ere garrantzitsua da-eta poema hauetan. Gure Eugenio Montale, gure Cesare Pavese, geruza ugariko poesia da Irigarayrena. Euskaldun batek euskara galtzen badu zenbat galtzen du? Veneziako oihartzunak noraino heda daitezke? Matalazek agian inoiz helduko zela uste zuen egun hori noiz helduko da egiazki? Eta hala ere “bizi-poza zenion/ inoiz ez dela berant/ kanpoan zain dagoela bizia”.

Hizkuntza hertsia eta pentsamenduaren irekitasuna, hara Irigarayren poesiaren paradoxa elegantea: irakurleari arreta eskatzen dio, baina ordainetan urrun daroa. “Ilargia, Pleiadekin nabigatzen ortzian./ Gauerdia da, denbora badoa,/ bakarrik natza…”.

Irigarayren lekuak espazioan eskegita daude, Errusia dira, Suitza dira, Euskal Herri joana dira, denak lanbropean. Europakoen geroa zerbaiten promesa zenean zapalduak dirudite. Eta hala ere ez dabil etengabe lanturuka, esan beharrekoa dio zehatz, doi, fin. Bere poesiaren eitean adornua ere poesia da, hizkuntza ere hizkuntzaren zerbitzura dago, irudia irudiaren isla da. Esan nahi baita interesatzen zaiona ez dela malenkonia, badaki bere “home” poetikoa zabala dela, etorkizunean dagoela. Horregatik liburuaren hasierako haurra difuminatu egiten da irakurketaren hondarrean, eta aldatuta itzuli: “zure ondotik pasa da,/ eta ez zaitu ezagutu, ez ikusi,/ zuri ere arrotz zaizu/ nahiz haren argi-ilunez zaren egina”. Zirkulua itxi egingo da honenbestez, sentsazio bat utziz ederra: bizitzeak merezi duela. Argi batzuk bai baitaude ez dakizuna zer diren, iluntzekoak edo egunsentikoak.

Edo are denboraz landako “pastural” bat, denon artean idatzia eta berak argitaratua.

Azken kritikak

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak