kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Irautera / Castillo Suarez / Elkar, 2019

Erresistitzea denean garaitza Igor Estankona / Argia, 2019-06-23

Castillo Suarezi zer edo zer gertatu zaio. Haizeak pinuaren adaburua lez inguratu du bizitzak, eta Irautera eder honen bitartez ekarri dizkigu zaurgarritasuna eta indarra, etsi gaiztoa eta kreatibitatea. Liburu bakanak dira horrela laburbiltzen dituztenak garai bateko gazi-gozoak, non gazia ez den hain gazi, non gozoa den saihestezin esateko beste modu bat: “Maitetasunak badu abantaila bat bederen:/ zauririk ez da egiten orbainen gainean”.

Castillo Suarezi zer edo zer gertatu zaio beraz. Eta nori ez.

Musika talde bateko kide guztiak momentu magiko batek jota egon eta diskoa grabatzen dutenean bezala, grazia egoeran daude hemen Castillo guztiak. Autoafirmazioarena, bakardadearena, feminitatearena. Denek batera konposatu dute pieza bat bakarra, liburu honetako poema guztiek osatzen baitute bakarra. Bere aurreko liburuak baino liburuago, Irautera hiztegi bat ere bada maitasunaren botanikaz hitz egiten diguna. Eta aurreko liburuen aldean sinbolismo arean gutxiago ere nabari zaio, errealismo minimalista bat darabil-eta, non ñabardura guztiak diren inportanteak: “Ez kantarik, ez argazkirik./ Joan zinenetik/ saihesten ditut mendiak zein ibaiak”.

Hizkuntza bera bihurtzen da honenbestez bide bat baso-paisaje batean barna doana: “Nik elurra maite dudala esango dizut,/ eta iparralderantz joango gara,/ (…) / Galdu dudan guztia zarela iruditzen zait batzuetan”. Indefinizio horretan, agurraren eta esker onaren artean ganduan bezala gauzka zur eta lur, ahapaldi boteretsu eta eleganteetan gogoa lotzen zaigularik gu geuri gertatu zaizkigun gauzei beha: galdu duguna, galduz irabazi duguna.

Poema luzeetan erritmoaren bilaketa eta laburretan birfinketa, dena agerian daukan liburu honek halabeharrez eduki behar zuen agerian edertasuna ere: “Dena kontatu nahi dizut. Zure begietara etorri. Gauza arruntak egin. Kalean eskutik heldu, lotsatzen bazara ere. Elkarrekin etzan sutxakurrak behatzeko”.

Egin zezakeen abailduraz Castillok oportunismoa, baina kontrara erabaki zuen denok biltzea lorategi batean, Galarretan, ekaineko eguzkipean, garia berde oraindik, bizi garela ospatzeko. Han jende guztia zegoen harro bere laguna izateaz, Casti-k ikusarazita agian horixe dela, alboan egote hutsa, egin daitekeen mesederik handiena. Zintzotasunez idatzitako poemategi bat aurkeztu zigun, orain esku artean urtzen zaidana, pinu artean dabilen haizearekin zorrak kitatzeko idatzia.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak