kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Duvoisin kapitainaren malura / Kepa Altonaga / Pamiela, 2018

Euskaltzaleen malura ‘reloaded’ Peru Iparragirre / Berria, 2018-12-16

Kepa Altonagaren Duvoisin kapitainaren malura; Bonaparte printzearen itzalean liburuaren tesietako baten funtsak sukalkiekin —Xabier Amurizaren terminologian: muturrera eramandako euskalkia— du zerikusi zuzena. Luis Luziano Bonaparte printzeak bere landa- eta itzulpen-lanetan kolaboratzaile izan zituenei zera eskatu zien euskararen dialektoen azterketa burutzeko: ahalik eta hizkerarik puruenak jasotzeko, ahal zelarik bizitza sedentario eta isolatua zeramatenak galdekatzeko; ikasi, munduan ibili eta kultura-harremanik eduki gabeak izatea ere garrantzitsua omen zen Lotilandia baranoetako herri-hizkerak momifikatu, literaturarako eta kulturarako balio zuten hizkuntza kultuagoetatik egindako linguistikaren apalategian gordetzeko. Gauza bera dakusagu laguntzaile izan zituen euskaldunei eskatu zizkien itzulpenekin: euskalki itxi eta pribatiboetan behar zuten emanak, Bonaparte printzeak bere ikerketari zegokionez, behintzat, erabat arbuiatzen baitzuen hibridazioa, orduan ere literaturarako erabiltzen zen —beharrezkoa zen— euskara supradialektala. Ataka horretan laburtu daiteke, nahiz eta agortu ez, Duvoisin kapitainaren —hizkuntza kulturarako ere nahi duen ororen— malura.

XIX. mendeaz ari da saiakera honetan Altonaga; Villasanteren, Jean Etxepareren, Lafitteren eta besteren uberari jarraiki kontatzen du, laburki baina ez axaletik, Bonaparte printzeak bere inguruan bildutako idazle-itzultzaile sarearen jarduna, partaideen biografietan eta haien arteko gutun-trukeetan oinarrituz. Iniziatu gabearentzat —eta iruzkingile hau halaxe da— izen- eta datu-zopa galanta izan daitezke halako liburuak. Hala eta guztiz ere, Altonagak badaki liburu dibulgatzaileak idazten, eta horixe erakutsi du oraingoan ere. Liburu irakurterraz eta entretenigarria da emaitza, prosa zorrotz eta zehatzean emana beti, batzuetan jostalari, euskararen eta euskal literaturaren historian interes minimoa duen edonorentzat liburu erakargarria eta aproposa dela esango nuke, gabeziak gabezia. Bibliografia osatu baten falta izan dut liburua amaitutakoan, saiakera akademikoa izan ez arren pisuzko ikerlana badenez zabaltzen dituen bideetan aurrera egiteko baliagarria izan daitekeen bibliografia txukun bat; erreferentziak hala-hola ehizatu beharra aurreztuko lukeena.

Arestian aipatu gisara, eta Altonagaren hitzetan, euskara izoztea zuen helburu Bonaparteren ekinbide zientifikoak. Duvoisinek eta printzearen kolaboratzaileetako batzuek, hizkuntzarekin egiaz lan egin zutenek, hizkuntzarekiko miresmen kontserbatzailea itsu-itsuan jarraitu beharrean helburu eta ikuspegi zabalagoa zuten hizkuntzarentzat, eta proiekzio kultural horrek dialektoak gainditzea eskatzen zuen halabeharrez, ahalik eta jende gehienarengana helduko bazen kultura, literatura, hizkuntza hori.

Etsi amaitzen du Altonagak liburua, euskara batuaren egungo egoerari buruz gogoeta eginez. Hor dator sukalkiena, adibide eta guzti, adibide larri eta guzti, azkenaldian diskurtso batzuetan areagotu den hizkuntzarekiko inboluzio-joera argiko diskurtsoekin lotzen duen fenomenoa. Nire obsesio kuttunenetako baten suari ikatza gehitu dio Altonagak, euskara batuaren eta honen estandarizazioaren funtsezko izatearen arrazoia eta ertzak bi mende atzera ere topatu eta gaur egunera ekarriz.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak