kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Amek ez dute / Katixa Agirre / Elkar, 2018

Ama eta hiltzailea Javier Rojo / El Diario Vasco, 2019-04-06

Ahozko tradizioko euskal ipuin batean, “Fifina” izenekoan, amaorde gaiztoak neska protagonista hil egin nahi du, halako istorioetan ohikoa den bezala. Ekintza egin behar duen zerbitzariak neskarekin gupidatu eta bizirik uzten du, hori bai, mutilatu ondoren, eskuak eraman behar baitizkio amaordeari mandatua burutu duela frogatzeko. Eta printze batek neskato esku-gabea topatu eta nork egin dion hori galdetzen dionean, ama izan dela erantzuten dio Finfinak. Orduan harridura erakusten du printzeak eta neskatoak azaltzen dio benetako ama ez, amaordea izan dela, eta printzeak “hori besterik da” erantzun. Harridura. Horixe da printzeak erakusten duena, amak alaba hiltzeko ahalegina egin duela pentsatzean. Irudika ezina den gertakaria. Katixa Agirrek “Amek ez dute” izenburuko nobela honetan harridura horren inguruan arakatzen du. Ipuin tradizionalean kontatzen den moduko gertakari latz batekin hasten da argumentua: Emakume batek bere seme-alaba txikiak ito ditu. Eta narratzaile protagonista, emakume hura aspaldian ezagutu duela konturatuta, gertakariaren atzean zer dagoen aztertzen hasi da. Narratzailea idazlea da, eta ama. Eta bi ezaugarri horiek markatzen duten ikuspuntutik aspaldiko ezagun horrek egin duen ekintza azaltzen du. Katixa Agirreren nobela literatura beltzaren edota thrillerraren zidorretatik mugitzen da. Izan ere, narratzailea idazlea den aldetik, ikertzailea ere bada, eta hurrengo libururako materiala bilatzen duelarik, ikertzaile klasikoaren kontra-irudia osatzen zaigu pertsonaia honengan. Eta bigarren partean, epaiketa azaltzen den atalean, thriller judizialaren aztarnak topatzen dira. Halako oinarriak kontuan hartuta, argumentua ironiatik lerratzen da, eta amatasunaren inguruan esan diren gauza asko ituan jarrita, irudi idilikoak ezkutatzen duen errealitatea aurkezten du, argumentuan kontatzen diren gertakariak aprobetxatuz, hiltzailearen istorioa eraikitzearekin batera narratzailearen gorabeherak tartekatuz. Katixa Agirrek trebezia du idazteko, eta nobela honekin berriro ere erakutsi du irakurlea engantxatu dezakeen argumentu bat garatzen dakiela, interesa hasieratik amaieraraino mantenduz.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak