kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Lurra sustraietatik orri / Askoren artean / HEA, 2018

Lau elementuetarik Igor Estankona / Deia, 2018-09-15

Herrijeri Emon Arnasa elkarteak urterik urte dakar Bizkaiko kostaldera —hain literarioa den Eako urbazterrera— poesia apur bat, gogoetarako aukera bat. Gero Erramun Landak ilustraturik argitaratu ohi ditu harribitxi zenbait, Zaldiarri izeneko bilduman, ahaztu ez dadin poesia amiñi hori, ahaztu ez daitezen gogoetak utzitako printzak. Argitalpenotan kondentsaturik geratzen da Eako egotaldiaren intentsitatea, hango musika, lagunartea, patxada.

Aipatutako Zaldiarri bilduma horretako 9. zenbakia lurrari eskaini diote, zentzu zabalean eskaini ere: “Lurraren gaiaren inguruan goatzera eta pentsatzera etorri zarete aurten Eako Poesia Egunetara, eta bururatu zaigu gaurko gure poeta zenbaiten ideiak eta doinuak ekartzea liburuxka honetara, gogoratu gaitezen azken urteotan nora mintzatu diren oraintxe baino lehen lurra gaiari buruz”. Izan ere, 2018ko Eako Poesia Egunek ardatz izan zuten lurra, lur okupatua, lur emankorra, lurraldea. Gaia zabala eta malgua izan zen, eta zabalak eta malguak dira liburu honen irakurketa posibleak ere. Gabriel Arestik ere Ean zeukan etxea, hark idatzia da lurra estali dela etxez eta gizonez, leku batetik bestera jendea eroateko makinez, bizioz eta pekatuz.

Bada, 1966ko Joxe Azurmendiren hitzetatik —“Pobreek lurrik balute…”— eta poesia aski sozial batetik, non aitaren etxearen aurriak baitziren lur bakar, igaro gaitezke 2017ko Martxel Mariskalen Eter euria surrealistara, eta atsegin hartu lurraren geruza guztiekin, har ditzakeen esanahiekin. Mari Luz Estebanen poeman lurrin bat da, gorputz bat burutik ihes egin duena: “Une horretantxe intimitateak berarekin jada ez dagoenaren izena darama”.

Hagitz dut gozatu ikusirik zelan Bizkaiko kostako jende honek bihurtu duen itsasoa lur, eta lurra ur, eta ohoratu nau jakiteak nire poema bat ere sartu dutela antologian.

Eta Castillo Suarezek dio bere fineziarekin: “Ez dut balio arrangura isilean eramateko: zure etxerako bidea hartuko dut”.

Lizardiren ene lur nerea, Euskal Herria bera da batzuetan lurra antologia honetan, nahiz hankapean hareak bezala daukan orain itxura jakin bat, orain ametsaren eitea. Horra Sarrionandiaren galdera bera ere: “Baina, itzultzen dena/ abiatu zeneko lekura itzultzen da ala?”.

Beste batzuetan lurra ez da aberri bat, ez dago zeruaren azpian ere: “ez dut neure larrua eta hezurrak/ beste lurrik behar” (Jose Luis Otamendi, 2007). Lauaxetak ere badauka: “Gogoa doa zeru argira, gorputza lur illunera”. Lurra izan da heriotza, lurra izan da patua, gure agurra eta itzulera ezerezera. Liburuko poema askotan lurra bera ere ez da ageri zuzenean, inplizituki dator esana. Horregatik era guztietako ikuspuntuak eta tonuak eta estiloak eta eiteak kausituko ditu irakurleak. Deskripziotik filosofiara, kontzeptua literalki hartua da pieza batzuetan, metaforikoa da esanahia beste hainbatetan: “Eta lurralde promestura iristea berantetsi/ behar izaten delako/ (…)/ gerrarik barik laztanez lekuz aldarazteko/ lepoaren geografian diren nazioen muga-marrak/ (Oi lepoan diren nazioak!: Garondoa, Sorbaldak,/ Lepagainak/ Ilargi Hordien Harana/ (…)” (Omar Nabarro, 2010).

Lurra. Ez nekien nik hainbesterako emango zutenik liburu honetara lur-aldatutako poema hauek guztiek, Eakoek erreskatatuak. Zeruan bezala sentitu naiz, nahiz lurrean.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak