kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Hezurren erretura / Miren Agur Meabe / Susa, 2019

Bizitza nola bizi Estibalitz Ezkerra / Gara, 2019-10-19

“Kristalezko begi bat”-en (2013) antzera, autofikzioaren hariari tiraka osatu du Miren Agur Meabek bere azken lana, “Hezurretan erretura”. Aurreko lan hartan bezala, bihotzeko kontuek, hobeto esanda, bihotzeko atsekabeek badute tokia liburu berrian. Hala ere, ez dute hainbesteko protagonismoa hartzen edo, behintzat, ez dira hain giltzarri, mosaiko teselen antzera (narrazioetako batek hala du izenburua, “Teselak”) bata besteari kateaturik azaltzen diren kontakizun laburretan.

Akaso, motibo bat dira helduaroaren zenitera heldu den emakumezko protagonistaren gogoeta jarioan; “Hezurren erretura”-n behin baino gehiagotan iradokitzen den desasosegu sentimenduaren eragileetako bat, baina ez bakarra.

Liburua abiarazten duen ipuinean, “Miramar”-en, modu grafikoan azaltzen zaigu desasosegu hori: dena suntsitzen duten eta desagerrarazteko prest ez dauden arratoien itxuran. Osabarengandik herentzian jasotako etxetxoan arratoiek habia egin dutela kontatzen digu protagonistak, eta horiek akabatzeko deliberoa hartzen du. Uste baino neketsuago eta aurrera eramaten zailago gertatuko da arratoiak desagerrarazteko plana: multzoka hil eta erreko ditu karraskariak, baina berriro agertuko dira dena hankaz gora uzteko prest. Aurrerago, ezagun bat bere enkarguz etxetxoaren inguruan dagoen palmondo idorra mozten ari dela, arratoiak bertan babestu direla eta motozerrak eragindako triskantzaren ondorioz arratoi-odola gainera datorkiola imajinatzen du.

Arratoiaren irudiak iradoki dezakeenaren gainean jardun zuen Freudek (eta Lacanek geroago). Kasu bitxia aurkeztu zitzaion psikoanalista austriarrari: aita eta emaztegaia arratoiak protagonista zituen tortura metodo krudel baten eraginez hiltzen zirela amesten zuen etengabe. Ohi zuen bezala, sexuarekin zerikusia zuen patologia batekin lotu zuen Sigmund Freudek gaixoaren neurosia. “Hezurretan erretura” liburuko arratoiek ez dute hain azalpen burugaberik behar. Besterik gabe, atzean utzi nahi diren baina etxetxoaren jabe egon diren arratoien antzera, atzera bueltan datozen gertaeren oroitzapenak dira. Gertaera horiek arrasto afektibo sakonak utzi dituztelako, zaila gertatzen da horiek gainditzea.

Protagonistak ernegatzen duten aspaldiko kontu horiek erre eta haiekikoak egitea du helburu, berriro bizitzen hasteko. Narraziotik narraziora, teselatik teselara, gailentzen den gaia askatasunarena da: burujabetasuna lortzea arlo pertsonalean zein profesionalean. Bizitza bere modura bizitzeko eskubidea eta aukera, alegia, azalpenik eman zein barkamenik eskatu behar izan gabe, egiten duenagatik epaitua izan gabe. Horixe da, azken batean, umetan helduaroarekin lotu ohi den errealitatea: “kotxina” deitua izateari uzteko desira. Helduaro betera iritsi da protagonista, ordea, eta une hori noiz helduko zain dago. Ez da erraza emakumea izatea.

Virginia Woolfen aipu bat gogora ekarrita, protagonistak onartzen du “ezinezkoa [dela] bizitza aurkitzea bizitza saihestuta”. Hots, bere katu kuttunaren antzera batzuetan idazmahaiaren azpian ezkutatzeko beharra sentitzen badu ere, ezer gutxi konponduko luke horrela. Woolf ez ezik, beste emakumezko idazle batzuk ere izango ditu bidaide eta aholkulari, bere “gela” lortzeko prozesuan. Sidonie-Gabriell Coletten presentzia, esaterako, nabarmena da testuetan, modu esplizituan gainera, protagonistaren katuaren izenarekin hasi —arra izan arren, idazle frantsesaren izena jartzen dio, “inpirazioa” eman diezaion— eta bizitza propioa fikziorako material bihurtzearen kontuan.

“Hezurretan erretura”-ko tesela guztiek ez dute indar bera erakusten; batzuek dir-dir biziagoa dute beste batzuen aldean. Hala ere, bere osotasunean hartuta, mosaiko erakargarria osatzen dute. Haren bidez, idazlearen ahotsa indarrez entzun daiteke.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak