kritiken hemeroteka

8.737 kritika

« | »

Tximeletak bizkarrean / Ugaitz Agirre / Susa, 2018

Norberaren historia idazteaz Peru Iparragirre / Berria, 2018-06-24

Ugaitz Agirreren (Usurbil, 1992) estreinako nobela da Tximeletak bizkarrean (Susa, 2018). Tona bat alkohol, tabako eta belaiki, pop kultura, historia hurbilari buruzko lezioak, zapalkuntzak, erresistentziak, iragana eta etorkizuna nahasten dira eleberri honetan. Baina bada gehiago ere: minaren genealogia bat, norberaren historia bizia idatzi eta berridazteari buruzko istorio bat, maitasunaren eta zoriontasunaren nolabaiteko argitze saiakera, sendatze ariketa kontziente bat.

Sara Ballet da eleberriko protagonista, jatorriz Gironellakoa (Katalunia), historia ikasketak Bartzelonan, Dublinen, New Yorken eta Florentzian egina. Lanbidez historia irakaslea da unibertsitatean, Florentzian bertan, eta baita idazlea ere, Heroiaren kaiera izeneko eleberri arrakastatsuaren ostean bigarrenari heldu nahi eta ezinean dabilena. Etxera itzuli beharko da, ordea, eta hor hasiko da Sararen historian atzera eta aurrera egiten duen kontakizuna, Europan eta bere oroitzapenetan zehar bere bizitzaren arrastoen eta askotariko orbainen uberan.

Historiaz eta identitateaz dihardu oro har. Kulturarekin eta literaturarekin lotura estua du kontakizunak, eta etengabe azaleratzen dira askotariko erreferentziak, kontakizunari kohesioa eta zentzua ematen diotenak. Badago, hala ere, interesgarria iruditu zaidan hutsune bat: hizkuntzarena. Eta agian ez du izango berebiziko garrantzirik, baina historia zein hizkuntzatan idazten den ere ez zait iruditzen alferreko auzia. Liburuaren hasieran italierazko hitz solteak ageri dira, argi gera bedi non kokatzen den narrazioa. Liburuan aurrera egin ahala galtzen da hori guztia. Hizkuntza desagertzen da, nolabait. Heroiaren kaiera liburua zein hizkuntzatan idatzia dagoen ez da esaten, adibidez, baina editorearen izena italiarra da. Identitatearen zati interesgarri bat da hizkuntzarena, eta Sara Balletek askatzeko korapilo handiagoak dituen arren, hori ukitu ere ez du egiten nobelak.

Arraroa egin zait, azkenean liburuei buruzko liburu bat ere badelako nobela hau, geografian eta denbora-lerroan zabaltzen den bezainbeste zabaltzen direlako hari narratiboak bestelako testuetan zehar ere. Izan fikziozko liburuak edo egiazko historia eskuliburuak, narrazioek berebiziko garrantzia dute Sararen minaren genealogian eta sendatzean. Bere “autobiografia” idatzi behar duela erabakitzen du Sarak, bere bizitza, bere iragana ulertuko baditu. Ez da debaldeko ariketa, memoria biziari zentzua eta irtenbidea emateko saiakera da.

Trama konplexua da, eta nabari da idazlearen lana, xehetasunak eman eta aldi berean iradokitzailea izateko gai baita. Exekuzioak ez nau hainbeste konbentzitu, ordea. Liburuan sartu ahala abiada hartzen du istorioak eta gustura irakurri dut tarteko zatirik handiena, baina amaiera aldera hartzen duen norabideak frustratu nau, fantasiaren bidezidorretik kontakizunari irtenbide bat ematen diola iruditu baitzait, edo sentsazio hori izan dut, behintzat. Oro har gorabeheratsua iruditu zait nobela, idazkerari dagokionez. Badaude benetan bikainak iruditu zaizkidan pasarte batzuk, ausartak eta ongi eginak, eta beste batzuk azalekoak, utziagoak iruditu zaizkit. Nobelaren konplexutasun agerikoarekin alderatuta, akats gramatikalen ugaritasunak ere harritu nau.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak