kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Deklaratzekorik ez / Beñat Sarasola / Susa, 2019

Hitzak, hitzak, hitzak Joannes Jauregi / Berria, 2019-03-31

Kaleratu berri da Beñat Sarasolaren estreinako eleberria, Deklaratzekorik ez: izenburu ezin hobea lehen nobelak idazlea gogobeteta uzten duenerako. Eta ez alferrik, nobela zaindua baita, eta soila, forman neurtua baina hargatik mami sakon eta hats luzekoa. Izenik gabeko protagonista bat du ardatz, zeinari iraganak eta ingurukoekiko harremanek oraina zapuzten eta lausotzen baitiote.

Teknikaren aldetik, nobelak baditu hainbat bertute. Ahots narratiboa irmoa da, eta eroso aritzen da zehar estilo librean; erabat menderatzen du erregistro hori. Nobela hau adibide perfektua da ikusteko nola narratzailearen pertsona gramatikalak ez duen zerikusirik pertsonaiekiko gertutasunarekin; izan ere, hirugarren pertsonan ari zaigu, baina kasik badirudi narrazioa protagonista izengabearen barne bakarrizketa bat dela. Areago, oso erraz egiten du salto beste pertsonaien ahotsetara ere, protagonistaren solaskideengana, betiere protagonistaren beraren iragazkia pasatuta; ahotsak hainbeste anizturik, narrazio diskurtsoa polito ñabarturik geratzen zaigu askotan. Dena baita diskurtsoa, dena berriketa, eta, horrekin, narratzailea aise lerratzen zaigu digresiora. Baliabide hori ederki dago erabilia hainbat gairi buruzko gogoeta zoliak sartzeko, nahiz eta erabiliaren erabiliaz aukeran mekanikoa eta errepikakorra ere baden inoiz.

Digresio horietan, denborak ederki kontrolatuak daude; ez narrazioarenak, horiek saltoka baitoaz atalez atal (eta ez beti nahi bezain txukun, nik uste), baizik eta eszenen barnekoak. Batzuetan, pertsonaia gogoetan galduta geratzen delarik, denborak arin egiten du aurrera; beste batzuetan, aldiz, barne kalaka horrek ia gelditu egiten du denbora, eta izugarri luzatzen, esate baterako, kaleko enkontru arin baten iraupena. Narratzaileak ondo asmatzen du bere diskurtsoarekin eszenak dilatatzen eta uzkurtzen.

Idazkeraz mintzo: nobelaren aurkezpenean, Harkaitz Canok zehatz deitu zion nobelako idazkerari. Nik adierazkor esango nioke, eta narratzailearen mintzaerari batez ere, egileak ez baitu beldurrik adierazkortasun horren izenean hizkuntz zuzentasuna edo jatortasuna apur bat behartzeko (kurioski, baina, elkarrizketetan kontrakoa gertatzen da). Halaber, gaztelaniaren presentzia ia itogarria da, eta apropos jarria; orobat Espainiaren arrasto sarkorra ere. Horri loturik datorkigu Gauza, Gatazka, Gure Zeraren Zera hori, protagonistak barru-barruraino sartua daukana, nahiz eta ukoak bizi izan duen urte luzez. “Karlistarik gabeko herri karlista da gurea”. Dena den, izango da (eta mintzatuko da, ziur) ni baino egokiagoa denik horri buruzko iritzirik emateko.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi protagonista izengabe eta ozpindua, zeina bere ez-bakarrizketaren garratzak karakterizatzen baitu nagusiki, bai eta beste pertsonaiekin dituen harremanek ere, batez ere inguruko emakumeekikoek. Esango nuke pertsonaia oso maskulino garatzen dela bere gogoetetan, edozeri buruzko iritzi tinko eta oldarkorretan, baina gero maskulinitate horren kontrako erasotzat hartzen dituela, nolabait, ingurukoekin (emakumeekin, aitarekin…) dituen harremanak. Maskulinitate zaurgarri bat, horrenbestez, erdi bi eginik diskurtsoaren eta gertakarien arteko bidegurutzean.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak