kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Epailea eta haren borreroa / Friedrich Dürrenmatt (Idoia Santamaria) / Erein / Igela, 2018

Ehiztaria ehizatzen Aiora Sampedro / Berria, 2018-06-03

Friedrich Dürrenmatt suitzarraren Epailea eta haren borreroa argitaratu dute berriki Erein eta Igela argitaletxeek. Literatura Unibertsaleko sailean argitaratu dute, eta Idoia Santamaria Urkaregik egin du itzulpena. Epaileez eta borreroez ari den nobela beltzak generoaren jatorrizko moldeetara eramaten du irakurlea izenburutik bertatik, botere-harremanei erreferentzia eginez.

Gaur egungo fikzioan, nobela beltzak lekukoa pasatu dio thrillerrari, politikaren barrunbeak erakusteko: zenbaitetan ironiaz, giro makiaveliko kitsch bat irudikatzen dute. Agian horregatik, gaurko kontaketa beltzetan edo poliziakoetan ia desagertua da giro politikoaren kritika, beste fikziozko genero batzuek hartua dietelako establishment-aren kritikarekiko monopolioa. Hala ere, thriller politikoek politikarien azpikeriak agerian jartzen dituzten garai hauetan, onartu behar dut zenbaitetan XX. mende hasierako nobela beltzetan marrazten zen giro hitsaren falta sentitzen dudala, gaur egungo fikzioak era askoz gordinagoan marrazten duena. Hutsune hori betetzeko balio izan dit nobela honek: suitzarrak maisuki irudikatzen du burgesia, botere-legegilea eta botere politikoa gurutzatzen direnean esperantza oro galarazteko duten ahalmena.

Aurrekoari loturik, Santamariak idatzitako hitzaurrean Durrenmattek nobela beltza idazteko izan zuen motibazioa azaltzen da, eta nabarmentzen du Europako topiko politikoak hausteko egiten duen ahalegina balioztatzekoa dela.

Hitzaurrean, artista suitzarraren idazketa-jarduna azaltzeaz gain, nobela irakurtzeko gakoak ematen dira. Antzerkigile gisa Brechtekin konparatu den idazle honek “ongiaren eta gaizkiaren arteko muga lausoa” erakutsi nahi du, Santamariaren hitzetan. Hitzaurre zabala eskaini dio lanari, idazlearen maisutasuna azpimarratuz; hitzaurreak ez du, hala ere, irakurlearen esperientzia mugatuko, Durrenmatt abila baita testuan irakurleak betetzeko hutsuneak uzten. Bide batez, hitzaurreak beren-beregi irakurketako zenbait alderdi zehazten baditu ere, beste bide batzuk zabaltzen ditu; izan ere, ez da irakurketa-gida hutsean geratzen, eta nobelaren inguruko testuak ezagutzeko ere balio du.

Iruditzen zait nobela ulertzeko beste datu esanguratsu bat izan daitekeela suitzarrak lana enkarguz idatzi zuela, eta gero egunkari batean atalka agertuz joan zela. Horrek irakurketa esperientzia xelebre bilakatzen du nobela hau; izan ere, kapitulu batetik bestera errepikatzen diren irudiak eraikitzeko duen maisutasunak trama zimendu egonkorren gainean aurreratzeko aukera ematen dio idazleari, irakurleak haririk galdu gabe kontaketaren gaineko iruditegi oso bat eraiki dezan ahalbidetuz.

Amaieran, generoari dagokion bezala, tramari aurreikusi gabeko bira bat emango zaio, irakurlea harrituko du, eta traidorearen eta heroiaren arteko nahastea eragingo du. Egia esan, azken maniobra iruditu zait nobelaren alderdirik ahulena, entretenimenduzko irakurketaren gustu gazi-gozoa utzi didana.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak