kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Bioklik / Asel Luzarraga / Elkar, 2018

Gaur erein, bihar jaso Iratxe Esparza / Gara, 2018-06-02

Asel Luzarragaren azken liburuko protagonistak biodemokrazia sistema politiko fikziozkoan bizi dira; esate baterako, telebistako biokateak soilik ikusten dituzte, biopantailen bidez komunikatzen dira, biozorrotik ordaintzen dute edo pertsonen biofitxez baliatzen dira biztanleria manipulatzeko. Hola azalduta eta “bio” aurrizkia kenduta, gaur egungo gizartea deskribatzen ari naizela irudi lezake; alabaina, eleberria 2044. urteko Bilbon girotuta dago eta sortutako gizarte distopikoa maila globalean hedatzen da; beraz, etorkizun hurbileko begiradatik zientzia fikzioaren barruan eta bizimodu desitxuratu batean sartzen gara.

Idazleak mota honetako testuek lortu nahi duten efektua lortzen du, nahiz eta neure buruari galdetzen diodan asmatutako distopiak dagoeneko harrapatu ote gaituen. Ezaguna da segurtasuna bermatzeko aitzakiarekin herritar askok bideo-zaintza pozez hartzen dutela edo gero eta gutxiago direla komunikabideek emandako gizateriaren pairamenei buruzko berri eta irudiak. Izan ere, “Bioklik”-en ez dugu gosez hiltzen den jenderik eta egun irekitako nekropolitikaren bidea burututa dago jadanik; gauzak horrela, balizko gizartean aberatsak, burgesak eta gogor lan egiten dutenak besterik ez ditugu topatuko.

Eleberriaren hasieran aurkezten den familia eredua zaharkitua dago. Txetxu, aita, mekanikoa da eta, ondorioz, maila baxuko hiritarra; Nere, ama, enpresa bateko buru nagusietariko bat da, zorrotza eta lanagatik dena prest emateko dagoena; Aiora, alaba nagusia, Politika Zientziak ikasten ari da, arduratsua, azkarra, sisteman bete-betean sinesten duena; Naomi, alaba txikia, menderakaitza da eta gizartearen alienazioaz kontzientea; azkenik, Xabier, seme nerabea, erdigunean dago eta sistemak markatzen dituen arau makillatuen sarean erortzen doa. Pertsonaiak oso garatuta daude, gizarteko esparru desberdinen isla dira eta aurkako jokoa ondo islatzen dute, hori bai, agintariek uzten dieten parametroetatik atera ezinik.

Batetik, Nere eta Aiora daude, eraikitako biodemokraziaren onuren defendatzaile sutsuak; Txetxuk eta Naomik, berriz, kolokan jartzen dituzte arauak. Txetxu langileak garai bateko klase-borrokaren nostalgia dauka; Naomik matxinatu egin nahi du, eremu guztietan sistemaren kontrako desadostasunak erakutsiz. Trama nagusian, Nere hiltzen dute etxeko bulegoan eta, Txetxu atxilotu ostean, protagonistek oinarrizko eskubideak galtzen dituzte beti sistemaren komenentziaren alde. Zorionez, erresistentzia irlak daude bidean, utopia ere distopiari kontrajarriz; horiek itxaropen eremuak eta arnas tokiak osatzen dituzte.

Interesgarriak dira eleberrian dauden narrazio mailak, laurak neurri ezberdinetan landuta eta dosifikatuta. Lehenengo mailan aipatu berri dudan istorioaren kontakizuna dago, familiaren nondik norakoak, erailketatik Txetxuren telebistako-epairaino. Hasieratik azken orriraino misterioa zabaldu eta tentsioa mantentzen da. Hala ere, iradokitzaileagoak iruditu zaizkit beste hiru mailetan irakurri ditudanak, istorio nagusian testua astuntzen eta moteltzen duten pasarte ugari baitaude, sarritan neurriz gainekoak. Bigarren mailan, familiaren bizipenak arakatzen eta idazten ari den txostengilearen narrazioa dago, berebiziko testigantza, berari esker gertaeren berri baitugu. Hirugarren harian, Txetxu Urrutik kartzelatik bidaltzen dituen gutunak edo testuak daude, pertsonaia honen garapenaz ohartzeko oso garrantzitsuak direnak; eta, laugarrenik, zenbait liburutatik txostengileak aukeratzen dituen adituen pasarteak irakur ditzakegu, gizarte distopikoaren ezaugarriak eta helburuak argitzeko baliagarriak; etorkizuneko mundu perfektua mozorrotuta.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak