kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Aingurak eta arrangurak / Josu Jimenez Maia / Pamiela, 2018

Luzaroan bizi bitez Alex Uriarte / Gara, 2019-03-16

Irudika dezagun Berriozar aldeko lursail zabaletan erroturiko gizaseme bat. Irudika dezagun bokaziozko ingeles-irakasle fin bat, bere baitan pasiozko idazle bat topatzen duena. Imajina dezagun ipuinak nola idatzi irakasteaz gain idatziak zelan zuzendu argitzen duen gizon bat, afizioa Japoniako literatura-ereduetan nahiz teknika narratiboetan daukana; hots, zinez maite duena bere egunerokotasunaren muturrera irribarre batez daramana. Josu Jimenez Maiaz (Iruñea, 1967) ari naiz. Besteak beste, Euskalerria Irratiko, Hatsa poema-bildumako, “Zorrokaria” aldizkariko zein “Muxugorri” antologiako kolaboratzaile zintzoa denak “Aingurak eta arrangurak” (Pamiela, 2018) izeneko olerki-liburuxka txukuna dakarkigu oraingoan.

Josu Jimenez Maiaren idazketa-moldea, zelan edo halan, dezente lurtarra begitandu izan zait, irakurri dizkiodan obretan, sikiera “ez galdetu zer dela-eta”; izan ere, obra honen aurrekari diren “Gerezi denborako haikuak” (2011) edo “Orbel azpiko haikuak” (2013) lanek, nolabait, orain dela mende batzuetako Japonia nekazari eta landa-girokora jauzi egitea ahalbidetzen zutelakoan nago. Azkenengo ondu berri duen ekoizpen honetan, alabaina, giro umelagoa edo itsastarragoa barrundatu diot: gai aldetik anitzagoa eta zabalagoa; garapen aldetik landuagoa eta sakonagoa.

Baina, dena dela, olerki-bilduma honek badu metalinguistikatik ere esatekorik: poemen bidez, poemak idazteaz dihardu idazleak. Hori bai, bide horretan ez du azaleko auziekin nahiz esangurarik gabeko itxurakeriekin astirik galtzen: poesiak, sarri, ohikotasunetik edaten du. Bestela esanda, ohiko aferak kontatzen edo baliatzen dira: giza espeziearen beldurrak, ardurak nahiz ezinegonak. Horiekin batera, poesiaren banderapean konkistatu dugun paperezko txoko txikitxo honetan jada zinez normala edo etxekoa den beste puntu adierazgarri bat ere ukitzen du nafarrak: idazlearen bakardadea eta isolamendua. Halere, hitzak, beregain ekar lezakeen oinazeaz eta arrangurez harago, mundua beste begi batzuez ikusi ahal izateko lemaz edo ainguraz ere zuzkitzen gaitu. Iluntasunean hedatzen den argi errainu ñimiño hori ere erakutsi gura digu egileak; hau da, bizitzan zuri guztiak ez direla irinak, ezta beltz denak ikatzak ere.

Gaien artean “aldeak alde eta desberdintasunak desberdintasun” nozitzen diren parekidetasunek, bestalde, badute beraien isla eurak paperera eroateko sistemetan ere; kasurako, zenbait berbak euren artean duten hoskidetasunez edo soinuen zein ahoskeren arteko nolakotasunez “aliterazioez” baliatzen da Jimenez Maia, zelanbaiteko jolas erretorikoak edo efektu estilistikoak sortzeko. Hain zuzen ere, hari horri tiraka erdiesten du ustez euren artean inongo loturarik edo zerikusi agerikorik ez dituzten kontzeptuak elkarren eskutik joatea, ahoskatze-modua eta soinuen baliabidea bide hartuta.

Garapenari dagokionez, argi eta garbi dago jatorria Japoniako literatura klasikoan duten haikuak “naturarekin eta haren orotariko aldaketekin zuzenean lotutako olerki laburrak dira haikuak” baino testu dezente landuagoak, mardulagoak eta osatuagoak direla. Hala ere, olerki hauek ere haikuen funtsezko berezitasun bat oso-osoan betetzen dute: irudi edo imajinak erabiltzen dituzte “testu oso bisualak dira” hamaikatxo gai, hausnarketa edo gogoeta azaltze aldera. Bisualizazio horrek, hain zuzen, irakurketa interesgarriagoa eta aktiboagoa bihur lezake. Ezbairik gabe, idazteko tenorean aintzat izateko moduko errekurtsoa da.

Amaitzeko, pasarteren batean kanpoko literaturari egiten zaizkion keinuak aipatu nahi nituzke; esate baterako, William Shakespeare aztiari. Sarritan, literaturaren itsasoan noraezean dagoen irla galdu eta txikitzat daukagu euskal literatura. Hori dela-eta, zeharo lagungarriak dira oraino ere bagarela, bizi garela, gaur eta hemen presente gaudela lau haizeetara aldarri egiten duten testuak edo, beste berba batez, hainbeste arranguraren artean gure mundurako aingura legez jokatzen duten testuak. Luzaroan bizi bitez.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak