« Hilketa ikertzen | Villasante, esaterako »
Denboraren izerdia / Xabier Montoia / Elkar, 2003
Iraganaren eztanda Aritz Zubiate / Gara, 2003-05-10
Gogo biziz hartu dugu Xabier Montoiaren azken eleberria, “Baina bihotzak dio” ipuin bilduma eskuratu eta irakurtzean sentitutako ilusio berdinaz. Izan ere, dotore ekiten die gasteiztarrak genero ezberdinei, musikan egiten duen lana ahaztu barik, Hertzainak-en hastapenetan, M-ak berritzaileetan edo oraingo bakarreko ibilbidean. 80ko hamarkada hasieran euskal poesiari aire berriak eman zizkion gasteiztarrak, “Anfetamiña”rekin gure literatura eta rock-and-rolla uztartuz. Narratiban ere ekarpen oparoak egin ditu, bai ipuingintzan baita eleberrien esparruan ere.
Denboraren izerdia-k Euskal Herriko egoera zirimolatsuaren erdian kokatzen gaitu. Protagonista nagusia, Jon Ezenarro, gaztetan poli-mili izandako eta egun Madrilen bizi den zinema produktore “demokrata” da. Bere bizitza perfektua da itxuran, irabazleena, obenik bakoa, baina iraganaren zama astunarekin egingo du topo bat-batean, neurri batean “traidoretzat” jotzen duen errealitatearekin (heroiz eta biktimaz betetako herria, gurea). Talka honetatik azaleratuko dira Ezenarroren barne kontraesanak, bere koherentzia pertsonalean sortuko diren orban beltzak.
Oso sinesgarria da protagonista, erreala begitantzen zaigu, bere inkoherentzian koherente irauteko borondatearekin, bere buru zuritzeekin. Antiheroia da berez, gehiengo grisaren antzean, bere bizitza “arrakastatsuaren” azpian miseria pertsonal ugari ezkutatzen duena. Bere koldarkeria, esaterako, egintza handien lekuko izandakoa baita, baina beti urruntasun kalkulatu batetik, ez protagonisten eremutik, klandestinitateko diru bilketatik filmeen finantzaziorako metatzeetara, erretaguardian zokoturik. Horregatik maiteko ditu, agian, protagonistak Peckinpahren filmak, “The Wild Bunch” bereziki (obsesiboki gainera), bere gabeziak ahazteko lagungarri omen zaio cowboy-en ausardia, gogortasuna eta indarkeriarako sena.
Denboraren izerdia ez da liburu erosoa, gatazkaren aurrean ditugun iritzi eta jarrerek liburu honen irakurketa baldintza dezaketelako. Ez da politikoki zuzena, inondik inora. Xabier Montoia ez da isilik egoten den horietakoa, ez da inoiz izan eta horregatik miresten dugu askok. Ez da morala ez inmorala, amorala baino. Ez du era honetako epairik botatzen. Jon Ezenarro protagonistaren pentsaera konpartitu ez arren, guztiz sinesgarria iruditzen zaigu bere bilakaera, bere barne mundua.
Irakurketara erraz lotzen gaituen liburua da. Estilo zuzenez idatzia, esaldiak laburrak dira, labanak bailiran, kontzesiorik egiten ez dutenak. Bizimodu azkar eta “stresatuaren” erakusgarri edo.
Bi espazio ezberdinetan garatzen da nobela, Ezenarroren arrakasta bizi duen zeluloidezko Madrilen (fama, maitaleak, beautiful people artistiko eta politikoaren konpainia, aberastasun materiala) eta iraganaren gogorarazle gisa eragiten dion Gasteiz, gaztaroko bizi-poza, galdutako maitasuna, aspaldi aldendutako lagunen iritzi ezberdinak. Erritmoa ere desberdina dute biek, lehenengoaren abiadura eta bigarrenaren asperra, geldotasuna, udako sargoria.
Literaturaren beharren inguruan horrenbeste zalaparta eta ika-mika dauden herri honetan, irakurzaletasunaren plazerra berreskuratzeko tresna paregabea da Denboraren izerdia, pixkanaka normalizatuz eta konplexuak garaituz gabiltzan seinale.
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Irati Majuelo
Herioa Venezian
Thomas Mann
Aritz Galarraga
Azken batean
Lourdes Oñederra
Ibon Egaña
Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres