kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Otto Pette / Anjel Lertxundi / Alberdania, 1994

Otto Pette Aritz Gorrotxategi / El Correo, 2018-07-14

1996an irakurri nuen lehen aldiz “Otto Pette”, ordurako, eta ia-ia argitaratu zenetik, klasiko bihurtutako liburua. Ez dut ezer berririk aitortuko liluratuta bezain txundituta geratu nintzela esaten badut. Liburua, edonondik begiratuta ere, mugarriz betea dago: hizkera, egitura, giroa (alegiazko Erdi Aro hori), gogoeta maila, intriga… Umberto Ecoren itzal luzea suma daiteke liburuan, baina baita Mujica Lainezen “Bomarzo” edota Yourcenarren “Opus nigrum”en lorratza ere. Irakurle amorratu batek liburu bati eska diezaiokeen guztia dauka “Otto Pette”k. Lau saihetsetatik asebetetzen zaituen liburu horietakoa baita, agortzen ez den horietakoa, gogoan betiko iltzatua geratzen zaizun horietakoa. Idazmolde berri bat ekarri zuena. Berez, 1994an eman zuen argitara orduan sortu berria zen Alberdania argitaletxean. Irakurle, literatur kritikari, irakasle eta abarren oniritzia jaso du ordutik hona, baina susmoa dut, hala ere, aipatu bezain gutxi irakurria izan dela liburua. Hainbatentzat Everesten pareko zerbait da, oxigenoarekin igo beharrekoa; Joyceren “Ulises”aren moduko zerbait. Nolanahi ere, zailtasunak zailtasun, pertsona eta gizarte bezala aberatsago egiten gaituen liburua da Lertxundirena.

Gogoan dut euskal filologia ikasitako nire anaiak akuilatuta irakurri nuela. Hogeita gutxi urte nituen artean. 1993an Juan Garziaren “Itzalen itzal”ekin hasiera eman zion Alberdaniak narrazio sailari. Azken hori eta “Otto Pette” prozesu eta garai beraren konplize edo anai-arreba bihurtu dira ezinbestean. Gutxitan sentitu dut orduan sentitu nuen txundidura maila. Lertxundiren “Tobacco days” eta “Hamaseigarrenean aidanez” irakurriak nituen eskola garaian. “Otto Pette” irakurtzean, ordea, oso bestelako sentsazioa izan nuen. Goi mailako literatura irakurtzen ari nintzen inondik ere, euskaraz idatzia, baina edozein hizkuntzatan homologagarria. Euskarazko literaturara zaletu ninduen liburu giltzarrietako bat izan zen. Poesian Lizardirekin izan nuenaren pareko lilura izan zen hura.

Eskolako derrigorrezko irakurketen artean “Leturiaren egunkari ezkutua”, “Egunero hasten delako”, “Haur besoetakoa”, “Harri eta Herri”, “Obabakoak” edota Sarrionandiaren “Narrazioak” irakurri nituen. Lekutan daude orduko eta gaurko derrigorrezko irakurketak. Geroxeago irakurri nituen halaber nigan eragin handia izan zuten Inazio Mujika Iraolaren “Azukrea belazeetan” edo Felipe Juaristiren “Arinago duk haizea, Absalon”. Ordu arte, euskal literatura derrigorrezko gai bat zen eskolan, eta, handik laster, gozamen iturri bihurtu zen. Sarrionandiak ere distira berezia zuen niretzat, ihes egindako presoa zelako baino gehiago, nonahiko erreferentziak erabiltzen zituelako, gure literaturaren muga ustez estuak zabaltzen zituelako. Haren eskutik heldu nintzen egile unibertsal askorengana.

Hogeita bi urte geroago berriro irakurri dut “Otto Pette”, beste behin ere sartu naiz baronetaren eta arrotzaren munduan, Grazibel eta Otto Petteren maitasun istorioan, matxino dexestarren eta izurriteak kutsatutakoen larruan, gatazka hartatik ihes egin nahi duen Errondal margolariaren eta Jonaneren ohean, Aba Yakue jaun eta jabe den katedralean, Battis Tobera itsuaren iruzur eta amarruen biribilean, Julius Probok egin eta Manex Muxelak saltzen zituen egurrezko asmakarien artean… Baina nor da benetan aurpegi oro har ditzakeen arrotz hori, baronetari kontu eske datorkiona? Nolakoa da jendaurrean ikara eragin arren, etxeko bakardadean sentibera eta maitekorra izan daitekeen zaldun beltz hori? Maldan beherako irakurketa izan da oraingoa. Ziur asko, urteei eta ofizioan egindako trebakuntzari esker. Abenturazko liburu bat irakurtzearen parekoa. Hogeita bi urte geroago ordukoak berretsi ditut, maisu-lan baten aurrean gaude. Liburuaren distira ez da itzali, inoiz baino biziagoa da. Badira harro egoteko moduko zenbait klasiko. Horietakoa da “Otto Pette”.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak