« Identitateak gaindituz | Eguzki berdeak eta leku inposibleak »
Emakume burugabea / Antxiñe Mendizabal Aranburu / Elkar, 2018
Sustraiak eteteaz Aiora Sampedro / Berria, 2018-05-20
Liburu bat hasten dudanean arkatza eta oharretarako orria prest izaten ditut irakurri ahala etorritako burutazioak zerrendatzeko, gero horietako zenbait aukeratu, eta testuaren hari batzuk erakusteko asmoz. Baina hemen iruzkindutakoa testu berezia da, ipuin modura kontatutako poema batek osatutako liburua, hain zuzen. Ez dut koadernorik erabili gaurkoan, bada. Eta kontuak zer diren, idazten hasi arte ezin imajinatu zerrenda modura etorriko zirela burutazioak; lagin gisa doaz datozen lerroetan poema irakurri ondotik bururatu zaizkidanak: natura, bizitza, gorputza, askatasuna.
Orain arte Haur eta Gazte Literaturan aritu badira ere, Elkarren eskutik Antxiñe Mendizabalek eta Iraia Okinak helduentzako poema-ipuindua (ipuin-poematua?) argitaratu dute. Artefaktu erakargarria lehen begiratuan; emakume baten gorputz-enborrean gora igotzen dira zuztarrak, emakumeaz jabetuz. Azaleko irudi horrek eta testuko hitz batek laburtuko lukete liburuaren zentzua hobekien: andramina.
Ipuin batean bezala banatutako poeman, emakume baten biziberritzea kontatzen da; Anari abeslariaren hitzak ekarriz, bere buruaz beste bat egiteko bidea kontatzen da. Metaforaz blaitutako testua ekarri du Mendizabalek, eta paradoxaz eta polisemiaz baliatzen da paralelismoak egiteko: “Emazte guztiz ahaltsu, bere buruaz gabetzen da”. Konparazioak josiz, anbiguotasuna da nagusi testu sinbolikoan.
Bestalde, behin baino gehiagotan agertzen dira haitzuloak, eta kobazulo batean nola, hitzen oihartzunek garai mitiko batera garamatzate. Gizakia eta animalia bat ziren garaira. Bidaiak ibilbide zirkularra du, gainera; gaur egungo emakumeak, bizi berri bat hastekotan, historian atzera egiten baitu, hemen eta orain bizi berri bati ekiteko. Eta bidean, euskal tradizioari ere zenbait sastakada ematen dizkio.
Alderdi grafikoari dagokionez, Oikinaren marrazkiek ezin hobeto irudikatzen dituzte hitzak. Adreiluarekin hasten den liburua, adreiluarekin amaitzen da, tartean, zuhaitzak eta sustraiak igaroz. Latzak dira, bide batez, emakumearen irudikapenari lotutako koloreak; pasioa eta garraztasuna gehitzen diotela iruditu zait. Era ia sinestesikoan funtzionatzen dute testuarekiko.
Sustraiak mantentzearen beharraz mintzatu ohi gara askotan, eta hemen, kontraposizioan, sustraietatik erauzteko bidea ere gogorra begitantzen da, ahalegin behartua bada ere. Horra beste paradoxa bat. Aipatutako guztiak testu mardula bihurtzen du. Nahiz eta poema bakarrarekin atondutako liburua izan, irakurketa sakona egiten zaio irakurleari, baina ez, haatik, zaila.
Eta honela jarraitu genezake, lerroak idazten, irakurtzen dudan bakoitzean poemaren konnotazioak areagotzen direla iruditzen zaidalako, baina testua bihitzeko arriskua saihestu beharko; hobe irakurleak berak deskubritzea nora eraman dezaketen poema honen bideek.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi