« Beroki bustien itsaskortasuna | Miranderekin zer egin »
Ur biren artean / Patxi Iturregi / Elkar, 2019
Gerra itsasotik Estibalitz Ezkerra / Gara, 2019-05-11
Urte batzuk dira, hogeita hiru zehazki, Patxi Iturregik “Haize kontra” ipuin bilduma, bere literatur ibilbideko lehenengoa, argitaratu zuela. Idazle aparta dela agerian uzteaz gain, itsasoaz eta ontzigintza arloko kontuez duen ezagutza sakonaren adierazle dira bertan jasotako istorioak. Beste horrenbeste esan daiteke “Ur biren artean” bildumako ipuinei buruz. Itsasoak ez ezik, Lehen Mundu Gerraren gaiak lotzen ditu Iturregiren azken laneko hamabi ipuinak. Espainiar Estatuak neutraltasunaren alde egin zuenez, Euskal Herriak ez zuen Gerra Handian parte-hartze zuzenik izan. Hala ere, ipuinotan azaltzen den bezala, Europa erdibitu zuen gatazkak eragin nabarmena izan zuen euskal lurraldeetan, batik bat kostaldean. Alemaniar urpekarien mehatxua dela eta —urperaturiko euskal ontzien zerrenda behin baino gehiagotan aipatzen da narrazioetan zehar—, kapitain eta marinelek tentuz ibili beharra dute itsasoratzen diren bakoitzean. Indar aliatuen kontrol zorrotzei aurre egin behar diete bestetik, merkantziaren zein kontrabandoaren garraioari begira traba handia dena.
Britainiarrek ezarritako itsas blokeoaren ondorioengatik kexu baina aldi berean jokoan dagoenaren jakitun, gerran sartzearen aukeraz mintzo da langile talde bat “Hotsa eta durundia” ipuinean, aliatuen alde borrokatzeko. Interesak eta leialtasunak denetarikoak dira gerra garaian, ordea, itsasoan zein lehorrean. Istorio guztiak ez baitaude itsasoan kokaturik; horietako batzuk Bilboko portuan jazotzen dira, esaterako. Itsas jarduerei zein gerrari buruzko bestelako ikuspuntuak eskaintzen dituzte istorio horiek: konspirazioak, kontrabandoa, itsasoratutakoen zain egotea dagokienen egunerokotasuna, ontzioletan lanean dabiltzanen borrokak, hiriko kafe ezaguneko tertuliakideen eztabaidak.
Gerrak areagotu egiten du itsasoan ibiltzeak dakarren arriskua, baita traiziorako aukerak handitu ere. Izan ere, ipuinetako batzuetan arerioa ez da itsasoa, lagun hurkoa baizik. Baina elkartasunerako aukerak ere egon badaude, maiz gutxien espero diren pertsonen aldetik. “Alderraiak” ipuinean, adibidez, arazo tekniko eta burokratikoak tarteko, Filipinetatik atera ezinik dabilen eskifaiari Txan anderea izeneko pertsonaiak emandako laguntzari esker egoera eramangarriagoa egingo zaio.
Beren laburrean, genero batetik bestera garamatzate Iturregiren istorioek: abenturatik genero beltzera, kronikatik espioitza narraziora. Era berean, pertsonaiei begira aniztasuna da nagusi: bada itsasoko jendea eta lehorrekoa, langileak eta enpresariak, aliatuen aldekoak eta alemanen aldekoak, pobreak eta aberatsak. Gertaeren konplexutasuna azpimarratzeaz gain, historiako agiri ofizialetan azaldu ohi ez diren bizipenak erreskatatzeko eta horietan arakatzeko aukera eskaintzen dio egileari aniztasun horrek. Esaterako, bilduma abiarazten duen “Erri bero”-k, liburuko harribitxietako bat, espioi lanetan aritzea egokitzen zaion Mari izeneko emakume gaztearen istorioa dakarkigu.
Oro har, gerra garaian ere itsasoak bere kode propioa duela azaltzen digute istorioek eta kode hori interpretatzen trebetasun handia du Iturregik.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi