kritiken hemeroteka

8.588 kritika

« | »

Disoluzio agiriak / Jose Luis Otamendi / Susa, 2019

Barne exiliotik idatzia Igor Estankona / Deia, 2019-03-02

Dena fin, dena delikatu idazten du Jose Luis Otamendik. Dio: “20. mendea zen/ gaur nahi beste ireki ditu ortziak uhateak/ eta sare artean jendea arrantzatu dute itsasoan”, eta badoa poema gora eta gora, edo behera eta behera, segun eta nola begiratzen diozun, eta XX. mendea barik 20. mendea idazten nonor, zelan kalifikatu, zelan defintitu uhateak hitza darabilen poeta hori.

Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) gure gelan sartu zen tximeleta eria bera da: hegakadak suabeak ditu, baina munduaren beste ertzean urakan haizea da. Poemek islatze bat sortzen dute inkontzientean, irabazi egiten dute irakurlea euren arnasa luze-luzearekin. Ematen du res publikoaz ari dela eta bizitzaz ari da, esango zenuke bizitzaz ari dela eta munduaren patuaz ari da, iduri luke ekonomiaz mintzo zaigula eta gutaz ari da, gaztigatzen digu literalki konprendi ezin daitezkeen moduak erabiliz: “diren zentral guztiek dauzkate zeinek bere historia/ bere istripuak bere ahuldadeak eta argi aldiak/ latentzia fase luzeak ere izaten dira/ urteak eta urteak sentimendu edo ekintza bat umotzen”. Euskal Herrian idatzitako ahapaldiok noranahikoak lirateke ez balira sano gureak, makrokosmos bat osatzeko gai da-eta azpeitiarra hankak herrian jarrita. Lirismoa eta errealismoa biak bat diren poemekin betidanik harritu bagaitu, oraingoan ere Otok inarrosi dizkigu barruak. Sinboloa darabil gauzak definitzeko, gauzak dira sinbolo onena maiz: “behin bederen pertsona orok/ behar luke itsutu adiskideen ekiaz”.

Disoluzio agiriak dira historiaren urek eroan eta ibar berrietara dekantatzen diren lupetzak, hautsak eta polena. Dena ez zen eder izan, dena ez zen justua izan: “miseria askotan badut nire partea/ eta baritonoaren gangarrez abesten diot bakeari”. Garai berriak joandakoekin zelan txirikordatzen diren eta gero mataza hori askatzea zenbat kostatzen den kontatzen da hemen. Ez da gai erraza, errazera jotzen den arren askotan komunikabideetan, parlamentuetan eta are literaturan ere. Gure izatearekin dauka zerikusia: “ezin naiz hemendik apartatu/ ezin dut beste inora:/ behaketarako/ zalantzarako/ (…)/ eta hori hemen/ beste inon ezin dut // gorputz hau daukat/ besterik ez/ lurralde urtetsu hau/ ez beste ezer”. Oinarri sozialeko humanismo hori da, behar bada, iruditeria erromantikoarekin batera, Otamendigan maite duguna. Oraingo honetan ironia eta jokorako gogo arean gehiago ere barruntatzen zaio, Kapital publikoarekin (Susa, 2014) alderatuz.

Beraz amaren heriotza, Galizako bazterrak, txikitako ibilerak… denak nahasten zaizkio poetari plano publikoarekin. Izan ere, hori ere bagara. Gure hautu politikoen bide beti bihurretatik iritsi gara honaino, eta hein berean bizitzak eroan gaitu politikara. Oinazetua uneka, narea beti, poesia modu honek testimonioari ematen dio lirikari besteko garrantzia. Horregatik daude hitz hotzak eta kontzeptu beroak denak nahastean, horregatik denuntzia hasten da norbere buruaren azteketa sakonetik. Otamendik nostalgiarikgabeko nostalgia ariketak oparitu dizkigu, eta idealizaziorik gabeko etorkizunez ohartarazi, Disoluzio agiriak trinko bezain arin, hunkigarri honetan.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Nork gudura haroa?
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak