kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Irautera / Castillo Suarez / Elkar, 2019

Iraun duten horiei Alex Uriarte / Gara, 2019-11-16

Galerak etsipena baldin badira, itzulerak baldin badira, natur ingurumaria baldin bada, maitasuna baldin bada, plazera baldin bada, desira baldin bada, ez dago zertan haiez guztiez idatzi, galeraz beraz izkiriatzean, aipaturiko elementu funtsezko oro azaleratzen baita. Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) bere buruaren iraupenari eta, zergatik ez, galera jakin baten ostean berreraiki, berrasmatu eta berpiztu diren eta irauten jarraitu duten horiei merezitako omenaldia egin die, “Irautera” (Elkar, 2019) deituriko azken lan honekin.

Idazle nafarrak kontraesanetan eta naturako berezko elementuetan oinarrituriko atrezzo edo agerleku poetikoa eraiki du, bere barneko sinbolismoen nahiz kontraesan guztien agertoki izan dadin: autoreak nozitzen dituen sentipen zein pentsamendu kontrajarri oro jatorri zinez ezberdinez osaturiko zuhaitzen basoetan errotua dago. Badaude, batetik, tokikoak edo autoktonoak, baina, bestetik, kanpotik ekarriek ere beraien lekua dute. Iraupenaren bidaia honek lau geltoki ditu bere ibilbidean zehar: “Txertoak”, “Krainer hormak”, “Eraitsitako presak” eta “Artzain elektrikoak”. Halaber, iraupen-nahi horretan, egileak ez du inongo damurik, etsipenik edo doako mineririk pairatzen, errealitateari heltzeko beste heldutasun bat baino. Irauten duenak bere ekina eta hartatik ikasitakoa ditu sari, beraz.

Dena dela, Castillo Suarez ez dabil norbere buruarekiko edo gainontzekoekiko sentitzen dugun iraupenaz soilik; izan ere, bakardadearekiko ikuspuntua ere azpimarratzen du. Bakardadearekiko dugun ikusmoldearekin apurtzea lan honen sasi-jomugetako bat delakoan nago: bakardadea subjektu poetiko legez plazaratzen digu, pertsona bat bailitzan. Gauzak horrela, lanak barnebiltzen dituen hiru subjektu poetikoak ni-a, zu-a eta bakardadea dira. Proiekzio horren ildotik dator, hortaz, bakardadearen aurrean hartu ohi ditugun jarreren nolabaiteko azterketa eta kritika. Bakardadea, bidenabar, ez darabil irudi edo afera negatibotzat: “Nire poemak ez dira egundaino errendizio-ikur izan”.

Bakardadeaz harago, hastapenean aipatutakoari atzera helduz, maitasunaren eta galeren glosario edo lorategi partikularra eratu du Suarezek: “Irautera” bere osotasunean zentzua duen baina atalka banatua dagoen parke botanikoa da. Hala eduki aldetik, nola estiloari dagokionez, begi bistakoa da egile eskarmentatua dela: pasarte luzeetan zelanbaiteko efektu pisutsuak bilatzen ditu; laburrenetan, ostera, bat-batekotasuna eta irakurleagan momentuko sugarra piztea ditu xede. Gris denak argitara dakartza, miseria oro plazaratuta, zoritxar guztiak azaleraturik, horrela, oraindik bizi garela ospatzeko.

Gorputza, sexualitatea eta amodioa bat eginda edo elkarri loturik ageri zaizkigu, baina, zelan edo halan, bada amodioari buruzko interpretazio edo bidezidor bat: maitasunak, bere horretan, beronen amaiera ere adierazten du; horrenbestez, maitasunak leihotik alde egitean eta gomuta huts bihurtzean, bere zikloa bukatu egiten da eta, hain zuzen ere, orduantxe ailegatzen da bere osotasun totalera. Gizakia bakarrik egotera kondenaturiko izakia izatekotan, maitasun-etapak bere bizitzaren ibaiaren meandroak baino ez dira, alegia, gure existentziaren ibilbideko eremu bihurgunetsuak. Amodioa bakardadearekin uztartuz eta basoa elurrarekin irabiatuz, inongo arazorik gabe irakur daitekeen poesia sakon bezain zorrotza dakarkigu, beste behin, Castillo Suarezek. Sakona eta zorrotza ez ezik, norberarengan urradurak, lorratzak eta orbainak uzten dituzten horietakoa.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak