kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Egun denak ez dira berdin / Xabier Etxeberria / Elkar, 2000

Bizi beharraren abentura Aingeru Epaltza / Nabarra, 2003-06

Hain asperturik baikaude eguneroko gurpil beti berdinaz, gogaikarri zaizkigu bizi eta egitate arrunten berri ematen diguten liburuak. Heroiak ala gizatxarrak, literaturak muturreko pertsonaiak maite ohi ditu, gauza handien egileak edota grina handien bizizaleak. Eta horrek berdin balio du oraingo garai eszeptikoetarako: antiheroi zuri-beltzezkoa nagusitu bazaigu ere, haren porrot eta miseriek ere erditik gorakoak behar dute, zaratatsuak, erabatekotasunaren mugakide. Hemengo idazleok ere 30 urte baino gutiagoko protagonista hautatzen dugunean, ezinbertzekoa dugu, nonbait, (euskal) gazte jendeari egozten zaizkion estereotipoetako batean preso aurkeztea: dela droga, dela sexua, dela militantzia, dela musika, dela dena delakoa.

Xabier Etxeberria zarauztarrak hagitz pertsonaia arrunta hautatu du Egun denak ez dira berdin bere orain arteko nobela bakarreko protagonista izateko. Tasio Ardanaz gurasoekin bizi da. Ez du neskalagunik, ezta noizbehinkako ohekiderik ere. Unibertsitatea bi urte lehenago bukatu zuen, eta langabe dago beti, gaztetxo alferrendako klase partikular batzuk kenduta. Bertzalde, nekez bilaka liteke soldatapeko, objetorea izanik, soldaduskaren ordezko gizarte zerbitzua betetzen ari baita Gurutze Gorriaren herriko postuan. Astegunetan pilotan aritzen da lagun batekin, frontoira ez joateko nahikoa aitzakia aurkitzen ez duenean. Asteburuetan, berriz, koadrilarekin afaltzera ateratzen da, asperdurak eta alkohol gehiegiak etxera bakarrik bidaltzen duten arte. Tasiok 27 urte bete berri ditu eta, erran gabe doa, denetaz nazka-nazka egina dago. Alabaina, halako batean, gazte baten heriotza ekarriko duen istripu batean sorosle lanak egitea egokituko zaio. Berak ez bertze inork susmagarri ez deritzon ezbehar horren gaineko ikerketak helburu bat ezarriko dio, bederen, bere bizi noragabeari.

Etxeberriak narratzaile gisa etorkizuna duela erakusten du bere lehen eleberri honetan. Alderantzizkoa pentsa badaiteke ere, ez da erraza gertakari izugarririk agertzen ez duen liburua erakargarri bilakatzea. Irakurleak, ordea, halakoen minik ez du izanen, zarauztarrak orriz orri ehundutako harietan harrapatua. Testuari etengabe darion gatz eta piperrak ere badu horretan merezimendu puska: ahozko jardunaren agerpenek, ohar ironikoek, umore beltzezko ateraldiek, goitik behera zipriztintzen dute liburua.

Herri honetan, milaka dira Tasio Ardanaz bezalakoak, zalaparta handirik gabe, bizi beharraren abenturan lanpetuak, oraindik ezagutu gabeko maitearen ametsean eta duin ordaindu dioten lan finkoaren esperantzan egunero oheratzen direnak. Horiek ere literatur gai izan daitezkeela erakutsi du, ederki erakutsi ere, Xabier Etxeberriak.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak