kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Blues bat bizitzari / Patxi Ezkiaga / Balea Zuria, 2018

Heldu-ezinaren bila Hasier Rekondo / Deia, 2018-12-22

Patxi Ezkiaga (Legorreta, 1943- Irun, 2018) poeta handi, errealitateaz haragokoaren bilatzaile eta Athleticaren jarraitzaile porrokatu izan zen. Bitxia lirudikeen arren, hiru ezaugarriok badute zerikusirik. Alta bada, interpretazio hori tabernako edozein sasi-eztabaida baterako lagako dut.

XIX. mendetik hona, poesiaren soka luze batek, hala nola, bakoitzak bere erara, Hölderlinek, William Blakek, Walt Wiltmanek, edota Rilkek ehundu poesia motaren zaintzaile preziatuenetako bat dugu Ezkiaga. Hau da, errealitateak eskaintzen dion interpretazioa bereganatzea da poetaren eginkizun nagusia, ez errealitatea bera, poetari bizitza transzenditzeko aukera emango diezaiokeen interpretazio diferente bat, alegia.

Balea Zuriak, haren obrari egin omenaldi honetan, non Felipe Juaristiren poetaren hitzaurrea eta Maixa Zugaztiren “hitzatze”-a ondo ekarriak baitira, antologia labur bat paratu du poema argitaratuekin eta orain arte argia ikusi gabekoekin, Krisalida azken atalean bilduak azken hauek. Berriro bitxia gerta badaiteke ere, poesiaren funtzioaren gaineko azken poema argitaratu gabeok iruditu zaizkit liburuko ahulenak. Litekeena da, bizitzaren hondarretan idatziak izanik, poesiaren eta poeta beraren azken xedeaz aritzeak poesiari kalte egitea.

Ezkiagak bere ibilbide poetiko osoan jorratu gaiak biltzen ditu liburuak: heriotza eta bizitzarekin eraiki harremanak (“Erbeste izanda ere, bizitzak beti dauka / heriotzak baino edertasun handiagorik…”), denboraren iragana, naturak iradokitako transzendentziarako uneak, poetak bizitako hiri ezberdinen leku-oroimenen deskribapen kasik mistikoak, eta baita gai sozialak ere, industrializazioaren ajeak azaleratuz.

“Oi zein tristea den / hilkortasunaren eztena / somatzea eta hilkorra izatea, izatea…”. Blues bat bizitzari (Balea zuria, 2018) honek, halaber, izkin egin nahi dio hilkortasunaren patu krudelari, poetak ondotxo baitaki herioren aurrean bizitza dugula irtenbide bakar, poesiarik izango ez balitz. Hortaz, Ezkiagak, gauza guztien gainetik, bizitzari egiten dio gorazarre.

Liburuak aurrera egin ahala, Ezkiagaren unibertso uste baino dibertsifikatuarekin egingo du topo egingo du irakurleak. Poetak, halere, gardentasun poetikoa aurkitzean emango du hoberena. Arestian, poeta handia aipatu dut, handi horren atzean dagoena argitu gabe: handitasun hori gardentasun leun eta neurtu batetik datorkio legorretakoari. Udazkeneko hamar kanta atalean argiro erakusten du, molde txikian eta haikuetatik hurbil. “Iluntzen ari du, / otzantasunez ari du / iluntzen / eta mundua gris marengo / ilunez / ari zait janzten. / Baina nik badakit bizitzak / bakarrik eman diezagukeela / bizitzaren onena.” ederrarekin zabaltzen du Zazpigarren kanta.

Ezkiaga joan zaigu, haren bizitza joana da honezkero, baina haren poesiak hor dirau, errealitatearen interpretazioarekin jarrai dezagun etengabean. Arteetan, otoi, bizitzak eman diezadala Ezkiaga irakurtzen jarraitzeko aukera, besterik ez bada.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak