kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Poesia kaiera / Dylan Thomas (Iker Alvarez) / Susa, 2017

Azkar eta ilun Alex Uriarte Atxikallende / Gara, 2018-06-02

Robert Zimmermanek Dylan Thomas poetarekiko sentitzen zuen ikusmiragatik hautatu omen zuen Bob Dylan izen artistikoa. Hori dio mitoak. Egia esan, horrelakoak, azkarrak dira Dylan Thomas zenaren berbak: iheskor, lotsati eta, batez ere, azkar. Hala bizi izan zen Thomas: azkar eta biharamunekoari erreparatu barik.

Hitz higatu zein benetako horiek, halaber, ardatz nagusi bitan daude gorpuztuta —testuetako langaiei dagokienez—: batetik, bizitza eta heriotza eskutik joatearen ziurtasuna; bestetik, ostera, sorkuntzaren zein suntsiduraren arteko harreman zuzen bezain derrigorrezkoa. Zutabe potolo horiez gain, baina, hirugarren zehar-gai bat ere gehitu gura luke irakurle honek: jainkoa nolabait aurkitzeko prozesu latza; bilakabide horretan, bederen, tankera askotako kontraesanekin egin zuen topo Thomasek eta, nire ustez, ez zuen jo bila zebilen helmuga edo enuntziatario desiratu harekin.

Azkar datoz berbak, esan legez, Thomasen eskutik; hasieran iluntasuna darie bere testuei. Izan ere, berbek organismo autonomoak dirudite, kaosean eta itzaletan murgildurik, inongo loturarik gabe. Modu horretan, egiteko gaitza da berbok lotzen dituen erreferentearekin jotzea (neronek, behintzat, ez dut jo oraindino), arkitektura berbala dirudien testuinguru poetiko horretan.

Thomasek, Iker Alvarezek txukun landutako kaier honetan, bizitza jaiotzen eta heriotzen joan-etorriek markatutako prozesua legez ulertzen du eta, prozesu horren enuntziatzailea Kristo dela deritzo. Bidenabar, jaiotza/heriotza prozesuez mintzatzean, ez dabil soilik gizakiaren ereduaren gainean; naturari dagokionez ere, Thomasek prozesu kutsua kausitzen du, bikain errepresentatzen dituen hamaika elementutan, esaterako, urtaroak, izadiko animaliak (txepetxa, oiloa…) zein bestelako elementu naturalak (sua, lurra, izarrak, basetxeak, artadiak, eta abar oparo bat); azkar kontatzen ditu, itzulera txartelik gabeko bidaia balitz bezala; azkar, ilun eta kamuts, prozesu baten gisan, hots, bizitza den prozesua bezala. Prozesuen, azkartasunaren, bat-batekotasunaren eta kontrajartzeen dialektika horrek ez du eragiten Thomasen estiloan gaien aldetik bakarrik; eragina hain da pisutsua, non galestarraren eraikuntza poetiko osoa dialektika horretantxe zuztartzen den. Ezingo dugu jakin dialektika horri erreparatzeko modua alkoholarekin izandako harreman estuaren kausaz sortua ote den, baina badakiguna zera da, inork gutxik dituela marraztu izadia, jaiotza eta heriotza edo jainkoaren irudia Thomasek bezala. “Imajinen dialektika” izenez bataia daiteke ikusmolde hau, mundua —bai fisikoa, bai sinbolikoa— imajinaz imajina planteatzen duelako, Jainkoaren irudi baldintzatzailea medio; hori bai, tristezia eta bakardadea moduko gaietara heltzean, dialektika hau xehatua edo zehatzago aplikatua ageri da, ezin jakin modu kontzientean ala ez.

Amaieran ez da hasierako Thomas zorrotz eta iluna; idazkerak azkarra izaten jarraitzen du, baina iraganaren paradisu betiko joanak, inozentzia edo nostalgia agertzen dira eta dialektika hori ahuldua dakusagu. Kontzeptualismorako joerarekin batera, edanarekiko dependentziak eta bere burua trenbidera botatzeko bulkadak gero eta handiagoak dirudite.

Ustekabeko amaierak, suspenseak, erritmo narratiboaren kadentzia aldaketek eta kontrajarritako imajinen joan-etorriak errotzen dute Dylan Thomasen lana; irakurlea bere bizitzan barrena darama, azkar, odola zainetan balitz bezala. Horrelaxe joan zen mundu honetatik Swansea-ko gizon arlote, hordi eta ahots lehorreko hura: azkar, oso azkar, eta ilun.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak