kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Amua / Aritz Gorrotxategi / Elkar, 2019

Paradoxaren harri mikatzak Hasier Rekondo / Deia, 2020-02-15

Formalisten arabera, poesiaren tropo nagusia paradoxa da. Poesia orok lortu nahi baitu ideala-izpiritua lengoaiaren egunerokotasunarekin uztartzea. Aritz Gorrotxategiren (Donostia, 1975) azken poemarioak, Amua (Elkar, 2019) ederki edaten du paradoxa horretatik. Errealitatearen ezintasunaz, bizitzak dakarren oinazeaz eta herioren zentzugabekeriaz ari zaigu, baina betiere horren guztiaren ifrentzua xerkatuz. Poetak oroimenaren kakofonia, poesiak transzenditzeko duen ahalmena-ahuldadea eta mitoen erreferentziak baliatuko ditu lurralde ideal hori ehuntzeko, hizkuntza poetiko zuzen eta irmo baten jabe.

Pentsamenduaren Poesiaren manifestua sinatu zuten poeta eta idazlea izanagatik, Gorrotxategik erruz landu ditu beste literatur genero prosaiko batzuk: gidoilari aritu da zenbait telebista sailetan, ipuingintzan zein nobelagintzan ere badu eskarmenturik, genero orotako idazle bat dela esango genuke, baiki, euskal literaturan rara avis bat, idaztetik bizi omen da, ondo idaztetik bakarrik bizitzeak badu meriturik eremu latz honetan: Ahazten diren gauzak, Koldar hutsa zara etab. Alta bada, niretzat beti izan da poeta izan nahi ez duen poeta handia. Gogoangarria zait oraindik orain bere aurreko poemario hermetikoagoa: Zaldi hustuak (Erein, 2007).

Amua honetan, poesia gardenagoa landu izan du, gaiei dagokienez liburu konplexua eta sakona izan arren. Liburua sei azpiataletan dago banatuta. Nago Heriori dedikatutako 6. dela lortuena. “Hain zen dena arina…/ Heriotzarik ez balego bezala”. Heriotza eskultore bat da eta batez ere Poxpolo kaxa poemek gorentasuna lortzen dute. Gorrotxategik azken poema narratibo horretan elkarrizketa ezin finago bat ehuntzen du, aita-semeak herioren aurrean dituzten zalantzak elkarrizketa paradoxiko bihurtuz: “Zer oskol mota da gizakia?” / galdetu dio / bere buruari, beldur eta harri hitzak / eztarrian mikatz, trabatuta”. Badago hobeto esaterik? Atal horretan, deigarria egin zait poetak hiltzeko moduari ematen dion garrantzia. Amua irensteko moldearen gainean arras gutxi hitz egin baita literatura jasoan. “Heriok ere badaki / bereizketak egiten, ezustean harrapatzen / bezainbeste”.

Bitxia bada ere, esango nuke liburuaren parterik ahulena hasiera ataletako poesiarik “borgianoena” dela. Erreferentzia literarioz trufatuta daude atalok, ematen du batzuk lar ekarriak direla, poema gardenenei airea kentzen baitiete. Halere, poemotan badago Mediterraneoko hondartzetan galtzeko desiorik, bizitzak duen xede bakarra aldarrikatzeko grinarik, oinazea gozamenaz aldentzeko beharrizanik: “Elkar maitatuko dugu, / barretik negarrera / pasako gara kilkerrak / jauzirako duen / erraztasun beraz” dio poetak Egun gogoangarria neurtitz epikureo-zaleetan.

Nahiko isilean igaro izan arren, Gorrotxategik iazko poema libururik ederrena eta sakonena landu du. Plazerez beteak irentsi dugu amua poesia estimuan dugunok, zenbakietan oso gutxi izan arren (barka gaitzaten). Godoten gisa esperoan dagoen beste amua (moldeak molde) irentsi arte bederen, honen moduko poesia irakurtzeko grazia eman diezagutela Jainkoek eta jainkoak ez direnek.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak