« Maitalea | Espedizioa: mendi ororen pisua »
Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak / Iban Zaldua / Elkar, 2018
Titulo luzeek zerbait ezkutatzen dute beti Aitor Francos / Bilbao, 2018-11
Iban Zaldua narratiba laburrean maisua dugu aspaldidanik. Hogei bat urtetik gora daramatza idazle donostiarrak lanak argitaratzen eta hainbat liburu kaleratu ditu dagoeneko alor desberdinak ikutuz, hala nola, eleberriak, saiakerak eta, noizean behin, haur literatura. Honako honetan Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin bilduma berria dakarkigu hogeita hamar bat testurekin, arinak eta dibertigarriak gehienak, hunkigarriagoak batzuk, metaliterarioagoak besteak. Zalduak emandako ordenari jarraitu diot nik, baina narrazio hauek saltoka irakur ditzakegu arazorik gabe, ez baitago, ipuin batetik bestera, ezinbestekoa den haririk, nahitaezko loturarik; banan banan ondo doaz. Literatura bizitza arruntaren errealitatean esaten ez diren gauzak azpimarratzeko, mahai gainean jartzeko, balio dio Zalduari, eta hori ondo antzeman daiteke hautatutako izenburuaren zentzuaren atzean (argi dago titulu erakargarriak jartzen badakiela Zalduak, gogoan izan bestela honen aurrekoa, Idazten ari dela idazten duen idazlea liburuarena). Ipuin zaharragoren bat berreskuratu badu ere, nagusiki azken lau urteetan idatzitakoak bildu ditu. Sekretuak ez ezik, badaude beste gauza ikustezin asko ere, gure egunerokotasuneko kezka eta buruhauste orokorrenetan, pintzelkada gutxirekin testu hauetan ondo azaltzen direnak; hala nola, euskal gatazkarenak edo teknologia berriekin zerikusia dutenak. Beste alde batetik ere, traumen gainditzearen eta familien disfuntzionaltasunaren inguruan mintzo direnak, edo tabu txikiak eta sekretuen errebelazioen ondoriozko damuetan murgiltzen dihardutenak. Auto-parodiarako lekua badago ere zenbaitetan. Eskuarki, idazlearen zeregina ezinegonaren eszenario ezberdinei espazioa ematea da, ikuspegi kritiko bat ezarriz, errealitatearen azpitik ez dakusaguna adierazgarriagoa egitearren. Autobiografiaren itzala ipuin guztien gainetik dabil lasai, baina, aldi berean, edonorena, guztion itzala, dela antzematen da. Hala ere, distopiarako joera dauka Zalduak, eta Zaborra desagerrarazteko makina (ziurrenik gustokoen dudan ipuina, Kafkianoa delako, ia Buzzatianoa eta Bradburyanoa ere) esanguratsuena da: zenbait zientifikok soberan dagoen zaborraren pilaketari soluzioa jartzen diote etorkizunera bidaliz. Sarrera hobeezina dauka gainera: “Eztabaida askoren ostean, eta proposatutako bide guztiak aztertu eta, hurrenez hurren, baztertu eta gero, konponbidea gutxien espero zen lekutik iritsi zen, Euskal Herriko unibertsitatetik, hain zuzen ere: zehazki, bere Fisika Aplikatua II sailetik”. Quim Monzó eta Sergi Pàmies datozkit gogora Zalduaren literaturaren bitartez. Ironiari eta zentzugabetasunari gogor eutsiz Zalduak bere betiko ardurak eta motibazioak berreskuratzen dituelako Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak liburuak bere literaturgintzan jarraiera zentzuduna suposatzen du. Wikipedia eguneratzen, Tamagotchi, Denbora-lerroa eta Kolonizazia ipuinak horren adibide dira.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez