kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Ipurtargiaren itzal luzea / Lorea Agirre / Egunkaria, 2003

Ipurt-Argi Beltzaren itzal luzea Jon Arano / Ostiela!, 2003-09

Aspaldi, artean gazte eta berde ginela, Eguzkisoron ezagutuko nuen “Zeruko Argia”. Ameztoyren azalak, Olariagaren, Aleman Amundarainen eta besteren irudiak, Sarriren eta beste askoren idatziak, Anparo Arangoaren ubeldurak, beltzuneak, torturak. Begiak itxita sinisten genituen. Hura izan zen gure eskola txikia. Argi-itzalak ene zakuttoetan. Itzal/argi uneak euskal prentsa maite zuen alproja gazte baten alportxetan.

Oso aspaldi, gizatxarkeriak ezagutzen hasita, ez genuen gizondu nahi, eta Julio Cortazarren “Rayuela”-n aurkituko nuen Argi Beltzaren aipua lehendabizikoz. Jeniala oxímoron delako figura hori, itxuraz kontraesanean bizi diren bi hitzen elkarketa hori. Dirdir egiten zuen Eguzkibeltz horrek, begiak itxita ikusten genituen bere errainu gorriak, Orixek esan zigun bezala.

Kronologikoki aurretikoa izan behar zuen, baina gero ere Poeren ipuinen batean han zetzan, argi, berri, beltza. Bigarrena lehenengoa baino lehenagokoa izan bazen ere, lehena bigarrenaren itzultzailea izan baitzen… Hurrena, berriz, Borgesenean, eta segidan klasiko latinoren baten orrietan aurkituko nuen Argibel…, gatibatu ninduten izenen (Lilith, Lilibel, e.a.) eta leku-izenen (Liberia, Basora, Arimasagasti, Lizardi…) indar berberarekin… Ezer berririk ez da eguzki azpian…

“Argia ezagutu nuen” eta, susaratuta, lan beltz hark salbatu ninduen gizontzean. Eta, horr-horr!!!, non topatu nuen orduan Joxemi Zumalabek eta Josu Landak, kizkurra kiribilkatuz, eskaini ziguten aldakin ezin ederrago eta gureagoa: Ipurtargi beltza! Juan Luis Zabalaren “Liluratura”-rekin batera, izkiriaturik aurkitu ditudan hitzik nireenetakoak!

Orain, ordea, gizonduta bainoago gizenduta gauden honetan, txikitan ez bezala ipurtargirik apenas ikusten dugunean, ohartzen naiz gau beltz berria bizi berri izan dugula. Eta poeta, eta poeta, etxean gelditu da, ateak itxita. Eta nori sinetsi, kalean begiak irekita, beldurrak eraginda, gaizki lo eginda gero? Martxelo. Zer esan du? Zer egin du? Madril trolero, mundua ikusi eta etxera gero… Ohartzen naiz egun goibelik ez dugula bizi gura gaur, zeru urdina besterik ez dugula ikusi nahi.

Eta Lorea Agirretarrak bere “Ipurtargiaren itzal luzea”-n dioenaz ere ohartzen naiz: eguzki batek baino argi txikiagoa eginagatik, itzal luzeagoa egiten zuen ipurtargiaren alegia egia bihurtu zutela Joxemik eta enparauek, Egunkaria: Barkatu ama, begia, kazeta, bidaide…

Gau iluneko beldurrak uxatu izan dizkigu urteetan goizerokoak, itxierako goiz fatala arte, eta izen pattal pare bat edo hiru ere proposatzen ditut laister zabalduko den egunero-eguneroko egunkari berri horrentzako: Eguna bata, pizkunde eta gerra garaiko haren aipua eginez, Egunargia bestea, jatorriz lehena izan zena bigarren bada ere, akordatzea ahaztu ez dakigun, eta Egunekoa edo Egungoa.

Artaziak, Euskararen liburu beltzak eta tapa beltzekiko koadernoak gogoan hartuta, Moloch-Estatutisten, “ogro filantropiko”-aren, terrorista etisten eta etc.-tisten maliobra maltzurrak toreatuz, paperipurdiak ukatuz, ipurpaperak eta infernuko ipurtilunak alboratuta, itxurazko egunkaria behar dugu eta, izaten duen izena duela, izan dadila, euskaldun “onen”, “txarron” eta, ea egia den!, “erdipurdiko” euskaldunen laguntzarekin.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak