kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Kandinskyren tradizioa / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2003

Saizarbitoriaren tradizioa Mikel H. Abaitua / Egunero, 2003-05-10

Saizarbitoriak bazuen tradizio bat orain dela urte gutxi arte bere poetikari zegokionez, eta hori eleberri modernotik zetorkion, zeinean istorioak kontatzea ez zen preseski helburu nagusia. Azken idazkietan, alabaina, aldatu egin du bere ohiko joera, istorioak kontatzeari bete-betean ekin baitio, eta hau alde batetik harrigarria gerta daitekeen arren, beste alde batetik esan behar genuke nahiko garbi gelditu zela lehen eleberritik beretik istorioak kontatzea zuela jarduera naturalena, gertakariak kontatzeko luma trebe bat zegoela narraziogintza modernozko azalaren azpian, hori bere dohain saihestezin bat zela alegia, eta horixe esan genuen orain dela hogei urte ere, batzuen harridurarako orduan. Horregatik ez genion inoiz serioegi hartu elkarrizketetan esaten zuenean istorioak kontatzea umekoia iruditzen zitzaiola. Jakina, mota askotako istorioak daude, batzuk pasadizo hutsak dira, eta beste batzuk bizitza zati esanguratsuak. Eta azken hauek dira Saizarbitoria gehien erakartzen dutenak.

Gazteentzako literatura gisa etiketatu dute argitaletxean Kandinskyren tradizioa, Saizarbitoriaren azken liburua, eleberri laburra edo ipuin luzea, baina edozein adinetako pertsonek irakurriko dute gustura, batez ere emakumezkoek, neska baita protagonista lehen pertsona gramatikalean idatzitako liburu honetan. Bertan Kandinsky pintorearen emaztearen anekdota batean oinarrituz bere erromantizismoa ase nahian dabilen neska ameslari baten amodiozko istorio gazi-geza kontatzen zaigu. Protagonista etengabe saiatuko da errealitatea bere erromantizismoan sar dadin, hasiera batean arrakastarik gabe itxuraz, baina autoreak ez digu lapurtuko amaiera zoriontsu bat azkenean.

Zenbaitetan joera pedagogikoa pittin bat itzuriko zaiola dirudien arren nahikoa ondo galgatzen ditu autoreak bere inpultsoak eta poliki-poliki erakutsiko digu neska baikorraren heltzeko gogoa, bizitzaz ikasteko nahia. Bukaera istorioaren hasieran egongo da inplizituki, eta, horregatik, zirkulua artezki itxiko da narrazioaren biribiltasunaren mesedetan. Hala ere, istorioa bere logikan eta zirkulua ixten den arren, ez da gauza bera gertatuko protagonistaren kasuan, lehen eta azken orrialdeetako pertsonaia ez baita berbera izango, esperientzia dela medio.

Berriz ere topatuko dugu hemen Saizarbitoriaren azken liburuetan maiz agertzen den emakume eta gizonen arteko harremanen gaia, non gizonezko pertsonaia baldar samarra eta emakumezkoa dezente positiboagoa den, azkarragoa, erromantikoagoa, zentzudunagoa, bere sentimenduak askoz hobeto ezagutzen dituena eta hauetaz hitz egiteko gauza dena, bera joango baita bizitzaren bila, esperientziaren xerka, hasieratik konturatuz zein urruti dagoen errealitatetik berak eraikitako ametsa. Hau esanda, baten batek pentsatuko du oso eleberri sinplista eta manikeoa dela. Baina ez da horrela. Enkontruak eta desenkontruak oso modu naturalean gertatuko dira.

Nouvelle honetan berriro aurkituko dugu lehenengo pertsona narratibotik kontatuta bakarrizketaren bidez pertsonaia sendoak eraikitzeko autorearen abilezia, eta horixe izan da gure ustez Saizarbitoriaren benetako tradizioa lehen eleberritik, pertsonaia eta istorio sendoak eraikitzeko iaiotasuna.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak