kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Atzo / Agota Kristof (Eskarne Mujika) / Alberdania / Elkar, 2003

Atzo Gerardo Markuleta / Egunero, 2003-06-07

Alberdaniak 1997an kaleratutako Koaderno handia esku artean hartzeko zorioneko okurrentzia izan zuenak gogoan izango du seguru asko Agota Kristofen izena. Nahiz eta garaian ez zen euskaraz gaur adina literatur itzulpen argitaratzen —gaurkoak gutxi izanik—, literatura euskaratua gaur baino are gutxiago irakurtzen zen arren, Eskarne Mujika Gallastegiren bigarren liburu itzuli honek izugarrizko estimua lortu zuen euskal irakurleen artean. Gaia eta kontatzeko moldea ezberdinak ziren, oso bestelakoak euskaraz orduan —eta orain?— argitaratzen ari zenaren aldean; baina, horretaz gain, Kristofen estilo aldi berean lehor eta sujerikor hori txundigarria, musikalki hipnotikoa gertatzen zen Mujikaren euskara aldi berean bizi eta eutsian. Egileak bere idatz-moldeaz:

“Oso da soila nire idazteko modua. Iluntzean idazten dut, eskuz, ez ortografiaren ez intrigaren ardurarik gabe. Istorioak eta elkarrizketak asmatu, eta koadernoan pilatzen ditut. Gero, desordena gehiegizkoa denean, idazmakinaren aurrean jarri, eta ordenatu egiten ditut. Collage moduko bat, muntaketa bat egiten dut, sarri laupabost aldiz errepikatzen diren eszenak izaten dira eta”.

Koaderno handia (1986) frantsesez idazten duen hungariar honen trilogia bateko lehen eleberria da: beste biak Froga (1988) eta Hirugarren gezurra (1991) dira, euskaraz oraingoz irakur ezinak. Gaur aipatzen dugun Atzo hau 1995ean argitaratu zen jatorrizko edizioan. Trilogiako biki izugarriak ez dira hemen ageri, erloju-fabrika bateko langile emigratu baten bizimodua eta maitasun ezina kontatzen zaizkigu. Agota Kristof bera erloju-lantegi batean aritu zen beharrean, errepresio politikoaren beldur Hungariatik ihesi eta Suitzan finkatu zenean. Fikzioaren eta errealitatearen arteko loturaz, hala dio:

“Benetako historiak idazten saiatzen naiz baina, une jakin batean, historia jasanezina egiten da hain zuzen ere bere egiazkotasun hori dela eta; orduan historia aldatzea beste erremediorik ez dut, orduan dena edertzen dut”. Kazetari batek, edertze horretaz sinesgogor (batzuen ustez, nekrofilia usaina darie haren lanei, eta etsipena eragiten), zera galdetu zion: “Benetan uste duzu dena edertzen duzula?”. Eta berak erantzun: “Bai, errealitatea are okerrago da”. Gero gehitu zuen: “Liburu bat ezin daiteke bizitza bat bezain tristea izan”.

Liburua ederra da, eta tristea baino gehiago, izugarria. Testua biluzia da —egileak gorroto ditu deskribapenak, sentimentalismoa debeku da—, baina aberatsa: aszetikoa oro har, baina zantzu liriko ustekabekoa, edo lau berbazko astindu zorrotza bizitzaren zentzuaz beti gertu, beti zain.

“Ezinezkoa zait zuzenean ukitzen ez nauten gauzez idaztea. Behin, egunkari aleman batek zinemari buruzko testu bat eskatu zidan. Ezin izan nuen. Ez nuen ideiarik ere. Idazten dudanean, oso gogoeta gutxi egiten dut. Materiala hortxe dago, eskuragarri. Ezin izango nuke inolaz ere, esate baterako, literatur kritikarik idatzi”.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak