kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Munduko tokirik ederrena / Iñigo Aranbarri / Susa, 2018

Dena da iragana orain Peru Iparragirre / Berria, 2019-02-10

Ez da erraza Iñigo Aranbarriren Munduko tokirik ederrena liburuaz (Susa, 2018) aritzean liburuan bertan topatutako hitzak ez lapurtzea. Iruzkin honi izenburua ematen dioten hitzak hartu ditut liburutik, eta hauek ere ez dira iragaten uztekoak: “Oraingoak ez diren zarrastadak eta joanak diren izaerak”. Hitzak lapurtzen jarraituta, kontrazaletik, oraingoan, “atzorik gabe ulertzerik ez dagoen oraina” da liburua osatzen duten hamar narrazioetan kontatzen dena. Iragan hori nola sublimatzen den, ostera orainean haragiztatzeko, horra liburu honen gakoetako bat.

Itauna sortu zait liburuaren uberan: zerk pizten du oroimena? Zerk behartzen du gogoa unea utzi eta atzera begirakoan jartzera? Datorkidan lehen erantzuna, zera da: etena. Badirudi, eta liburuan behin eta berriro ageri delako heriotza, denboraren jarioa eteten dela, nolabait, heriotzarekin (edo antzerako hausturekin), eta memoria, historia, ez dela etenpuntu bilduma bat baino. Agian urrutitxo joatea da, baina baliteke liburu hau Ibai ondoko jendea ipuineko Pirisen asmoaren gauzatze bat izatea: “Zein hobe gure hildakoak baino zer garen azaltzeko”. Azalpen lana, ordea, iraun duenak egin behar du, eta oroimena da horretarako ezinbesteko lanabes kamutsa.

Desagerpena, haustura, etena, espazio konkretu batean jazotzen da. Urola bailara da gertaleku nagusia, eta pertsonaiak ez dira pertsonaia isolatuak euren ipuin bereizietan; elkarren garaikide, elkarren aurrekari eta elkarren ondorengo ere badira askotan. Etenpuntuen artean loturak egiten ditu Aranbarrik testuei osotasun bat emanez, zeinak liburuko gertakariak gutxi gorabehera mapa-denbora-lerro lauso batean kokatzen laguntzen baitio irakurleari.

Izaera konkretu horrek ez du, halaber, kontatzen denaren mundurako joera zapuzten. Bien arteko orekan mantentzen da. Nahiz eta, zalantzarik ez, bailarako biztanleek edota liburuan zehar topatutako erreferentziak eta bizipenak, giroak, gertuko dituztenek geruza gehigarri bat izango duten, testuetara are gehiago gerturatzea erraztuko diena.

Bikoiztasun hori, partikularraren eta mundurakoaren artekoa, oroimenari ere badagokio, nolabait. Pertsonaien oroitzapenek osatzen dute liburua, baina oroitzapenok gutxitan dira pribatuak, beti dagozkio kolektiboari, pertsonaiak kolektiboari dagokion heinean. Deigarria da, uneka, nola lortzen duen Aranbarrik historian eta espazio konkretuetan zehar zabaltzen den kolektibo hori bizitzara ekartzea, haien oroitzapenak bizitzara ekarri eta irakurlearen oroitzapenetan txertatuz.

Iraganaren eta orainaren arteko geure baitako lotura bakarra dira oroitzapenak, eta haietatik mintzo dira pertsonaietako asko. Lehen pertsonan kontatzen dute beren historia, orainaldia azaldu nahian, baina, orobat, iraganaren bidez zuritu nahian. Nire irudiko, Aldaira ipuinean jotzen du goia liburuak, testu honek sortu dit, bederen, zirrararik handiena. Kontaketaren erritmoa eta iraganaren eta orainaldiaren arteko tentsioa larrituz doaz, elkarrizketek bakarrizketari lekua utzi ahala, harik eta konturatzerako su eztian jarritako lapikoko ura irakin-puntura heltzen den arte, irakurlea barruan ahaztuta.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak