kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Fakirraren ahotsa / Harkaitz Cano / Susa, 2018

Varius, multiplex, multiformis Iratxe Esparza / Gara, 2019-01-26

Oso liburu intimoa da “Fakirraren ahotsa” nahiz eta gertakizunen oihartzunak gizarte osoa zipriztindu. Ez dut zenbatu zenbat aldiz aipatzen duen Harkaitz Canok Marguerite Yourcenarren “Hadrianoren oroitzapenak” eleberria, badakit soilik testu frantsesetik transkribatutako hitzek jakin-mina piztu eta apalategiraino bultzatu nindutela azpimarratuta nituen pasarteak berriro ere irakurtzera; hala ere, ariketa horretan jadanik Adriano baino, Fakirra neukan buruan. Hortik aurrera, bi protagonisten artean zabaldutako sarea saihestea alferrik izan da, eta lagungarria, gainera, Imanol Lurgainen ahotsaren ñabardurak konprenitzeko.

Baina, ez da hori egin dudan lotura bakarra, lehendabiziko pasarteetan narratzailearen erabilerak eta estrategia narratiboek “Twist”-ekoak gogorarazi dizkidatelako, batez ere, garaiak deskribatzeko igartzen diren teknika literarioei erreparatuz gero, edota narratzailea orakulu aritzen denean. Alabaina, bi lanen asoziazioa desagertuz joan da, pixkanaka-pixkanaka liburuak bere estilo eta erritmo propioa erabat topatu arte, ikuspuntu literarioaren aldetik benetan zentzuen gozamenerako idatzita baitago.

Testuan eta lerroen zirrikituetan bere bidea egiten du Imanol Lurgainek, “Fakirrak”, eta narrazioak aurrera egin ahala pertsonaiak indarra hartzen du, gogoeta bakoitzean, hausnarketetan egindako geldiuneetan, finean tentsio dramatikoa barne pentsamenduen eta ideien garapenen bidez ahalbidetzen da eta ez mugimenduei edo akzioei esker. Ondorioz, iruditu zait ekintzak beste plano batean daudela pertsonaia inguratu eta berebizikoak izan arren, edota protagonistaren atzean kokatzen direla. Hor dago idazlearen trebetasuna, gizarte mailan ahaztezinak eta mingarriak izan diren gertakizunez protagonistaren nortasuna elikatzen du fikziozko pertsonaia eraiki dezagun. Adrianori gertatzen zitzaion bezala Fakirra ere kontraesankorrak diren nortasunek osatzen dute.

Abileziaz, narratzailearen ahotsaren bitartez entzuten dugu Fakirrarena. Aitortu behar dut narratzaileari ematen zaion tratamenduak liluratu nauela, Imanol Lurgainen istorioa kontatzen duena ez baita sarritan tonu epikoa hartzen duen ohiko narratzaile orojakilea —kanpotik narratzen du, dena daki, maiz pertsonaiak moralki epaitzen ditu—, aldiz, jazotakoak denboran aurreratzen ditu batzuetan bere leku pribilegiatuaz baliatu gabe eta boterea galduz doa; egon badago, baina gero eta difuminatuago, berari ez baitagokio azken hitza eta bai, ordea, Fakirrari. Teknikaren aldetik, lehenengo pertsona erabili beharrean, Canok lortzen du kanpoko narratzaile baten ikuspuntutik historia eta istorioa islatzea protagonistaren ariman.

Zertan datza berezitasuna? Hain zuzen, narratzailearen ahotsa pertsonaiaren bizipenetan mugatzean, hau da, barne fokalizazioan; horrela, kanpoko narratzailearen manipulazioa desagertzen da eta hirugarren pertsona protagonistaren barne munduan kokatzen da, beraz, testuan Imanol Lurgaini entzuten ari gatzaizkion pertzepzioa itzela da.

Fakirra dago erdigunean eta gizona ezagutzen dugu historiaren eskutik, ez da, ordea, aitzakia historia kontatzeko. Adrianok liburuak zituen gizakien existentzia neurtzeko, Imanol Lurgainek musika eta maiz frustrazioa bidelagun bakarra perfekzioaren bilaketan.

Ez dira gutxi pertsonaiaren bilakaeran pilatzen diren eraginak, eta, hala eta guztiz ere, bizitzari bakarrik heltzen dio. Fakirraren ahotsak ez du iruzur egin ideal, etika, banitate eta estetikaren inguruko diskurtsoak gogoeta filosofikoekin tartekatzen dituenean. Legenda bihurtzeko nahia: varius, multiplex eta multiformis, Adriano bezala, alegia, era askotakoa, anizkoitza eta multiformea.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak