kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Erbesteko elurra / Felipe Juaristi / Erein, 2019

Erbesteko elurra Txema Arinas / uberan.eus, 2019-12-20

Nago Felipe Juaristiren nobelagintzan hainbat genero, edo hobeto esanda, eremu literario ezberdin jorratzeko joera nabarmena dela, hau da, bere narragintzari eusten dioten oinarrizko edo funtsezko gaiak zein moduak oso bertsuak direla, baina ez ordea bere literaturan —berdin dio poesia edo narragintza den— agertzen diren gaien nondik norakoak garatzeko hautatzen dituen konta-eremuak. Hori dela eta, benetan zoragarria den Arinago duk haizea, Absalon (1990, Erein) eleberriam zoramenaren inguruko baliabide faulknertarrak ardatz dira, Itzarri nahi ez zuen printzesa-rekin (2002, Alberdania) fantasia, Airezko emakumeak (2003, Erein) eleberriarekin genero historikora aldatzen zaigula ematen du, Ez da gaua begietara etortzen-ekin (2007, Erein) nobela sikologikora edota Etxearen negarra-rekin (2007, Erein) umorezkora. Azalez oso abiapuntu ezberdinak, funtsez ordea aitzakia hutsak Juaristiren berezko estilo zinez eta txit bereizgarria nola edo hala eta beti gailendu dadin. Hau da, Felipe Juaristiren eremu literarioa ezer baino lehen estiloa da duda izpirik gabe, izugarri ondo, dotore, maisu, landutako idazlanak eta gehienetan bi oinarri nagusi dituena: sotiltasuna (poeta doi nabaritzen denean nolabait eta ezinbestez) eta sakontasuna (berdin zaizkigu konta-eremuak edo tonuak, bizitzaren pisuzko gai nagusiak, gizakiaren gaineko gogoetak-eta, betiere azalez edo azpian agerian kausitzen baititugu). Erbesteko elurra eleberri berriarekin beste hainbeste, alegia.

Badago Erbesteko elurra nobelan kontakizuna nolabait zuritu edo eragin nahi duen trama arin bat: “Fermin Alberdi euskal kazetaria Madrila bidaltzen dute Sebastian Saldiasen azken egunak nolakoak izan ziren kontatzeko. Horrek bizitza aldaraziko dio”. Alabaina, eta esan bezala, aitzakia hutsa euskal kultura edo euskalgintzaren inguruko hainbat potret eta batik bat gogoeta egiteko, beharbada euskal gizarteari buruzkoa orokorrean ere bai. Nolatan? Esan liteke Juaristi gaiztoa bilakatu zaigula euskalgintzari erreparatuz, hau da, delako portretak eta egiterakoan gure gizartean guztiz errotuak, hedatuak, diren zenbait prototipo sortu egin dituela, auskalo zeintzuengan oinarrituta, hau da, egiazkoak ala ez diren ereduak, hori ezin dugu jakin. Gainera, egiazkoak baldin balira, ez dugu jakiteko eskubiderik, ez digu ardura. Felipe Juaristik sortutako pertsonaiak berenez eredu baitira euskalgintzatik harago ere, hots, egunerokoan etengabe topatzen ditugun giza prototipoak bailiran. Gaiztoa nolabait esatearren, egiatan Erbesteko elurran ironia, batez ere parodia, nagusi baitira gutxitan bezala, aldian behin ere iseka garbia tai gabe ematen diren eztenkaden indarraren arabera:

“Behin gogoan dut, Dioniso Belañeta poetak, Euskadi Irratian gidatzen duen literatura-programan Larrarteri buruz ari zela, eta hura gurtze aldea, ‘gure Marcel Proust’ deitu ziola, arrandia eta ardailaz, eta Larrarte hamaika demonio gaizto eta ausartek hartu zutela, infernurako estratan. Berriaren egunkarian zuen zutabetxoan idatzi zuen Proust idazle ona zela, baina haren literaturak emakume usaina zuela eta berak, Larrartek, ez zuela maritxutik ezer eta kontrakoa esaten zuenak igarriko ziola. Dionisio Belanetak barkamena eskatu zion Euskadi Irratiko programan, azpimarratuz bera literaturaz ari zela eta ez sexuaz. Baina iritzi-trukaketa horrek biotako inork espero ez zuen amaiera izan zuen. Zuriñe Mendikutebarrena antropologo eta Unibertsitateko irakasleak manifestu bat bultzatu zuen, euskal literaturan gero eta sarriago eta gero nabariagoak ziren joera sexistak salatuz. Berrehun emakume idazlek sinatu zuten manifetu hura, tartean Anaisabelek. Belañetak eta Larrartek testu nimiño bat, bai kantitate bai kalitate aldetik, sinatu zuten. Bat egiten zuten manifestuarekin, onartuko balitzaie beren presentzia, noski”.

Gauzak horrela, eta batez ere ironia errotik maite dugunok, nola ez gozatu delako parodiaz gure mundu txikiko memelokeria eta itxura(gabe)keria gero eta hedatuagoak hain modu gordinean erretrataturik. Eta honekin batera, orohar, gure gizartearen aje gehienak ia alderreskan. Bada, beraz, beneta gozatzeko moduko liburu bat, niri behintzat aspaldi ez bezala, eta baliteke euskaraz leitzen birritan edo suertatu izana, irria etengabean eragin didana. Tamalez, badakigu, gure artean, eta oro har nonhahi ere hein handi batean, halako parodia usaineko liburuek oso ospe txarra dutela nire ustez gero eta nagusiago izaten diren euskalgintzako sudur tente eta begi harroetara, baliteke edonoren eztenkadaren beldur edo, baliteke ere lau katu izanda kritika oro desidentzia txiki baina zital bat delakoan, baliteke gurean kanpokoen kontra dena zilegi delako, baina etxekoen kontra betiere gustu txarrekoa, irain larria edo traizio handia. Antza, euskal literaturan dena gozo eta geza izan behar da derrigorrean, dotore eta fina, literaturako behin-behineko jakintsuen ahogozo estereotipatua asebetetzeko propio ustez behinzat goren-gorenekoa izanda ezinbestez. Eta badirudi umorea berez ez dela aintzat hartzekoa, fidatzekoa, susmagarria baizik, batez ere ironia, norbaiti zitala izan dakiokeen aldetik arriskugarria ere bai, deserosoa batik bat. Horrexegatik parodia oinarri izan duten eleberriek ez dute arrakasta handirik gure artean (ez dakit zer dela eta Iban Zalduaren Euskaldun guztion aberria (2009 Alberdania) gogora etorri zaidan ezustean), azpigeneroa bailitzan edo, ezer benetan kontuan ez hartzekoa edo, broma edo denborapasa hutsa aparteko atentziorik merezi ez duena.

Felipe Juaristiren Erbesteko elurra eleberrian, aldiz, ez omen dago aitzakiarik liburuari muzin egiteko parodia berez eta batez ere ironiaren egiazko balioa edo garrantzia ulertzeko gai ez diren aldetik, parodia baino gehiago baita ohiko denez Juaristiren liburu guztietan bezala. Izan ere, liburuko istorioak aurrera egin ahala Juaristik hain berezko dituen gorago aipaturiko sotiltasuna eta sakontasuna gailentzen zaizkio delako parodiari edo. Azken buruan istorioaren benetako nondik norakoa maitasuna baita, hau da, gai nagusia, ez baldin bada nagusiena, edo kontrazalean ondotxo adierazi bezala: “Maitasunari eustea bizitzari eustea baita; bizitza maite duenak ezin matasunik gabe bizi”. Halaber, ez dira gutxi Erbesteko elurra kontakizunean azaltzen zaizkigun pisuzko gogoetak eta, benetan mamitsuak edo liluragarriak euskal kulturako pertsonai ezagunen arteko elkarrizketak. Eta den-dena, nire ustetan liburuaren ezaugarrietako nagusi bat dena ere, Juaristik izugarri ezti eta libre erabiltzen duen hizkerari esker ere neurri handi batean (niri behintzat, Patziku Perurenaren antzera euskararen kolorezko jatortasun baserritar edo telurikoaren jagole porrokatua ez naizen eta ezin izan naizen aldetik, guztiz jasoa bezain zolia atsegina, egiatan modernoa bezain urbanoa, begitandu zaidana). Egia esanda, labur bilduta ere, Erbesteko elurra eleberrian denetarik dago, dena oso mamitsua eta batez ere dibertigarria, baita eztabaidagarria ere, erabat zilegi edo zentzuzko denez, noski; baina, liburu soil batez hainbeste eta gogotik gozatu duzunean esker ona baino ezin duzu erakutsi, alafede.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak