« Herioren atzaparrak | Postmodernitateaz »
Eulien bazka / Hasier Etxeberria / Susa, 2003
Hegaberaren bizi-mina Oier Guillan / Gara, 2003-05-31
Sentsazio kontrajarriak sortatazi dizkit Hasier Etxeberriak argitaratu duen nobela berri honek. Liburua hiru zutabe garrantzitsuren gainean eraikita dagoela atzeman liteke hasieratik: trama iluna, kontatzeko modua eta pertsonaia nagusiaren barne mundua. Irakurtzen hasi eta zutabeok erakarrita, liburuaren baitan harrapatuta gelditzea desiratu nuen arren, hasiera iradokitzaileak sortutako grin edo lilura hori narrazioa aurrera joan ahala apurka desegiten joan zen. Zutabeak pitzatzen joan ziren nobela, batez ere, erdikoak sostengatua gelditu arte, kontatzeko moduarenak alegia. Erdiko zutabea izanik, oreka oraino nolabait mantentzen zen, baina ez hasierak iragar zezakeen egitura sendoaz.
Tramak hastapenetik iradokitzen zuen hari ilun bat, hilketa bortitz bat tarteko. Tankera honetako abiapuntuak dituzten istorioek argitzalez beteriko amarauna zabaltzen ohi dute irakurlearen inguruan. Amaraun hori gauza konplexua izan ohi da, eta era berean hauskorra. Amarauna osatzeko trebeziak nahiz hura laguntzeko gehitzen zaizkion osagarriek (pertsonaiei dagokienak, batik bat) aberastu eta ezberdintzen ohi dituzte tankera honetako narrazioak. Kasu honetan, pertsonaiaren eraikuntza suertatzen da nagusi istorio beraren gainetik, eta horren ondorioz, tramak indarra galtzen du. Zenbait pasarte behartu samar iruditu zaizkit, hasieran Intxaurrondon suertatutakoa edo geroagoko tiroketa kasu. Pertsonaia nagusiak dituen harremanetan hartzen du agian indar gehiago narrazioak, hala ere, zenbait atalen arteko zubiek salto handia egiten dute hari horren garapenean.
Damian delako pertsonaia nagusi horren barne mundua da aipatutako beste zutabea. Bere barruko nahiekiko eta, oro har, ahotsarekiko kontraesan jarraian sumatzen ahal da pertsonaia, haien eta bere ekintzen arteko borroka jarraian. Damianen barne koordenadetan murgildu ahala, gai ezberdinen inguruko gogoeta interesgarriak kausi litezke zeharka, ezein pertsona, azken finean, bere nahi eta ekintzen arteko kontraesanen emaitza dela agerian utziz. Edonola ere, gai ugari tartekatzen dira eta horrek, neurri batean, pertsonaiaren perfila lausotzen du. Eleberriaren inguruko gogoetak, esaterako, interesgarria izanik ere, agian gehiago adierazten du autorearen isla pertsonaia berarena baino. Bestetik, lehen orritik ematen da aditzera Damian hilzorian dagoela, narrazioa garatu eta ulertzeko gako baten gisa. Ezaugarri hori ostera lausotu egiten da, pertsonaia biziki baldintza lezakeen ezaugarria lerro artean galtzen da. Damianek ez du beti hilzorian dagoen pertsona baten gisan jokatzen. Hori egoera horretan egotea zer den ez dakien honek dio, noski, zalantza irekirik.
Kontatzeko moduari dagokionez, gozagarria suertatu zait lan hau irakurtzea: esaldi laburrak, erritmoa, soinu eta onomatopeiak tartekatzeko modua, errepikapenak, barne pentsamenduaren isla izan daitezkeen jira-bira bortitzak… Liburua gustura irakur daiteke hasieratik bukaerara, baina, ene aburuz, aipatu beste zutabeen ahultasunak amaieran pisu nabarmenegia du.
Kontraesanen bihurgunetik, Damianek nolabaiteko zentzua duen borroka eramanen du aurrera. Ohituretara ohituegi, zenbait alderditan ustez etsituta dagoen pertsona izanik ere, beti gordetzen du gauzak aldatu ahal izateko itxaropenaren atea zabalik. Hegaberak mugiarazten dituzten arrazoien bila dabil beti.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez