kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Ohe hutsetan / Izaskun Gracia Quintana / Balea Zuria, 2018

Hitzak argi-ilunari Peru Iparragirre / Berria, 2018-05-27

Definizio batekin hasten da Izaskun Gracia Quintanaren (Bilbo, 1977) Ohe hutsetan poema-bilduma (Balea zuria, 2018): Ohe hitzarena. Lehen ohe horretan pilatzen dira datozen hitzak, lerroak eta orriak, hasierako ohe hutsak gainezka egiteraino. Pentsakor utzi nau liburuak. Pentsamendu-aleak iruditu zaizkit poemok, poetaren introspekzioaren emaitza, baina irakurlearentzat beste dimentsio bat har dezaketenak. Ez dira gogoeta antzuak bilduma honetakoak, pentsamendua baitakar pentsamenduak.

Ez zuen alferrik esan liburuaren aurkezpenean Aritz Gorrotxategi editoreak Graciak ahots propio eta ezohikoa garatu duela. Poemez aparteko egiturarik ez du liburuak, baina batasuna ematen dio bilbotarraren poetikak. Nabari da ez dela egilearen lehen lana; ikuspegi argi batekin bildutako poemak iruditu zaizkit, eta ez dut faltan edo sobran sentitu testurik. Neurriz laburrak dira poemak, beren baitan bilduak kasik, bere espazioa du bakoitzak. Poema batetik bestera errepikatzen diren irudi eta sentsazioek, halere, irakurketa jarraituan zentzu osoagoa hartzen dute. Testu bakoitza gogoeta bat bezala ulertu daiteke, baina ez gogoeta amaitu bezala, prozesu baten baitako arrazoiketa bezala baino.

Poemak irakurri ahala Antonio Gramscirena delakoan han eta hemen irakurritako aipu baten oihartzuna etorri zait gogora. Honela dio, gutxi gorabeherako itzulpenean: “Mundu zaharra hilzorian dago, mundu berria ez da ageri oraindik eta argi-ilun horretan sortzen dira munstroak”. Badu argi-ilunetik liburu honek, eta argi-ilun horretan sortzen diren munstroak ere ez dira falta. Kasu honetan, iragana da mundu zaharra poetaren baitan, etorkizuna mundu berria. Krisi hori hitzez ageri zaigu, poema batetik bestera. Ez dago ziurtasun absoluturik, baina ezta isiltasun derrotaturik ere. Hitza eta existentzia gailentzen zaizkio, iruditu zait, zalantza etsiari. Hotsak (hitzak) eta isiltasunak kontrajartzen dira, presentziak eta absentziak, eta tentsio horrek zeharkatzen du liburua

Liburuaren gaietako bat da identitatea, deserrotzearekin eta doluarekin lotutakoa gehienbat. Bakardadea, distantzia, desamodioa dira aipagai, eta baita zenbait ohe huts ere. Ez da, baina, leku edo izenik esplizitatzen poemetan. Testuek ez dute ez hizki larririk ezta puntuazio markarik ere; ez dute, ordea, halakorik eskatzen. Horregatik, agian, ez dagoelako erreferentzia konkretu edo espliziturik, poetak irakurleari ematen dionik, behintzat, poemek hartzen dute dimentsio abstraktuago bat, urrunago bat. Distantzia hori, aldiz, segituan laburtzen da testuan gehiago barneratuz gero. Poema oso iradokitzaileak dira, irudi indartsuz jantziak gehienak, imajinazioaren eta arrazoiketaren pizgarri.

Liburu xumea da, pirotekniarik eta pretentsiorik gabea, baina mundu bat eskaintzen dio irakurleari; mundu ezegonkor bat, zalantza mundu bat, baina baita zalantza horren aurrean bizitzen irauteko tresnak ere: hitzak. Honela dio poemetako batek: “bizitzaren poderioz/ galtzen ditugu denbora/ eta kemena/ ahaztu nahi dugun guztia/ ez gogoratzen saiatzen garen bitartean/ egiak bere burua ezagutzera eman/ eta setiatzen gaituen bakoitzean”. Ez dakit egiaren setiotzat har daitezkeen poema hauek ere, baina, kurioski, argi-ilunari aurre egiteko denbora eta kemena topatu ditut poemotan.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak