kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Iraumen / Alexander Martinez Iturria / Algaida, 2019

Fantasia erreflexiboak Peru Iparragirre / Berria, 2019-04-07

Alexander Martinez Iturriaren Iraumen (Algaida, 2019) ipuin-liburuak irabazi zuen LIV. Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria, euskarazko ipuin-liburuen modalitatean. Edizioari berari dagozkionak kendu nahiko nituzke gainetik, liburuaren bestelako edukiari heldu aurretik. Liburu honen hutsune handienetako bat hori dela esango nuke: edizioa, edo horren falta nabarmena. Hori iruditu zait, behintzat. Ez dakit sariketa baten ondorioz argitaratutako lana denez testua orrazteaz inor arduratu ez delako (justifikazioa ez bada ere) ez den egon edizio lanik, edota argitaletxearen beraren utzikeriarengatik (azken buruan erantzukizuna beraiena dela iruditzen zait), baina emaitzak gabezia nabarmenak dituela uste dut. Saria merezi baldin bazuen, Martinezen lanak mimo apur bat ere mereziko zuen, ba.

Kexa horiek alde batera utzita, Iraumen liburuak bi alderdi interesgarri dituela esango nuke. Metropoliari dagokiona da bat, hiri askotarikoen amalgama den Iraumeri, hain zuzen ere. Iraume fikziozko hiri bat da; bertan jazotzen direnak hiri guztietan eta edozeinetan jazotzen dira, jazo daitezke: hirien posibilitateak biltzen dituen fantasia bat da, funtsean. Horren inguruan biltzen dira ipuinetako gehienak.

Bigarren alderdia literaturari berari dagokio, liburuak biltzen dituen ipuinetako asko, guztiak ez esateagatik, beste ipuin batzuetarako atari baino ez baitira: ugari dira ipuinen baitako bigarren mailako kontakizunak. Tipula bat zuritzen den bezala irakur daiteke Martinezen lehen lan hau, bere geruzetan sakonerako eta kanpoalderako bidea eginez. Geruza horiek eraikitzen eta haien arteko mugak lausotzen trebea dela erakusten du Martinezek, eta askotariko istorioak ederto harilkatzen ditu. Nahiz eta, batzuetan, ia xaloki agerikoaren eta sinbolikotasun ilunaren arteko kontrasteak atmosfera bereziak sortzen dituen.

Fantasia idatzi dut izenburuan, eta Iraume fikziozkoari ere fantasia deitu diot, fantasiaz lepo baitago liburu hau, baina fantasia, liburu honetan, ez da fikzio errealistaren mugak hausten dituen fikzioa besterik, irudimenari konbentzioen mugak kendu eta sinbolismoa lehen mailan jartzeko aukera paregabea. Hori dela eta, pasarte batzuetan irakurketa zaila edo deserosoa suerta daiteke —irakurlearen ohituren eta gustuen arabera, betiere—. Hala ere, abstraktutik, sinbolikotik, metaliterariotik asko baldin badu ere, ez da azalkerietan galtzen Martinez gaiei dagokienez, nahiz eta, batzuetan, zerbaiten falta sumatu dudan, fikziozko geruzen artean halabeharrez galtzen den zerbaitena, muga horiek hausteak narrazioei sendotasuna hartzen utziko ez balie bezala.

Literaturaz jarduten dute ezinbestean Iraumen bildumako ipuinek: ipuinak idazteaz, istorioak kontatzeaz. Fikzioari buruzko gogoeta esplizitu eta inplizituak ere ez dira falta, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugetan baitabiltza liburuko pertsonaiak eta pertsonaia horiek sortutako pertsonaiak —gu geu ibiltzen garen eran—. Erreflexiboak ere badira askotan narrazioak, beren buruaz ari direlako, edo liburuaz ari direlako, zirkulua itxiz.

Laburbiltzeko, hiriko eta periferiako biztanleei buruzko eta fikzioaren eta errealitatearen arteko mugei buruzko gogoetak dakartza Martinezek lehen lanean, kontzientzia literario nabarmena eta imajinazio anbiziotsua erakutsiz.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak