kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Twist / Harkaitz Cano / Susa, 2011

Kontagarria bezain adierazgarria Txema Arinas / uberan.eus, 2018-04-27

Ni ere bat nator Harkaitz Cano idazlearekin: tortura, edo gutxienez borreroen eskuetan pairatutako oinazea, kontagarri bihur daiteke. Hasteko nik uste Primo Leviren testigantza eta enparatuenak hildo horretatik doazela, seguru asko ondo sakondu ezkero gehiago ere topatu ahal izango dugu.

Eta ados nago ere H. Canok aspaldi Argia aldizkariari egindako hainbat eta hainbat adierazpenekin. Esaterako, Harkaitzek dio: “Gehiegizko exigentzia dago fikzioari begira, errealitatearen arauak errespeta ditzan. Mizkinegiak izan gara sortzaileekin”. Ni ezin adosagorik. Eta irakurri ere egin dut bere Twist izeneko nobela, non oinarritzen den argi eta garbi Lasa eta Zabalaren aferan antzerako gertakizun batetik tiraka bere nobelaren istorioa taxutze aldera. Gustatu zait Harkaitz Canoren novela hau, oso berezko idazle saiatua baita. Canok ikaragarri ondo eta goxo idazten du. Badaki ere euren istorioak ondo baino hobeto ehuntzen, hizkera bereziki naro eta sotila darabil. Eta hau guztiau gutxi ez balitz bezala, jorratu ohi dituen gaiak oso interesgarriak izaten dira bere edozein idazlan goxatu ahal izateko.

Nire eragozpentxo bakarra, egotekotan, ez dago ordea nobelan bertan, berak gaia hautatu eta nahi eta behar bezala eratu baitu ezin hobeto, benetan goraipatzeko moduan. Alde horretatik ez dut uste idazleari ezer leporatzeko dagoenik, egilearen libertadea bere lanaren nondik norakoak aukeratzeko erabatekoa izan behar delakoan bainago. Nik, H.C.ren liburuaren ikarkutzeari ekin aurretik, Argia aldizkarian nobelaren nondik norakoak azaltzen dizkidan sarreratxoa irakurri dut: “Bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten Soto eta Zeberio. Haien lagun Diego Lazkano gertakari horiek urratuta bizi da geroztik. Harkaitz Canoren, Lasarte-Oria, 1975, Twist nobelaren abiapuntua da, gure historia hurbilaren pasarte gordinak fikzioaren ispiluan islatzen dituen istorio zirraragarria”, eta honako gogoeta hau egin dut berehalaxe: berriro ETAkoak zein hauen ingurukoak euskadun irakurle guztien guretarrak balira bezala, berriro ere etsaia betikoak balira bezala, beti bezala alde batekoek sufrituriko ezbeharrak edo bidegabekeriak aintzat hartzeko bakarrak balira bezala, beste behin ere euskaldun zehatz, ustez jator, ustez zintzo eta batez ere ustez abertzale batzuen gorabeherak kontagarri gure azken urteotako ditxosozko errelatoa egiteko euskarazko literaturan, gainerako euskadunen bizipenek, oinazeek edo nekeek, gu bezain jator, zintzo eta abertzaleak ez zirenez gero, batere ardura izan behar ez baligute bezala. Zorionez, irakurri egin dizkiot H.C.ri ondoko hitzok eta… aitortu beharrean nago, politikarien usteaz dioena nire eginda ere, gainerako guztia ozta-ozta ulertu egin dudala.

Politikariek hitz egiten dutenean, errelato epifaniko bati buruz aritzen dira, kontakizun bakar batek alde guztiak asebete eta nolabaiteko justizia poetikoa egingo balu bezala, eta hori ezinezkoa da. Nire ustez errelato bilduma egin behar da, errelato bat ez da inoiz inpartziala izango. Askotan esaten da: “Ni saiatzen naiz liburu batean alde bateko biktimak aipatzen baditut bestekoak ere aipatzen”. Bada, nik ez dut hain garbi ikusten, beharbada Dostoievski baldin bazara egin dezakezu, baina nik uste gurea askoz gauza apalagoa dela, errelato bilduma osatzea. Eta horretan, hau da bat, oso txikia. Arriskua ikusten dut liburu guztietan halako oreka bilatzekoa, neutraltasuna; hori politikoki zuzenaren esparruan dago, eta nire ustez ez da batere erakargarria.

Badakit gai bat zein bestea hautatzerakoan nork bere sentiberatasuna erakusten duela, edo beharbada ideologia edota aurreiritziak batik bat eta ezin gordinagorik; baina nik uste dut oso adierazgarria, azpimarragarria, dela euskal idazle gehienek biktimekiko erakusten duten sentiberatasunak zer-nolako desoreka isladatzen duen euskarazko literaturan. Desoreka hau, tamalez, soberan dago ia euskalgintza osoan, euskaraz egiteak nolabait markatuko bazintu bezala, bestelako edozein gogoeta giza-etiko edo errukigarriren gainetik eta betiere zure tribukoen alde ezinbestez jokatzera derrigortuko bazintu bezala. Jokaera horrek ez du, ez, oso leku handirik lagatzen euskalgintzaren ezinbesteko eta ustezko aniztasun zein zintzotasunerako. Niri ezer baino lehen pena ikaragarria ematen dit guretarrenak baino ez diren bizipenak kontuan hartze soil honek. Beharbada ere oso tematuta nago gaiarekin, zeharo konbentziturik euskalgintzaren ustezko taldekeria lotsagarri honek galbidera zuzen garamatzala, edo gutxienez Historiaren juzkuaren aurrean duintasun ezara. Zihurrenik ere hainbesterako ez dela arropostu egingo didate asko eta askok, gehiegikeria galanta nik hemen botatakoa. Erantzungo nieke, aldiz, ea azken urteotan euskaraz argitaratutako liburu guztietariko zenbatek hartzen dituzten aintzakotzat ETAren biktimen gorabeherak eta ez euren borreroenak edota hauen ingurukoenak ezer baino lehen.

Bestela esanda ere, ez baldin gara Dostoievski, ez baldin bagara gure akatsetan, erruetan edo okerretan ere arakatzen saiatzen, ez baldin bagara gure ingurukoen akats, erru edo okerrei buruzko gogoeta egitera gai izaten, zer ote gara? Gure tribuaren tribunu hutsak?

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak