kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Olerki, ipuin eta eleberriak / Mayi Pelot / Maiatz, 2019

Sol III-tik Peru Iparragirre / Berria, 2019-06-02

Bere heriotzaren notiziaren harira, 2016ko udazkenaren bueltan izan nuen Mayi Peloten berri. Azken urteotan, zientzia-fikzio feministaren inguruan antolatutako ekimenen bidetik zabaldu da Peloten lana. Ansiblefest zientzia-fikzio feministaren jaialdiaren lehen edizioan izan zuten aipagai Euskal emakume idazleak zientzia-fikzioan izenburupean Itxaro Borda, Arrate Hidalgo, Ana Morales eta Josune Muñoz elkartu zituen mahai inguruan, eta, berriki, Sareinak taldeak bere jardunaren hamabigarren urteurrena probestu zuen Mayi Pelot omentzeko. Omenaldi horren harira argitaratu du Maiatz argitaletxeak Olerki, ipuin eta eleberriak antologia, hain zuzen ere, Peloten olerki, ipuin eta eleberri argitaratuak biltzen dituena. Tronpatu ezean idazlearen lan argitaratu bakarra geratu da liburutik kanpo, Hinduismoa, monoteismoa mila aurpegiduna (Maiatz, 1992) saiakera.

Bilduma hau balio handiko altxorra da, zalantzarik gabe, euskaraz ekoitzitako zientzia-fikzioa interesa dakiokeen ororentzat edo Mayi Peloten lana aztertu nahi lukeenarentzat, bereziki, baina, oro har, baita gure literaturaren kanonaren ertzetara pusatu diren idazleak ere kontuan har nahi dituen literaturazalearentzat. Idazleak argitaratutako lan ia guztiak emateaz gainera, bere bizitza eta obra gainbegiratzen dituen hitzaurrea dakar liburuak, Amaia Alvarez-Uriaren eskutik, eta hor jasotzen dira, besteak beste, Pelot ezagutu zuten Itxaro Borda, Luzien Etxezaharreta eta Joseba Sarrionandiaren hitz batzuk. Sarrionandiaren ilustrazio batek, eta Marie-Therese Peillenen eta Irene Bordaren hainbat ilustraziok janzten dute liburua.

Maiatz aldizkarian argitaratutako olerkiek ematen diote hasiera bildumari, eta testu dataturik zaharrena 1974koa da, nahiz eta 1982. eta 1989. urteen artean argitaratu zuen ia guztia, 1992ko saiakera salbu. Maiatz-en bueltan garatu zuen bere ibilbidea Pelotek, aldizkariaren sorreratik hartu zuelarik parte bertan.

Testuei dagokienez, aipagarria da poema, ipuin eta eleberrietan Pelotek hitzekin jolasteko erakutsitako abilezia. Poemetan aliterazioa eta errima dira nagusi, irakurketari kadentzia bat ezartzen diotenak; horren adibide aproposak dira Begi gorria olerkia eta Helikoki poema-irudia. Ipuinetan, iruzkin literario gisako Gutuna Josebari eta Amarauna 2 eta 3 aipatu nahi nituzke, gainerako narrazioetan lantzen duen zientzia-fikzioaren inguruko gogoeta gisa har daitezkeenak, Peloten erudizioaren erakusgarri direnak, eta, era berean, bere obran zehar landutako gaiak edo irudiak plazaratzen dituztenak.

Gainerako ipuin eta eleberrietan ere agerikoak dira Peloten umorea eta abilezia. Umorea, ozen barre egiteko moduko ateraldiak baitituzte testuetako askok, kontakizunetako tentsioak orekatzeko balio dutenak. Abilezia, istorioetako harien amarauna armiarma trebe baten gisan iruteari dagokionean, freskotasun agerikoaz, literatura egiteko asmo garbiaz gauzatua. Halaber, mitologia eta mundu sinboliko propioak sortzeko gaitasunak aberasten ditu testuok, unibertso literario propio baten erakusgarri.

Sol III-tik idazten zuen Pelotek, testuetako batzuen amaieran jarri zuen bezala, Lurretik, eta agerikoa da hori bere lanetan. Mundua ikusteko eta auzitan jartzeko modu asko kabitzen da munduan, eta horietan barneratzeko gida aparta da Pelot.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak