kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Hondarrak / Ruben Sanchez Bakaikoa / Txalaparta, 2019

Perlak hondarretan Irati Majuelo / Berria, 2020-03-01

Familiaren etxea erortzearekin batera hasten da nobela: “Iragana ezin da berreraiki”. Baina eraiste orok sortzen ditu hondarrak, eta horiek beren min eta poz guztiekin biltzea izan daiteke iragana aitortzeko egin daitekeen gutxiena. Berreraikitze hori izan du helburu Ruben Sanchez Bakaikoak bere lehen nobelan, eta saiakera duina egin duela esan daiteke.

Familia bakarrean, bi narrazio lerro eta hamaika istorio aurkezten dizkigu idazle gasteiztarrak. Alde batetik, Xabier Tupa-ren kartzelaldia kontatzen da, 1990eko hamarkadan oso gazterik ETAn sartu, eta ondoren 27 urtez Espainian kartzela batetik bestera mugiaraziko dutena. Bestetik, eta aurrekoarekin tartekaturik, Tuparen familiaren historia azaltzen zaigu, abueli Pilarren eta Julia amaren oroitzapenei eta azken horren egunerokoari esker, presoak bere hitzez idatzia. Haien bidez, Gerra Zibilaren aurreko, muineko eta ondorengo bizimodua ezagutu dezakegu, Nafarroa erdialde-hegoaldeko paisaiak eta Uxue herria epizentrotzat hartuta.

Esan gabe doa nobelaren gai nagusiak euskal gatazka eta Gerra Zibila direla, gudaren minak eta memoria historikoa. Alde horretatik, ekarpen interesgarria egiten dio Sanchez Bakaikoak gatazkaren eta memoriaren literaturari, topikoetatik atera eta gerra humanizatzeko saiakera egiten baitu. Nabaria da, esaterako, ETAko militantearen sentimenduak, harremanen gorabeherak eta miseriak azaleratzeko nahia. Horrez gain, uste dut ekarpenik interesgarriena XX. mendeko Euskal Herriaren zati bat idatzita uztea izan dela. Dokumentazio lan handia du nobelak Uxueko bizimoduaz ari denean. XXI. mendea heldu eta Casa Isa erortzearekin batera agortzen joan den mundu bat erretratatu du, harrizko mundu bat, zaldi-gurdiak, dantzaldiak eta beldur isildu gehiegi zituen mundu bat.

Hala ere, esan beharra dago eleberriari une askotan indarguneak ahulgune bihurtzen zaizkiola. Izan ere, gehiegizko informazioak astuna egiten du narrazioa sarri, pertsonaia ugariek eta pasarte motzek hariari jarraitzea zailtzen duten moduan. Hala bada, zenbaitetan kronika itxura hartzen du. Presoaren kartzelaldiaz idaztean, aldiz, gudariaren prototipotik ihes egin nahi izan du Sanchez Bakaikoak, eta askotan asmatu badu ere, besteetan erdibidean geratu da, topikoei eutsiz (makarra, gogorra, burugogorra, maitatzen uzten ez duena). Hala ere, Tuparen bakarrizketek eta amarekin dituen solasaldiek irudi hori leuntzen laguntzen dute. Esan daiteke, beraz, Tupari buruzko hari narratiboak behetik gora egiten duen moduan, Uxueko familiari buruzkoak goitik behera egiten duela.

Ezin da ukatu, baina, lehen nobela honek egile ausarta aurkeztu digula, oinak lurrean izanik, oinpeko lurra goldatu eta historiak dakartzan minak arakatzeko beldurrik ez duena. Zintzotasun handiz idatzitako lana da, eraitsitako memoriaren berreraikitze ariketa egin nahi zuena. Eta hori lortu duela esan daiteke, historiaren hondarretan perla ederrak aurkituta, gainera.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak