kritiken hemeroteka

8.683 kritika

« | »

Iraganaren izterrak / Gorka Salces Alcalde / Balea Zuria, 2019

Hausturaren bila Alex Uriarte Atxikallende / Gara, 2019-12-28

Etengabeko ekinaren eta isileko sakrifizioaren saria da Gorka Salces Alcalde egile bizkaitarrak (Portugalete, 1986) argitara atera berri duen “Iraganaren izterrak” (Balea Zuria, 2019) obra. Donostia Kulturak antolaturiko poesia sariketetan bere kristalezko sabaia apurtzeaz ari naizela pentsatuko du baten batek, baina ez; izan ere, Lekore, Itu nahiz Atopia bezalako proiektuetan jo eta su ibilitako idazlea dugu hau eta iritsi zaio, behingoz, bere ahalegin oro eskertua zein estimatua izateko tenore handia.

Antzinako mintzairei nahiz elementu unibertsalei keinu egin asmoz-edo, Salcesen obra hiru zati nagusitan egituratua dago: “Ego”, lehenik eta behin; “Demos”, ondoren; “Cosmos”, azkenik. Esparru batetik besterako jauzia, gehienbat, jorratzen dituen langaietan eta ahots enuntziatzailearen prisman datza. “Ego” atalak, zelan ez, norbanakoari egiten dio keinu eta, ondorioz, pasarterik pertsonalenak, intimoenak eta norberari hertsiki dagozkionak bertan kokatzen ditu. Testuek eurek ere, gorputzik sendoena lehendabiziko zati honetan dutelakoan nago. Ondoren, “Demos”-era jauzia egiten duenean, nolabaiteko kolektibotasunaren bila hasten dela begitantzen zait; sail honetako poema labur baina irekiei kutsu soziala darie. “Cosmos” deritzon azkenengo eremuaren kasuan, ordea, atmosfera abstraktuagoak eta lausoagoak barrundatu ditut, hausnarketaz josiriko ildoei jarraiki.

Egile bizkaitarrak darabilen idazkera estilo literarioa, zelan edo halan, moldatu egiten da atal desberdinetako olerkiak egiterako orduan. Hori bai, lanean zehar zelanbaiteko flashback edo atzera begiratzeko joera batzuk igarri ditut, lana hasten den bezala bukatzear balitz legez. Aipatzeko modukoa da, halaber, idazleak testu hasieretako eta bukaeretako berbekin antolatzen dituen joko edo trikimailutxoak. Poemen luzerei helduz gero, begi bistakoa da testu bakoitza atal jakin batean egoteko sortua eta bideratua izan dela. Kutsu sozialdun bigarren atalean, esate baterako, haikuen itxurako testu labur samarrak dakuskigu, zuzentasuna eta gardentasuna adieraziz. Idazkera moldeekin jarraituz, hainbeste estilo, korronte eta tematikadun liburua izanik, egilea ahots enuntziatzaile desberdinen arteko apustua egiten dabilela dirudi; ondorioz, bere ahots enuntziatzaile propioa bilatu guran dagoela iruditu zait. Bilaketa horretan, baina, zinez ugariak eta desberdinak dira baliatzen dituen erreferentziak, luzerak eta estiloak; hori dela-eta, ez da inondik inora zaila irakurlea despistatu eragitea eta lanetik urrunaraztea. Adibidez, badira nobela bati dagokion narratibatik benetan hurbil dauden olerkiak, baina, era berean, izugarri laburrak diren poemak ere kausi ditzakegu. Zerbait hobetu beharko banu, beharbada, luzeren eta ahots enuntziatzaileen arteko (des)oreka hori izango litzateke; izan ere, aniztasunak balio erantsia ematen dio obrari, baina gehiegizko aniztasunak hartzaileak obraren irakurketan amore ematea ere ekar lezake.

Eman lezake olerki liburu bat idatzi ordez, abangoardia literario bat sortzea izan duela xede Salcesek; orobat, sentsazioa ematen du figuratibotik inkoherentziara doan hari bat proposatzea bilatu duela. Nire aburuz, berrikuntzarako eta moldeen apurketarako joera duen izaera iraultzaile hori guztiz beharrezkoa da gurea bezalako irla ttipi batean, baina hauste horren dosiak zehatz eta zuhur neurtu behar diren ustea ere badut. Horiek horrela, etorkizun apurtzailea bezain distiratsua iragartzen zaio egile honi.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak