« Herioren atzaparrak | Postmodernitateaz »
Eulien bazka / Hasier Etxeberria / Susa, 2003
Zoriona, kaka zaharra Maider Ziaurriz / Egunero, 2003-05-31
Maiz gertatzen da edozein idazlani izenburua jarri behar, eta makina bat buruhauste izatea lan hori bataiatzeko unean. Izan ere, askotan, idazteak berak baino lan handiagoa ematen du idazlanaren funtsa eta mamia hitz gutxi batzuetara biltzeak. Ez zait hori gertatu, ordea, Eulien bazka honetan, kritika hau idazten hasi aurretik bainuen izenburua erabakia; izan ere, Hasier Etxeberriak behin eta berriz aipatzen du eleberrian barrena Zoriona, kaka zaharra, lelo edota kanta baten errepika moduan. Gainera, Roland Barthes kritikariaren aipu bat dakar liburuaren hasieran, eta Barthes aitagoi hartzeak ematen dio halako lasaitua literatur kritika egin behar duen edonori; haren irudiko, zilegi baita ia edozein interpretazio egitea. Beraz, hona, nire bost xentimokoa:
Zoriona du izena Damian Arrutik Hondarribiko golf inguruan duen etxeak, emaztearekin batera hara aldatu zenean, bizitzeko zuten ilusio horren lekuko gisa jarria edo. Baina zoriona hori bada, bizitzeko ilusioa bada, etxe horrek ez du zorion habiaren tankerarik batere. Emazteak, etxearen handitasuna eraman ezinik alde egin zuenean, berarekin eraman bide zuen zoriona. Damianek, berriz, jada zoriona bilatzeaz ere etsita, bakardadea du abaro, eta ez du nahi inork bakardade hori aztora diezaion. Alde horretatik, existentzialista samarra da, baina ez du Sartre edo Camusen filosofiarik jarraitzen, bere existentzialismoa bizitzak berak eragindakoa da. Azken batean, gizakia eulien bazka baino ez da, eta, bien bitartean, bakardadeari aurre egin behar dio. Zoriona azkentzen, hiltzen ari den ilusio gaztea da, eta euliek hiltzera doan ehizakiari usteltzen hasi aurretik igartzeko ahalmena duten bezala, Zoriona hau ere eulien bazka bilakatu zaigu. Zorionako kaka zaharrean bueltaka dabiltzan hamaika euli burrunbatsuren bilduma baitu Damian Arrutik. Izan ere, euskaldun bakan eta arraro horietakoa da Damian Arruti, Euskaldunon Egunkaria, bera bezalako anormalen periodikoa, irakurtzen duena. Are anormalagoa du ogibidea: entomologoa!
Baina itxuraz anormala izan arren, pertsona normala da, inguruneak eta bizi izan duenak zaildua. Maitemintzeko, sentitzeko aroa pasatu duelakoan, ez du inorekin loturarik nahi, eta zoriona bilatzeari ere uko egin dio. Gainera, Damian Arrutirenak egin du, baina ez, berak uste duen bezala, eztarriko kartzinoma ezkatadunak hilko duelako, ezpada bizirik egotea hilda egoteko modu bat ere badelako. Eta euliak ditu poz iturri bakar, euliek egiten dute Zorionan zoriontsu, euliek erakartzen dute Damian, eta, oharkabean, bizitza zurrupatzen diote, eulien bazka bihurtu da, eta nekez ikus dezake handik aurreragokorik. Hori du bere egia; baina ezusteko sinesgaitz batek asaldaraziko du bere bizitza lasaia, film beltzetako moldean: hain zuzen, emakume baten gorpua aurkituko du Ertzaintzak hamaika zatitan txikitua, eta eleberriaren haria hilketa horren inguruan mamituko da. Damian Arrutik, zientzian oinarriturik, emaztearen gorpua dela sinetsiko du eta hala sinetsaraziko dio bati eta besteri, ohartu gabe, bizitzan salbuespen harrigarrienek ere izaten dutela lekua. Horrek galaraziko du Damian Arruti, hain enpiriko izateak. Baina bost axola guztia harako Thrumanen ikuskizun izanda ere —zinemari erreferentzia egitea zilegi bada—, gerok egia dela uste badugu; guk zer sinesten dugun, horrek balio du. Kasu honetan, katea uste baino korapilatsuagoa izango da, ordea, Damianen gezuregiak sare ilegal bat azalaraziko baitu; gainera, horrek bide emango dio, neurri batean, kritika soziala ere egiteko.
Irakurleari, berriz, ez zaio damutuko ezusteak maisuki elkarlotzen diren eleberri hau irakurtzeko beta hartu izana; areago, gozatu ederra hartuko du Hasier Etxeberriaren hizkera bizi eta joria dastatuz; izan ere, hitzari esanahi mamitsuena ateratzen dio, esaldiak artez kateatzen ditu, eta hizkuntza sortzeko gaitasun itzela duela ere erakutsi du.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres