kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zu entzuteko gaude / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2018

Entzuteko gaude Joannes Jauregi / Berria, 2018-09-30

Xabier Mendigurenek maiatz aldera kaleratu zuen Zu entzuteko gaude, liburu bat triptiko gisa aurkeztua, zaintzaren gaiak ardaztua eta, ondorioz, fuerte iltzatua gaur egungo gizartearen muineko zenbait arazotan. Nabaria baita egilea propio saiatu dela gai horri ausart heltzen eta berorren hainbat hari-mutur josten hiru ipuinotako protagonisten azalean. Hargatik ere, irudipena dut joskera hori ez dela nahi bezain zehatza; luze eta mantsoegiak dira puntuak, eta oihalaren bestaldetik ere nabaritzen direnetakoak, gainera.

Lehen ipuinean, zeinak liburuaren erdia hartzen baitu gutxi gorabehera, kontatzen zaigu zer-nolako eragina are, zama duen protagonistaren unibertsitate garaiko maitasun istorio batek etorkizuneko erabaki ezinago inportante batean. Bigarrenean, Neguko hondartzak izenekoan, protagonistaren dolu prozesu baten berri ematen zaigu, agertoki eta aldi berean metafora den neguko hondartzaren bitartez. Azkenean, Zu entzuteko gaude ipuinean, besteren penak entzuten lan egiten duen norbaiten barne sorgortasuna kontatzen zaigu. Horrekin guztiarekin, lehen begiratuan behintzat, badirudi triptiko honen mamiak sekulako lursaila ematen duela pertsonaiak eta zaintzaren gaia lasai eta sakon goldatzeko; pena da, hortaz, desengainua hartzea. Lehen ipuina mukuru dago klixez eta estereotipoz, bai istorioan, bai pertsonaietan bertan, eta nago klixe horiek, ipuina aberastu beharrean, traba egiten diotela pertsonaien garapenari, eta istorioa bera eskematizatzen dutela. Bigarren ipuinean, aurrekoaz konturatu eta atzera egin nahian bezala, egileak joko metaforikoetan murgiltzeko keinua egiten digu —hondartzak eta galgoak eta Simone de Beauvoir—, baina joko horiek ere pobretu xamarrik geratzen dira, iradoki ordez esplizituki azaldu beharraren beharraz. Hirugarrenari dagokionez, bada paragrafo bereziki gogoangarri bat —94. orriko azkena—, benetan ona, non ipuinak —are, liburuak berak— goia jotzen duen; tamalez, isolatu xamar geratzen da, galduta bezala, aski berdinik sartzen den ipuin baten erdian.

Edonola ere, hiru pertsonaia nagusien garapen eskasa bada, nik uste, beste zerbaiten sintoma, liburu honen aziertoez eta hutsez harago. Izan ere, nabaria eta txalogarria da egileak kontuan hartzea genero ikuspegia, eta betaurreko moreak propio jantziak egotea hiru protagonistak lantzeko orduan. Baina zalantza dut, hain justu, ikuspuntu hori ez ote dagoen propioegi txertatua, baldar-antzo. Zeren hiru emakumezko protagonista baititugu, eta hirurak dira pertsonaia gutxi landuak, klixez beteak edo lau-lau utziak; baliteke kasualitatea izatea, baina uste dut horrek baduela zerikusirik agian genero perspektiba bortxatu izanarekin, funtsean ez baita lortzen, nik uste, begirada maskulinoa eranztea; hortaz, kontakizunak azalean geratzen dira ezinbestean. Betaurreko moreekin idazteak ez du zertan narrazioa kaskartu, noski, baina sentsazioa dut gizonezko idazle ugariri —betaurreko moreak janzten saiatzen diren ugariri, behintzat— horixe gertatzen zaiela; seinale, inondik ere, badugula oraindik zer ikasi, zer irakurri, zer entzun.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak